Lurra// Flysch// Itsasoa (eta denborak zizelkatu zituen beste mirari batzuk)

2023-06-12

Lurra// Flysch// Itsasoa                 (eta denborak zizelkatu zituen beste mirari batzuk)

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintzen duen Irteera Geologikoa 60 milioi urteko liburu ireki baten gainean ibiltzeko aukera paregabea da, inoiz ahaztuko ez dugun hiru orduko bisita batean laburbilduta. Zumaia eta Mutriku artean hedatutako liburu hau altxor imitaezin bihurtzen duena bere jarraitutasuna da. Munduan oso leku gutxitan irakur daiteke Lurraren historia hain zehatz eta argi. Eta istorio hau liluragarria da.

Zumaiako turismo bulegotik irtenda abiatu berri dugun abentura honek aurkikuntza ugari ekarriko dizkigu naturaren erdian murgilduta, lehorrean zein Kantauri itsasoan barrena. Lehen urratsa, Algorrirako bidea, denboraren neurrigabetasunaz hausnartzeko gonbita da. Begiratokirako pasealekuaren azken metroetan informazio-panelak daude, azken 65 milioi urteetako mugarri geologiko nagusiak markatzen dituztenak. Bidelagun dugun tokiko gida espezializatuari esker ezagutu ditugu metorito baten talkak eragindako dinosauroen desagertze handia erregistratu zuten arroken xehetasunak, hala nola, Lurreko berotze klimatiko handienetako batenak eta Pirinioetako eraketarenak ere. Algorri = (h)arri gorria. Ez naiz gure aurrean altxatzen diren arroken kolorea deskribatzera ausartzen, begiratzen diezun bakoitzean haien tonua aldatzen delako, argi bakoitzak bere tonalitate iragankorra aldiro egiten eta desegiten duelako eta igarotzen den minutu bakoitzak desberdin bihurtzen dituelako. Denboraren kontuak!

Algorri

Geologia-irteera honetan, zorte handia izan dugu itsasbehera betean iritsi garelako labarrera. Horrela, marearteko zabalguneaz gozatu ahal izan dugu, baita itsaslabarren oinean agertzen den plataforma harritsuaz ere. Plataforma horrek tokiko baldintza berezietara egokitu den ekosistema oso konplexua hartzen du. Hor behean olagarroak, izarrak, itsas-pepinoak eta itsas-erbiak bizi dira. Gidak aurreratu digunez, Itzurungo hondartzara jaitsiko gara gero bertako kobazuloak ikustera. Agian zortea izango dugu eta animalia edo alga interesgarriren bat ikusi ahal izango dugu! Oraingoz, gidak erakusten digun ammonite baten erreplika ikustearekin konformatzen gara. Barraskiloaren eta txipiroiaren nahasketa bitxia dirudien animalia hori itsaso honetan bizi zen, eta fosil moduan iritsi da guregana. Bere ahaiderik hurbilena Nautilusa da, Julio Vernek asmatutako itsaspekoari eta bisitatu nahi dugun Mutrikuko Interpretazio Geologikorako Zentroari ere izena ematen dion molusku zefalopodoa, hain zuzen.

Gure anfitrioiak esan digunez, gure oinen azpian eta begien barruan daukagun paisaia hau itsas hondoa izan zen behin. Sakonera gutxiko itsaso tropikal batek bustitzen zuen hau guztia iraganean. (“Agian egunen batean Euskadi askea eta tropikala izango da” abesten zuen Hertzainak talde mitikoak. Oraintxe konturatu naiz behin halaxe izan zela!) Koralezko arrezife handi haiek osatzen dituzte Geoparkearen barruko mendietako kareharriak. Bizkaiko Golkoa irekitzeak mugimendu tektonikoak eragin zituen, sakonera gutxiko plataforma horiek hautsi zituztenak eta ildo sakon handiak sortu zituztenak, eta bertan pilatu zen flysch beltza.

Gidak gure amets tropikaletik esnarazi gaitu eskuinaldean daukagun harkaitzezko horman lerro bertikal mehe eta ilunago bat hatzarekin seinalatu duenean. K/T muga zein toki zehatzean dagoen erakusten ari zaigu. Maastrichtiensearen amaierako marga gorrixken eta Daniarraren sekuentzia karetsua banatzen duen lerroa da, hau ere kolore gorrixkakoa. Itsas faunaren desagertze handia markatzen du mugak, Yukatanen (Mexiko) eroritako meteorito handi baten inpaktuarekin lotutako konposizioak gordetzen dituena.

Harkaitzezko horman lerro bertikal mehe eta ilunago batek K/T muga zein toki zehatzean dagoen erakusten digu



San Telmo ermitaraino igo gara ondoren. Talaia ikusgarria da, eta bertatik, itsasoaren eta lurraren etengabeko elkartze eta banatze egoskorraren lekuko gara. Paisaiaren berdea, grisa, okrea eta urdina tartekatuz doa, gure begien gozamenerako . Lurraren altxaera honek balkoi natural bat sortu du Itzurungo hondartzaren gainean, Kantauri itsasoko hondartzarik politenetakoa den honetan. Laster jaitsiko gara bertara bere hondar hezea zapaltzeko.

Hondartzatik egin dugun ibilaldi atseginean, bertako kobazulo ikusgarriak ikusiko ditugu. Handik herrirantz itzuli gara, Geoparkea itsasotik erakutsiko digun itsasontzia Txomin Agirre kaian zain dugulako. Behin ontziratuta, Izarraitz mendigunean jaiotzen den Urola ibaiaren bokalean gora egingo dugu. Gaur ikasi dugunaren arabera, mendi karstiko hau arrezife tropikala izan zen garai batean. Zumaiako beste hondartza bat ere ikusiko dugu bertatik, Santiagokoa, dunaz betetako bere Biotopo Babestuarekin. Itsasertzarekiko paraleloan nabigatzen dugu, eta Geoparkeko itsaslabarrak, tolesak eta kalak beste ikuspegi batetik miresteko aukera daukagu. Berriro aurrean daukagu K/T muga. Denbora geologikoaren neurrigabetasuna erakusten duen mugarri honek gure bizialdia Lurrean zeinen iheskorra eta mirariz betea den erakusten digu.