2025-01-07
Debako Santa Maria elizako ataria duela urte asko zeharkatu nuen lehen aldiz, Jordi Savall handia Musika Hamabostaldiaren programa ibiltariaren barruan kontzertu bat ematera etorri zenean. Nire harridurarako, eszenatokia katedralez mozorrotutako eliza honetako klaustroaren txoko batean zegoen. Eszenatoki txiki eta xume haren eta inguruko handitasunaren arteko kontrastea gure aulki tolesgarrien zuraren eta Kataluniako biolagambista bertutetsuaren instrumentuaren artean zegoena bezain zabala zen.
Kontzertu gogoangarri haren ondoren, egunen batean monumentua berriz ere bisitatuko nuela erabaki nuen, denbora eta dedikazio gehiago merezi baitzuen. Urte batzuk igaro ziren, dena esan beharra dago, baina eguna iritsi zen eta bisita gidatu bat egin nuen elizara. Euskal Kostaldeko Geoparkeak taldeentzat antolatzen ditu, urtean zehar. Bisita hartan ikasi nuen gotiko estiloko tenplua Monumentu Nazional izendatu zutela 1931. urtean, eta, kanpotik soila den arren, barrutik oso arkitektura oparoa duela.
Deigarria da, lehenik eta behin, XV. mendean egindako portada polikromatu ikusgarria. Andre Mariaren bizitza irudikatuta dago bertan. Portadako ikonografian hamabi apostoluen irudiak dituen frisoa nabarmentzen da. Frisoak arkibolta gotiko bati eusten dio, non aingeruak, birjinak eta martiriak irudikatzen dituzten eta gortinatxoek bereizita agertzen diren 38 irudi dauden. Tinpanoa hiru zatitan banatuta dago: lehenengoan Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza eta Epifania irudikatuta daude; bigarrenean, Ama Birjinaren Heriotza eta Jasokundea; eta hirugarrenean, Koroatzea. Atea mainel batez banatuta dago eta, bertan, Salbatzailearen irudia dago. Guztiek ongietorria egiten diete bisitariari eta erromesari, izan ere, Donejakue Bidean mugarria da eliza.
Barrualdean, Errenazimentu garaiko hiru nabe handik osatzen dute eraikinaren egitura, bi lerrotan banatutako zortzi zutabek bereizita. Arkitektura errenazentistaren paradigmaren arabera egindako zutabe horiek nerbioz osatutako gurutze-ganga izartuari eusten diote, eta gangaren giltzarrietan irudi geometrikoak edo erlijiosoak ikus daitezke. Ganga horretatik fragata baten maketa zintzilikatzen da. Kostaldeko elizetan ohikoa zen maketa hauek zinoparitzat jartzea, itsasontzia arrisku handiko egoeraren batetik ateratzeagatik eskerrak emateko.
Bisitaldian elizaren alboetan dauden sei kapera barrokoak miretsi daitezke, hiru Ebanjelioaren aldean eta beste hiru Epistolaren aldean. Kapera bakoitza monumentu bat da berez, garaiko nobleek eraiki baitzituzten, hau da, Debako merkatari aberatsen familiek (Irarrazabal, Sasiola, Zubelzu, Agirre eta Andonegiren leinuak). Familia horiek Gaztelako nobleziarekin zuten harremana eta dirutza inbertitu zuten kaperak eraikitzen. Diru hori Debako portuak artilea ontziratzeko izan zuen jarduera handitik zetorren. Zubeltzatarren kapera Euskal Herriko arte gotikoaren erakusgarririk ederrenetakotzat jotzen da. Besteak beste, Debako irulearen kondairari buruzko eszenak dituzten bi beirate daude bertan. Herriko mito erromantikoa da irulearena, Zubelzu leinuko Andra Madalen eta bere alaba Katalintxu dituena protagonista.
Erretaulez eta koruaz gain, aipamen berezia merezi dute elementu modernoagoak, hala nola organoak eta hegoaldeko hormaren goiko aldeko beirateek. Simon Berasaluze maisu debarrak XX. mendean egin zituen beirate beruneztatu hauek. Beirate hauek lanbideekin eta erlijioarekin zerikusia duten gaiak irudikatzen dituzte.
Gure bisitan ere atentzioa eman digu barroko estiloko sakristia handiak, 16 apaizez osatutako parrokiako kabildo baten osoko bilerak hartzen zituena. Bestalde, Debako lehen artxibategia Santa Maria elizaren barruan kokatu zen, Erdi Aroan udalbatza eliza horretan biltzen baitzen eta bertan gordetzen baitzuen dokumentazio guztia. Hiru giltzen azpian zaintzen zen: bat alkatearen eskuetan zegoen; bigarrena, errejidoreek gordetzen zuten; eta hirugarrena, bizilagun "zintzo" batek.
Klaustroa dagoen tenpluaren hegoaldeko atera abiatu gara azkenik, nigan hain oroitzapen onak gogora ekartzen dizkidan lekura. Gidak azaltzen digunez, 1500 inguruan hasi ziren eraikitzen, eta Gipuzkoako zaharrena da. Nahiz eta kaperek baldintzatuta egon, bere diseinua harmonikoa eta ordenatua da, eta Erdi Aroko tradizioari jarraituz Zeruko Paradisuaren ideia sinbolizatzen du. Beraz, kanpoko laukiaren eta barrukoaren arteko proportzioak 1:1.618 koefizientea ematen du, hau da, "urrezko proportzioa" edo "jainkozko proportzioa" (kontzeptu geometrikoa da, segmentu bat bi zati desberdinetan zatitzean, guztizkoa zatirik luzeenarekin zatituz, zatirik luzeena zati laburrenarekin zatitzean lortzen den emaitza bera lortzen dugunean ematen dena).
Euskal historiaz, arteaz eta kulturaz ikasi dut bisitari esker, eta bere baitan altxor eder bat gordetzen duen monumentu itxuraz latz baten ikuspegi sakonagoa eskaini dit. Bisita borobila, hitz batean esateko.
Irene Elortza Gereño