2024-11-29
Errotaberriko erreka da Geoparkean kontserbazio-egoera hoberen mantendu izan duen erreketako bat. Hala ere, arroaren baso-soiltzeak, abeltzaintza-erabilerak eta ibar-basoaren pobreziak kontserbazio-egoera nahikoa ez izatea eragin dute. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Geoparkeak, auzolanean eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, errekaren behealdean zaharberritze-lanak egin dituzte, besteak beste, ibilguari egur hila gehituz.
Ibaiak Lurreko ekosistema beharrezkoenetako eta anitzenetakoak dira, baina oraindik ere oso mehatxatuta jarraitzen dute. Oro har, ibaien biodibertsitatea urrituz doa, urak araztu eta ibaiertzak leheneratzen diren lekuetan hobekuntza handiak ikusten diren arren. Gure inguruan erakunde asko ari da lanean eta azken hamarkadetan bildutako datuek erakusten dute uraren kalitateak nabarmen egin duela gora, baita ornogabe eta arrain espezie asko berreskuratu direla ere. Dena den, arriskupeko espezie askok (aingirak, izokinak, edo muturluze iberiarrak, esaterako) kontserbazio egoera larrian jarraitzen du.
Uraren kalitatea ibaien osasuna hobetzeko aldagai bakarra ez delako gertatzen da arestian aipatutakoa. Izan ere, aurrerapen oso txikia nabaritzen da ibar-basoaren aberastasuna urria bada; adibidez, haren hedadura zuhaitz-ilara bakan batzuetara (exotikoak askotan) murrizten denean, haren ibilgua kanalizatzen denean, ibaiaren uholde-lautadak okupatzen direnean, edo ibai-ertzak degradatzen eta sinplifikatzen dituzten espezie inbaditzaileak desagerrarazteko jarduten ez denean. Egoera horietako askok, gainera, atzera buelta ezinezkoa edo ia ezinezkoa dute, eta hain larriki eraldatuak ez dauden tokietan ere, oso habitat pobrea dute Euskal Autonomia Erkidegoko ibilgu gehienek.
Geoparkeko errekak ez dira salbuespena eta 2021-2022 urteren artean Geoparkeak bultzatutako Geoparkeko erreketako fauna dibertsitatea: isolamenduaren eragina erreketan izeneko ikerketak hala baieztatu zuen. Lan horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Ekologiako ikerketa lantalderen esku Euskal Kostaldeko Geoparkeko 12 erreken diagnostiko bat burutu zen, besteak beste, beraien egoera zein den deskribatu eta kontserbazio-egoera hobetzeko hartu daitezkeen neurriak iradokitzea helburu.
Ikerketa horretatik ateratako ondoriorik nabarmenenak hauek dira:
Lur erabileren inpaktuen artean, baso landaketek, eraikitako guneek eta nekazaritza eremuek azalera esanguratsuak hartzen dituzte.
Ibar-basoak oso gazteak eta kalitate baxukoak dira.
Errekako bentoseko (hondoko) substratuaren dibertsitatea erdizkakoa da eta ubideak higatuta eta bideratuta daude leku gehienetan.
Leku askotan ibilguan arroka ama besterik ez da ageri, eta beste askotan, berriz, oso substratu mugikorra nabarmentzen da, eurite bakoitzean behera galtzen dena.
Uraren kalitateak ez du aparteko arazorik erakutsi, baina eraikin batzuen ur-tratamenduak zalantzak sortu ditu.
Arro isolatuek, itsasora isurtzen duten arro txikiek, isolamenduaren arrasto nabarmenak erakutsi dituzte: adibidez, ornogabeen aniztasuna txikia delako. Egoera honek zaurgarritasuna handitzen du eta, hortaz, babes neurriak hartzeak eta hobetzeko ekintzak egiteak garrantzi berezia dute.
Habitataren kalitatearen indikatzailea den bertako karramarroa erreka bakar batean aurkitu da.
Ikerketak hainbat gomendio ematen ditu, hurrengo urteetan erreka txiki hauen egoera ekologikoa hobetu nahi bada.
