Debatik Zumaiara oinez eta itsasontziz itzultzea: Flyscharen Ibilbidea zeharkatzeko modurik ikusgarriena

2026-04-01

Debatik Zumaiara oinez eta itsasontziz itzultzea: Flyscharen Ibilbidea zeharkatzeko modurik ikusgarriena

Lagun talde bat mendi-ibiliak egiteko plan ezberdin baten bila ari ginen, eta Geoparkearen proposamena ezin hobea iruditu zitzaigun: Flyscharen Ibilbidetik gure erritmora ibiltzea eta ondoren itsasontziz abiapuntura itzultzea, euskal kostaldeko historia geologikoa eta natura deskubritzen genituen bitartean.

14 km dira, 650 metroko desnibela dute, ibiltzera ohituta dagoen edozeinentzako ibilbide eskuragarria. Gipuzkoa inguratzen duen GR-121 bidexkaren zati da. Marka gorri eta zuriekin seinaleztatuta dago eta ez du galerarik. Hain ondo seinaleztatuta dagoenez, askatasun osoa izan genuen ibilaldiaren erritmoa erabakitzeko, hainbat geldialdi eginez argazkiak egiteko, ikuspegiak begiratoki desberdinetatik behatzeko eta etenaldiak eginez harkaitz-formazioak, kalak eta bidean aurkitzen ari ginen guztia ikusteko.

Gure kasuan, Debatik Zumaiarako bidea egitea aukeratu genuen, baina kontrako noranzkoan ere egin daiteke. Trenez iritsi ginen Debara, motxila soinean, ogitartekoak eta fruta prest, eta ura ahaztu gabe. Ibilbidearen abiapuntua herriko alde zaharrean kokatzen da, panel handi baten parean. Hortik, ibilbideak ez du galerarik.

Hauek izan ziren gehien harritu gintuzten bost uneak:

1. Santa Katalina ermita

Santa Katalina ermitara iristean, asko harritu gintuen lekuak: ermita txikia, kostaldera begira dagoen panel panoramikoa, eta zirkulu bat osatzen duten eta gure arreta mendira bideratzen duten harrizko blokeak. Akelarre edo cromlech bat ekarri zigun leku magikoa. Panel gutxi batzuekin oso ondo ulertzen da nola eratu den geoparkearen paisaia bakoitza, kostaldekoa zein barrualdekoa, 360º-ko begiratoki bat baitago.

2. Aitzuriko lurmuturra eta haitzuloak

Baso bat igaro ondoren, Aitzuriko lurmuturra agertu zen gure begien aurrean, itsaso parean altxatzen den beix koloreko muino ikaragarria, zeinaren oinarrian bi haitzulo irekitzen diren. Haitz-formazio horren altuerari esker, haitzuloak 15 metro inguru izatera irits daitezkeela ikus daiteke. Ez dago bertara sartzerik, baina bidezidorretik dagoen ikuspegia ikaragarria da, eta itsasotik dlor daitekeena, are latzagoa.

3. Mendatagainako begiratokia

Aitzuriko haitzuloetatik igaro eta lurmuturraren gailurrera iritsi ondoren, 200 metro inguruko desbideratze txiki bat dago, kostaldeko begiratoki ikusgarrienetako batera daramana. Puntu horretatik kostaldearen eta itsaslabarren zati handi bat menderatzen da, eta itsasbeheran marearteko zabalgunea agertzen da, itsasoaren higadurak sortutako harkaitzezko plataforma horizontala. Guretzat, gelditzeko, argazkiak egiteko, aire garbia arnasteko eta Sakonetako ikuspegi onenez gozatzeko lekurik onenetakoa izan zen. Handik ikus daitekeenez, itsasoak labarrak higatzen ditu, kostaldea atzeraraziz eta harkaitzean egindako trazadura ikusgarriak begien bistan utziz.

4. Marearteko zabalgunea Sakonetan

Gure bideari jarraitu genion, gora eta behera, eta, Sakoneta itsaslabarren gainetik zeharkatu ondoren, Sakonetaurrea izeneko gune batera iritsi ginen; puntu horretan zero kotara jaisten da (itsasoaren mailara). Han oso ondo zaindutako atsedenleku bat dago, eserleku batzuekin. Atseden hartzeko eta mokadutxorako geldialdi bat egitea erabaki genuen, indarberritzeko asmoz. Botak kendu eta harkaitzetan ibiltzera joatekoere aprobetxatu genuen. Arroken artean ibiltzeak kontu eta trebetasun pixka bat eskatzen du, baina esperientzia ikusgarria izan zen. Urrutian tokiko surflari eskarmentudunak ikusi ahal izan genituen kala arrokatsu honetan sartzen. Labarren ikusgarritasunaz gain, inguru honetako bizimoduak harritu gintuen gehien. Karramarroak, arrain txikiak eta itsas izar bat ere ikusi ahal izan genituen. Putzuak itsas bizitzaz betetako akuario natural txikiak dira, itsasbeheran aurkitzen direnak.

 

5. Itsasontziz itzultzea

Txangoaren eguna Deba eta Zumaia arteko ibilbidea egiten duten Geoparkeako itsasontziekin bat egin zezan aukeratu genuen, itsasaldien arabera programazioa aldatu egiten baita. Urteko programa bat dute, beraz, erraza izan zen kontsultatzea eta txangoa planifikatzea, itsasontziz itzultzearekin bat etor zedin. Itzulerako zeharkaldia apirila/maiatza bitartean egon ohi da eskuragarri, irailaren amaiera arte. Nabigazioan zehar, gidak flyscharen historia geologikoa kontatu zigun, eta horrela ulertu genuen nola eratu zen goizean oinez egin genuen paisaia guztia. Gainera, panel batzuk irakurri genituenez, tokiaren garrantzia hobeto ulertzeko galderak egin ahal izan genizkion.

Txangorako informazio praktikoa: 

Deba-Zumaia oinez:

  • Ibilbidearen iraupena: 5 ordu inguru

  • Distantzia: 14 km

  • Desnibel metatua: 649 m

  • Zailtasuna: ertaina

  • Ibilbide mota: lineala

  • Ibilbidearen tracka: Wikiloc

  • Gomendioak:

    • Eraman ura, ogitartekoak eta oinetako erosoak. Eguzkitako krema eta txapela

    • GR-121eko bideak eta seinaleak errespetatzea. Itsaslabarren oinarrian ez ibiltzea (mareak harrapatuta geratzeko arrisku handia dago eta erreskate asko izan dira inguru horretan).

Zumaia-Deba itsasontziz:

  • Programazioa: apirila/maiatza bitartean, irailaren amaiera arte. Egutegia kontsultatu.

  • Iraupena: ordubete

  • Prezioa: 16,00 € (Haurrak: 10,00 €)

Guretzat plan biribila izan zen: mendi-ibiliak, itsasoa eta geologia konbinatu genituen egun bakar batean. Bikain!