2023-06-12
Arno mendigunea itxura bereziko kareharrizko mendiz osatutako mendilerroa da, eta, batez ere, artadi kantauriarrari lotutako biodibertsitate aberatsa du.
Arno mendigunea ez da oharkabean pasatzen A-8 autobidean Mendaro eta Deba artean ibiltzen denarentzat. Haren mendien kono eitea —maldak ibarrean behera erortzen dira, ibaiarekin topo egin arte— eta baso trinko eta uniforme batek estalitako kareharrizko azaleratze arrokatsuak, oso irudi ezagunak dira trafiko-bide saturatu horren ohiko erabiltzaile direnenentzat. Bere alderdirik ezezagunena, alabaina, iristeko errazena da, inguru berezi hau bisitatzeko abiapuntu diren zenbait puntu aipatzearren, Kalbariogañatik, Olatz auzotik (biak ala biak Mutrikun) edo Mendarotik eta Markina-Xemeindik eskura dagoena.
Kostaldeko mendikate txiki honen gailurra Kanpantzar mendia da (628 m-ko altitudea), eta Birular, Arnoko gurutzea, Banderako punta edo Olitturri mendiek inguratzen dute. Urrunetik, deigarria da mendion morfologia. Izan ere, euriak piramide gisa higatu ditu, tantaz tanta, mendiek osatzen duten kareharria astiro eta errukigabe disolbatu arte. Paisaiaren modelatze eredu horri karst esaten zaio, eta Arno leku ezin hobea da haren elementurik bereizgarrienak ezagutzeko, hala nola dolinak, lapiazak, poljeak edo kobak.
Hurbiletik begiratuta, ordea, agerikoa da kareharrizko bastidore hori artez, gartxuz, karraskilaz, ereinotzez eta lianaz jantzita dagoela. Landare horiek ingurune lehorrean hazteko gai diren espezie erresistenteetakoak dira, ia dezimetro batzuetako sakonera baino ez duten lurzoruetan bizi baitira. Arnoko artadiak 550 hektarea baino gehiago ditu, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen baso zabalena da. Balio ekologiko handia duenez, 2013az geroztik, Arno mendigunea Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da, Europako gune babestu garrantzitsuen parte da, alegia.
Arnoko artadia baso itxia da, Iberiar penintsulako barnealdeko dehesetan hazten den bestelako subespezie bateko artez osatutakoa; arte kantauriarrez, alegia. Arte hura Kantauri itsasotik hurbil dauden kareharrizko pendizen eguteretako bizi-baldintza zailetara bereziki egokitutako zuhaitza da. Izan ere, malkar horiek intsolazio handiko tokiak dira, lur-metaketa gutxi dago eta bertan ura azkar galtzen da arrokaren zirrikituen artean. Arteak eta harekin batera dauden beste zuhaitz esklerofiloek baldintza gogor horiei aurre egiten diete, ur-kontsumoa minimizatuz eta ur-galera zailtzen duten egiturak garatuz; adibidez, transpirazioa saihesteko kutikula babesgarri batez estalitako hosto gogorren bitartez.
Pentsa daitekeen bezala, basoaren hostotzan, giza begiradatik at, oharkabean igaro nahi duten animalia espezie ugarik babesa bilatu ohi du. Solik pazientziaz eta isilik, haiei eragozpenik sortu gabe, eta batzuetan utzitako arrastoei erreparatuz bakarrik, ohartuko gara Arno mendigunea hainbat animalien bizilekua dela: uhandreak, txantxikuak, musker berdeak, Eskulapioren sugeak, lepahoriak, basakatuak eta, baita ere, bizirik irauteko arrisku handia duten espezieena —miru gorria, sai zuria, hainbat ferra-saguzar edo Scheribers saguzarra.
Arno mendigunea zehatz mehatz ezagutzeko Euskal Kostaldeko Geoparketik bi sarrera nagusi daude, eta horietako edozeinetatik ibilbide balizaturen bat jarrai daiteke segurtasunez. Lehenengo aukera Mutrikuko Kalbario auzotik abiatzen da, mendebalderantz Donejakue bidetik Olatz auzorantz. Olatz haran hondoratu edo poljé bat da eta hau ere Mutrikun da. Olatzen bisita gidatua egin daiteke eta bertatik abiatzen da bigarren ibilbide-proposamena: PR-GI47 kodearekin markatutako ibilbide zirkularra, hain zuzen. Duela hamarkada gutxi arte ia isolatuta egon den bailararen iragan geologikoa, biodibertsitatea eta giza-erabilera tradizionalak erakutsiko dizkigu bi ordu inguruko bideak. Azkenik, hirugarren aukera ere Kalbariotik abiatzen da eta Donejakue bidea jarraitzen du kilometro gutxitan; gero, hala ere, Aparaingo lepoan Galiziara begira dauden gezi horiak alde batera utziko ditu, PR-GI22ko markei jarraituz, mendikateko gailurrik garrantzitsuenetara iristeko.
Beraz, hurrengoan, autobidetik pasatzerakoan, hartatik desbideratzeko planak egin eta joan zaitez Arno mendigunea ezagutzera. Ez zara damutuko!