Testuinguru honetan, ibai handiei haien inguruko eremu zabalak itzultzen ez bazaizkie, ibilguko habitataren dibertsitatea handitzea zaila da. Baina, erreka txikietan, ordea, habitata berreskuratzea errazagoa da, besteak beste, egur hila sartuz. Egur hilak presa iragazkorrak sortzen ditu erreketan eta uraren eta sedimentuen mugikortasunean eragiten du: fluxua dibertsoagoa bihurtzen du, sedimentu fina eta orbela atxikitzen du eta habitat berriak sortzen ditu, putzu sakonak eta ur saltoak kasu.
Uholde garaian eragin hauek indartu egiten dira eta bertako bizidunei babeslekuak eta korronte baxuko eremuak eskaintzen dizkiete. Horrez gain, egur hilak erreka eta bere uholde-lautadaren arteko konexioa erraztu egiten du eta modu honetan ibar-basoa urperagarriagoa da eta anfibio zein beste bizidunentzat habitatak eskaintzen ditu.
IKUSI HEMEN PROIEKTUAREN BIDEOA
Eta hori izan da, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak osatutako aliantzaren helburua: egur hilaren bitartez, Errotaberriko errekaren habitata hobetzea eta biodibertsitatea sustatzea, alegia. Lanok, 2024. urteko azaroan egin dira (ornogabe, hegazti eta anfibioen ugal-sasoia amaituta), Ur Agentziaren oniritziaz, eta lur publikoetan.
Egur hilaren bitartez, Errotaberriko errekaren habitata hobetzea eta biodibertsitatea sustatzea da helburua
Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Ekologiako ikerketa taldearen ekarpena ezinbestekoa izan da. Izan ere, lantaldeak esperientzia handia du egur presek erreketan sortzen dituzten onuren inguruan, eta, besteak beste, Aiako Harriko Parke Naturalean egindako lanek garbi erakutsi baitute egur presak duten eragin mesedegarria ibaibideen geomorfologian, materia organikoaren metaketan zein deskonposaketan eta ornogabe zein arrainen populazioetan.
Proiektuaren helburu nagusia Errotaberriko errekaren ibilgua hobetzea izan da, faunari habitat dibertsoagoa eta egonkorragoa eskainiz eta errekak uholde-lautadarekin birkonektatuz. Bide batez, ibaiertzeko landare exotikoak kendu dira, ganaduari ibaira sartzea ekiditeko mugak jarri zaizkio eta, zuhaitz landaketak medio, hurrengo hilabeteetan ibar-basoan dagoen ale kopurua igoko da.
Horretarako, errekaren behe-ibilguan (Sakonetako Geoibilbidearen paralelo doan zatian) egur hilezko hainbat egitura eraiki da, erreka naturaletan egur hilek sortzen dituztenak imitatuz, eta inongo lotura artifizialik gabe eraiki dira, errekak berak garraiatuko duen materialarekin haien kokapena aldatzen joan dadin. Dena den, erreka oso txikia izanik, ez da mugimendu askorik espero.
Estruktura artifizialak sortzeko bertako egurra erabili izan da, eta erreka inguruan erorita zeuden enborrak zein bertan dauden zuhaitz exotikoak (platano, makal eta pinu batez ere) erabili dira, ahal den heinean.
Abiatu berri den proiektua ondo txertatzen da Deba eta Zumaia arteko Paisaia Naturala arautzen duen Baliabide Naturalen Antolatzeko Planean (BNPA), eta esku-hartzea babesgunearen kontserbazio helburuak lortzeko bidea da. Izan ere, BNAPk itsasertzeko zonaren paisaia kudeatzeko betebeharra jasotzen du, haren andeatzea eta sinplifikatzea eragozteko, eta, aldi berean, babesgunean garatzen ari diren sistema eta prozesu ekologikoen jarraipena ziurtatzea eskatzen du, marearteko gunetatik hurbil daudenei arreta berezia eskainiz.
Bestalde, kontserbazio estrategiak finkatzerakoan, erabilerak eta jarduketak erregulatzeko arauak definitzeko orduan, edo baliabideen babeserako helburu, jarraibide eta arauak ezartzerakoan, naturagunearen ibar-basoak sustatzeko eta leheneratzeko premia behin eta berriz nabarmentzen da. Eta gauza bera naturagunearen ibilguak babesteko betebeharreko baldintza aipatzen denean ere.