Geoparkeko Bira: Sorpresaz beteriko mendi ibilbide zoragarria

2024-08-29

Geoparkeko Bira: Sorpresaz beteriko mendi ibilbide zoragarria

Zumeak hor, agerian zeuden. Aproposenak batu, forma eman eta konektatu besterik ez zen egin behar, sortu nahi genuen “saskia” buruan izanda noski. “Zumeak” modu figuratiboan esatean, bide eta bidezidorretaz ari gara. Eta “saskia” hitza erabiltzean, Geoparkeko Bira, Euskal Kostaldeko Geoparkeko mendi ibilbide zirkular berria esan nahi dugu. Zer, bertako jendearentzat ere ezezagunak diren txoko eta paisaiak ezagutzeko prest?

Geoparkeko Birako etapak

Geoparkeko Bira ibilbide zirkularrak 54 kilometro ditu eta hiru etapa edo jardunalditan banatzen da. Egun gehiago edo gutxiagotan diseinatu zitekeen, baina gure lurraldearen ezaugarriak kontuan hartuta, eta garraio publikoaren bidez etapa guztien hasiera eta amaierara iristea ahalbidetzeko, uste dugu hiru etapatan banatzea, zenbaki polita, borobila eta jasangarria dela mendian ibiltzen ohituta dagoen pertsona batentzat.

Esan bezala, ibilbide zirkularra da, lehendik zeuden baina lotu gabe zeuden hainbat bidezidor eta bide elkartzen dituena. Irudi propioarekin, eta neurri handi batean jada ezarrita zegoen seinaleztapen fisikoa erabiliz, QR kode bat duten plaka edo seinale berriak jarri dira soilik. Kode hauek sakeleko telefonoarekin irakurtzean, ibilbidearen hurrengo zatiari buruzko informazioa ematen zaio mendizaleari. Jarraibide argiak eta errazak beti. Dena den, praktikoagoak izateko, aldez aurretik Geoparkeko Biraren GPS track-a gure webgunetik zure gailuan deskargatzea gomendatzen dizugu.

Geoparkeko Biraren hiru etapak nahitaez egin behar dira, hiru egunetan jarraian? Ea, zalantzarik gabe guk biziki gomendatzen dizuguna hori da, baina ez, ez da derrigorrezkoa. Are gehiago, egun batean etapa bat burutu dezakezu, eta hiru asteburu barru, edo hobeto egokitzen zaizunean, hurrengoa egin. Ba al dago Euskal Kostaldeko Geoparkeko ibilbide zirkular hau egiteko abiapuntu ofizialik? Ez, hori ere guztiz zure esku. Agian zuri hobeto datorkizu Zumaia-Mutriku etaparekin hastea, eta beste pertsona batek nahiago du, bere arrazoiak medio, bere ibilbidea Deban edo Mutrikun hastea. Hori da ibilbide zirkularra izatearen alde ona. Hori bai, gure ikuspegi eta esperientziatik, bakoitzak nahi duen ordenean bai, baina hiru etapak hiru egunetan jarraian egitea, Geoparkeko Biraz topera gozatzeko modurik aproposena da.

Eta besterik gabe, mendi ibilaldi zirkular hau apur bat gehiago ezagutzeko, bertan aurkituko duzunaren lehen mokadutxo bezala, Geoparkeko Biraren hiru etapen inguruko xehetasun gutxi batzuk azalduko dizkizugu segidan.

Mutriku-Deba etapa

Behin Cosme Damian Churruca mutrikuar ospetsuaren estatuaren aurrean jarrita, haren hatzaren norabidea jarraituz, oraindik itsas istoriak arnasten eta amesten dituen hirigune malkartsu eta historiko bat zeharkatuko dugu Mutrikuko portuarekin topo egin arte. Ba al dago Geoparkeko Birako etapa batentzat hasiera hoberik? Pena ematen du Mutrikuko hondartza eta ur gaziko igerilekuak alde batera uzteak, baina mendizale grinak gidatuta, mendebaldera joko dugu Geoparkeko Biraren argibideak jarraituz. Lehen zati honetan argibide hauek Saturraranera doan GR-121 bidezidorrekoekin guztiz bat egiten dute. Kantauri itsasora begira dauden etxe ederrez hornitutako zonalde eroso batetik igarota, Haitzalde ostatuaren inguruan, aldapa gogor bati ekingo diogu, Santa Elena kanpinaren parera iritsi arte. Alfaltozko jeitsiera eroso bat medio, Galdona kanpinera iritsiko gara, eta handik, baso artean murgiltzen den bidezidor batek Saturraran kanpinaren parean utziko gaitu. Saturrarango hondartza ederra ikustera gertutatzeak merezi du. Flysch beltzaren domeinuetan gaude, bertan daude Geoparkeko arrokarik zaharrenak.

