Bi egun familian Euskal Kostaldeko Geoparkean

2023-06-12

Bi egun familian Euskal Kostaldeko Geoparkean

Euskal Kostaldeko Geoparkeak familia giroan gozatzeko hamaika aukera eskaintzen ditu, urteko edozein sasoitan: itsasoa, mendia, gastronomia, kultur ondarea eta ondare geologiko eta natural ikusgarria. Bi egunetan zehar, Lurraren historiarekin zerikusia duten pasarte ziragarriak ezagutu ditzakezu Deban, Mutrikun eta Zumaian.

Zatoz eta deskubritu Geoparkea!

1. EGUNA

Goizean Geoparkearen bihotzera abiatuko gara, Lasturko bailaran barrena San Nikolas auzora iritsi arte. Bailara hau, balio geologiko handiko gunea da duen izaera karstikoagatik. Kareharriz osatuta dago eta uraren eraginez kobak, dolinak eta sarbegiak bezalako fenomeno geologiko harrigarriak sortu dira bertan.

Bailararen sakonean dago San Nikolas auzoa. Bertan, euskal baserriak, San Nikolasi eskainitako ermita, errotak, taberna, landetxea eta aterpetxe bat aurkituko ditugu, eta auzunearen erdia erdian zezen plaza bat. Plaza hau Euskal Herrian ezagutzen den zezen-plazarik zaharrena da.

Garai batean burdinola ziren Plazaolako Errotak bisitatuko ditugu eta talo-tailer dibergitarri batean parte hartuko dugu. Lastur ibaiko uraren indarrarekin artoa birrintzen erakutsiko digute, guk geuk gure artoa xehatu eta Lasturko erara taloa egiten ikasteko. Taloa sutan egin eta txistorra tartean duela dastatuko dugu. Familiarekin egiteko plan ezinhobea!

Lastur ibaiko uraren indarrarekin artoa birrintzen erakutsiko digute, Lasturko erara taloa egiten ikasteko

 

Lasturren ibilalditxoa egin eta bertako tabernan bazkaldu dezakegu edo Deba herrigunerantz abiatu. Debak aukera anitzak eskaintzen ditu, Casacampoko paduretan ibilaldiaz disfrutatu edo Santiagoko hondartzan surf edo body board egiteko. Kirol hauen hastapenerako oso hondartza egokia da duen egituragatik, beraz, dudarik ez familiaren gozamenerako.

Hondartza inguruan pare bat orduz gozatu ondoren, Deba ibaia zeharkatzen duen harrizko zubi zaharra pasa eta Debatik Mutrikura doan paseoa hartuko dugu.lau kilometrotan zehar itsasora eta flysch beltzera begira dauden begiratokiez gozatuko dugu. Haurrekin egiteko oso ibilaldi atsegina da ez baitu ia aldaparik.

Mutrikura iristean Euskal Kostaldeko herririk ikusgarrienetakoa dela konturatzen gara. Historiaz beteriko marinel-herri honetan galtzada-harrizko kale estu eta aldapatsuak, jauretxeak eta itsas etxe koloredunak aurkituko ditugu. Kalez kale ibili ondoren, Nautilus interpretazio zentrora abiatuko gara, Mutrikuko altxor geologikoa ezagutzeko, Flysch beltzean aurkitutako Mutrikuko amonite fosil erraldoien bilduma garrantzitsua, hain zuzen ere.

Ilunabarraz gozateko, haurrekin inoiz huts egiten ez duen plan bat aukeratu dugu, portuko igerileku naturaletan bainua hartzea. Mutrikuk itsasoko urezko bi igerileku ditu, Gipuzkoako kostalde osoko itsas urezko igerileku natural bakarrak. Bertan zerbitzu guztiak aurkitu ditzakegu, komunak eta dutxak, sorospen zerbitzua, etab.

Debara itzultzeko, autobus zerbitzua erabili dezakegu, hamabost minututan Deban izango gara bueltan.

2. EGUNA

Goizean, Geoparkeko kostaldea ezagutzeko, Elorriagako geoibilbidea egitea gomendatu digute. Autoz iritsiko gara Elorriagako atsedenlekura, Deba eta Zumaia arteko N-634 errepidean, Elorriaga seinalea dagoen lekua desbideratuko gara horretarako.

Behin Elorriagan, 2km-ko luzeera duen ibilbide zirkularrari ekingo diogu 4 interesgune deskubritzeko asmoz. Ibilbidean zehar, Baratzazarrak begiratoki ikusgarrira iritsiko gara. Egurrezko plataforma hau labarren gainean kokatzen da, 150 metroko altueran, eta Geoparkean dugun panoramika ikusgarrienetako bat eskaintzen digu. Azalpen-panelari esker flyscheko itsaslabarren eta marearteko zabalgunearen balio geologiko eta naturalak ezagutu eta ulertu ditzakegu. Bertan, lurraren historiaren parte sentituko gara.

Ibilbidea, Elorriagako atsedenlekuan amaituko dugu, bertan mahaiak, ziburuak, iturria eta komunak aurkituko ditugu. Aurrez bazkaltzeko zerbait prestatzeko aukera izan badugu, bertan bazkaldu dezakegu eta bestela, Zumaiara abiatu gaitezke bertako jatetxe batean bazkaltzera.

Arratsaldean, gure kabuz Zumaiaz gozatzeko aukera izango dugu. Turismo bulegoan jaso dezakegun mapa turistikoa erabiliz, hirigune historikoan zehar paseo bat emango dugu bertako interesguneak ezagutzeko.

Geoparkeak aukera ezinhobea eskaintzen du antolatutako bisita gidatuetan parte hartzeko, egunaren arabera programazio desberdina aurkituko duzu webgunean kontsulta eginez edo turismo bulegoan galdetuta. Umeei ilusio berezia egiten die itsasontzian ibiltzea, eta horrelako aukera ugari aukituko duzu programazioan. Mutrikun, Deban eta Zumaian, hiru herrietan dago, itsas irteerak egiteko aukera, baina kasu honetan, Zumaiatik ateratzen den bisita bat gomendatzen dizuegu, esaterako Zumaian hasi eta amaitzen den ordubeteko itsas irteera.

Ez al da harrigarria zenbat aukera eskaintzen dituen Euskal Kostaldeko Geoparkeak?