«Euskararen Enigma», gure altxorrik handienean oinarritutako bisita gidatua

2025-03-01

 «Euskararen Enigma», gure altxorrik handienean oinarritutako bisita gidatua

Europako kulturarik antzinakoenetakoa ezagutu nahi duzu? Euskararen Enigma bisita gidatuak esperientzia ahaztezin batean murgiltzeko eta gure herriaren historia eta kultura ezagutzeko aukera eskaintzen du. Euskadin ezagutzen den mota honetako bisita gidatu bakarra da, non euskal kulturan murgilduko garen esperientzia aberasgarri eta eraldatzaile batez gozatuz.

Bisita Zumaiako turismo bulegoan hasiko dugu, eta bertan bisitaren berri ematen duen liburuxka bat eta oinarrizko hitzak euskaraz kontsultatzeko hiztegi txiki bat emango dizkigute.

Zumaiako alde zaharrean oinezko ibilbide bat proposatzen da, gure kulturarekin eta historiarekin lotutako leku enblematikoetatik igaroz. Leku bakoitzean, gidak; gure kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolen eta tradizioen alderdirik ezezagunenak erakutsiko dizkigu, oso modu dinamikoan, jolas txikien bidez. Ausartuko al zara frontoian esku pilota probatzera? Edo hitz batzuk esatera? Kaixo, agur, eskerrik asko? Atsegin handiz entzungo dizugu.

Ibilaldiaren ondoren, San Telmo kofradiako antzinako arrain-salmenta aretoa ezagutzeko aukera izango dugu, bertan baitago Euskadin martxan dagoen salmenta makina bakarra. Amaitzeko, esperientzia bere punturik altuenera iritsiko da, hamaiketakoa egingo dugu elkarte gastronomiko batean. Aukera paregabea da gure ohituretan murgiltzeko; izan ere, toki honetara bazkide batek gonbidatuta soilik sartu daiteke eta normalean, bisitariak ez du esperientzia hau bizitzeko aukerarik izaten.

Euskal Herrian kanpoko lagunik jasotzen baduzu Geoparkeak bisita bat merezi du, eta ez daitezela bertatik joan gure kultura eta hizkuntza ezagutu gabe. Geoparkea.eus webgunean ikusi daiteke bisiten egutegia baita erreserba gauzatu ere.

Zergatik eta nola sortu zen ekimen hau geoparkean?

Geoparke bat geologia baino askoz gehiago da. Kultura-ondarea kontserbatzea eta balioztatzea funtsezkoa da geoparkeetan, eta Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkearen kasuan, ondare ukiezina bereziki garrantzitsua da. Gure lurraldeak mendeetan zehar transmititu den eta gaur egunera arte iritsi den milaka urteko hizkuntza du herritar zein bisitarien artean harro erakustekoa.

Agenda 2030, Nazio Batuek onartutako garapen iraunkorra lortzeko ekintza-plan unibertsala da eta hamazazpi helbururekin osatua dago. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren arabera, kultura eta hizkuntzak funtsezko elementuak dira garapen iraunkorrerako, eta helburu horiek ia ez dituzte kontuan hartzen hizkuntzen eta kulturaren esparruak. Horregatik, 17+1 Helburua: Hizkuntza eta Kultura aniztasunaren bermea mugimendua proposatzen du, hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta onarpena bermatzeko, garapen pertsonal eta sozialerako ezinbesteko faktore gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har, eta Euskal Kostaldean bereziki, turista kopuruak gora egin du azken urteotan. Turismoaren eta euskararen arteko harremanari buruzko hainbat ikuspegi daude. Sektore batzuek beldur diote turismoak eragin negatiboa izango duela hizkuntzaren erabileran eta kontserbazioan; beste batzuek, berriz, bisitarien bidez beren hizkuntza mugetatik haratago hedatzeko aukera eta bide gisa ikusten dute. Gai horri buruzko hausnarketa politiko, tekniko eta sozial ugari egin dira. 

Testuinguru horretan, Geoparkeak sinisten du gure kultura zabaltzea funtsezkoa dela babesteko. Duela urte batzuk, Zumaiako herriak bere Plan Estrategikoa landu zuen, hainbat gizarte-eragile eta -talderekin partaidetza-metodologia bat erabiliz. Bertan, herritarren eta bisitarien bizikidetzari buruzko kezkak azaldu zituzten. Testuinguru honetan sortu zen Euskararen Enigma izeneko esperientzia berritzailea. Zumaiako Udaleko Turismo, Euskara eta Kultura sailek Geoparkearekin elkarlana egin zuten helburu berarekin: euskal kultura eta euskara bisitariei hurbiltzea eta gure ondare baliotsuena ezagutaraztea.

 

 

 

 

 

 

 

Esperientzia honen sortze prozesua mimo handiz burutu zen baina baita zorroztasun handiz ere. Kike Amonarriz euskal soziolinguista ezagunarekin batera edukiaren eta lekuen aukeraketa, giden aukeraketa eta prestakuntza egin ziren. Hilabete batzuetako doikuntzen eta bisita pilotuen ondoren, esperientzia Geoparkeko bisita gidatuen programa ofizialean sartu zen. Programa horrek hamar urte baino gehiagoko esperientzia du eta 12.000 bisitari inguru hartzen ditu denboraldi bakoitzean.