Errepide bazterretik jarraituko dugu, Mutriku eta Ondarroa lotzen dituen GI-638 errepidea kontuz zeharkatu eta Mijoa industrialde osoa zeharkatuko dugu. Mijoa errekaren pare doan bidezidor estu eta eder batek, baserri artean hormigoizko pista baten hasieran utziko gaitu. Hau da Artzainerrekako bailara isil eta ezezagunean barneratzeko “ate” sekretua.

Pistatik egingo dugu bidea, eta bailararen puntu gorenera iritsi gabe, ibilbidean zehar ikusiko ditugun QR kodeen jarraibideei kasu eginez, desbideratze nabarmen bat hartuko dugu ezkerretara, erreka gurutzatuz. Puntu honetan hasten da ziurrenik etapa honetako zatirik gogorrena. Bide zabal eta aldapatsu bat hartuta, 15-20 minutuko desnibel handiko igoera batek izerdia eragingo digu. Helburua, Ziñoa baserriaren inguruan, Olazko georuta zirkularra igarotzen den mendi-lepo batera heltzea da. Handik, Olazko polje bereziaren ikuspegiaz ondo asko gozatu ondoren, astiro-astiro Olazko bailarako gune nagusira jeistea besterik ez da geratzen. San Isidro elizaren inguruak eta bere parean dagoen Zelaieta taberna-jatetxea leku apartak dira fundamentuzko geldialdi bat egiteko.

Indarrak berritu eta gero, etapa honen azken zatiari ekingo diogu, Iparraldeko Donejakue Bidea kontrako norabidean, Debaraino osorik eginez. Arno mendiguneko eremu karstiko malkartsuan zehar ibiliko gara, artadi kantauriarraren itzalaren babesean. Hainbat eta hainbat gezi hori ikusiko ditugu ibilbidearen zati honetan, eta Deba eta Markina arteko etapa egiten ari diren erromes ugari agurtuko ditugu. Kalbaixoko gaina hartu eta izen bereko baselizatik Mutrikurako ikuspegi ezin hobeaz gozatu ondoren, berrehun metroko desnibela jaitsiko dugu Debako itsasadarreraino. Deba eta Mutriku lotzen dituen harrizko zubi ederra gurutzatzea besterik ez da falta Geoparkeko Biraren Mutriku-Deba etapa osatu dugula ofizialki esateko.

Deba-Zumaia etapa

Etapa honen izen-abizenak irakurrita, ziur Euskal Kostaldeko mendi ibilbide ezagunenetako bat burura etortzen zaizula, ezta? Beno, ba Geoparkeko Birako etapa honek “sorpresatxo” bat dakarrela aurreratzen dizugu, ez baita izenak zuzenean aditzera ematen duena. Are gehiago, Euskal Kostaldeko Geoparkearen barnekaldeko txokorik ezezagunenetako batzuk ezagutuko dituzu etapa honi esker. Leku berriak deskubritzeko prest?

Debako kirol portutik irtengo gara Historiaurreko Bailararen (HAB) ibilbide interpretatua jarraituz. Baserri, begiratoki eta zelai berdeetan zehar, Deba ibaian gora, altuera pixka bat irabaziko dugu Lasturko kanala bezala ezagutzen den bidezidorraren hasierararte. Orain dela mende bat eraikitako ingeniaritza obra konplexua eta bitxia da Lasturko Kanala, alegia, Lasturko bailaratik Debako herrira ura garraiatzeko sortutako ubidea. Mendi-magalaren erdian eraikia, apenas du desnibelik eta gaur egun ez da jada erabiltzen. Hala ere, kanala hor dago, zulo batzuk daude agerian, eta hortaz, kontu handiz ibiliko gara bidezidor honetan zehar. Lasturko haran karstikora sartzeko “giltza” natural paregabea da Lasturko Kanala.

San Nikolas eliza eta zezen plaza kuriosoaren inguruan sortutako bailarako auzo nagusira iritsi baino lehen (ostatua eta taberna-jatetxea bertan aurkituko ditugu), baserri baten ondotik igarota, aldapa potente bat igoko dugu Itziar eta Lastur lotzen dituen errepidera irten arte. Errepide bazterretik eroso asko jaitsiko gara Itziarraino. Behin Euskal Kostaldeko puntu neuralgiko honetan, Iparraldeko Donejakue Bidearekin bat egin eta kontrako norabidean egingo dugu. Lehenengo eta behin, Elorriaga auzoraino, eta ondoren, jada etapa honetako helmuga bistan dugula, Zumaiaraino. Tarte honetan ere, Donejakue Bide eder eta gogor hau oinez egiten ari diren erromes askorekin gurutzatuko zara. Bide ona izan, ultreia!

Zumaia-Mutriku etapa

Geoparkeko Biraren etapa honetan, jada “Flyscharen Ibilbidea” bezala ezagutzen den mendi ibilbide “ospetsuan” zehar ibiliko zara. Ia dena esanda dago mendi ibilbide honi buruz, eta agian ez dizugu Zumaia eta Deba arteko mendi ibilbideari buruzko sekretu berririk azalduko. Edo bai. Izan ere, jakinmina baduzu, zati hau didaktikoagoa eta entretenigarriagoa egiteko, beti deskargatu eta kontsultatu dezakezu gure Talaia geoibilbidea. Bestela, Gipuzkoari bira osoa ematen dion GR-121 ibilbide mitikoaren marka zuri-gorriak jarraitzea bezain erraza da. Denbora guztian, ez dauka inolako galerarik.

Hamaika leku ikaragarri eder aurkituko dituzu Zumaia eta Deba artean: merezi du Elorriagan desbideratzea flyscharen labarrak Baratzazarrak begiratokitik ikusteko; Sakonetako hondartzan gelditzea derrigorrezkoa da; Mendatako ur-jauziaren argazkia atera; eta zergatik ez, bost minutuko beste aldaera txiki bat, maldan gora, Mendatagainako begiratokia ezagutzeko. Geoparkeko begiratokirik ederrena dela dio jende askok. Zer diozu zuk?

Santa Katalina baseliza izango da 360 graduko ikuspegia duen etapa honetako azken itsas-talaia. Bertatik, Deba ibaiaren bokalean hazi eta merkataritzarako bokazio historikoa duen herrira, Debara, jaitsiko gara, Donejakue Bidearekin bat eginez. Itsasadarra harrizko zubitik zeharkatu eta Deba eta Mutriku itsasertzetik lotzen dituen oinezkoentzako pasealekuari ekingo diogu. Ondarbeltz hondartzaren paretik pasako gara, eta Alkoleako inguruetaz gozatu ondoren, Mutrikuko portura begiratzen duten kolorezko etxeek begiak alaituko dizkigute.

Geoparkeko Bira: Gomendio orokorrak

Geoparkeko Bira osatzen duten hiru etapek 16 eta 20 kilometro arteko luzera dute, 54 kilometro guztira. Etapa bakoitzeko desnibel metatua ere garrantzitsua da. Zer esan nahi dugu horrekin, zer ohartarazi nahi dizugu? Ez dugu inor ikaratu nahi, baina mezua argia da: Geoparkeko Bira, bai bere osotasunean, bai banakako etapetan, ez da mundu guztiarentzat pentsatuta dagoen mendi ibilaldi bat. Ez dago zailtasun teknikorik, ez, baina lokatza eta lur ez egonkorra aurkitu ditzakegu tarte batzuetan, etapak luzeak dira, eta desnibel eta aldapa aipagarri batzuk daude bidean zehar. Jakina, arretaz ibili beharko dugu uneoro, zuhurtziaz jokatu, eta GPS track-aren edo QR kodeen jarraibideak zentzuz jarraitu.

Laburbilduz, Geoparkeko Bira mendi ibilbide edo trabesia potente bat da; mendian dexente ibiltzera ohituta dauden pertsonentzat (edozein adinetakoak) pentsatutakoa. Ibilbide honi ekitea erabakitzen duenak zentzuz eta ekipamendu egokiarekin (mendiko arropa eta oinetakoak, ura eta janaria, motxila, mugikorra, zira, GPSa, etab.) egiten duela ulertzen da, baita aldez aurretik eguraldiaren iragarpena kontsultatuta ere. Azken gomendio bezala, nahiz eta ibilbide osoan zehar QR kodeen bidezko seinaleztapena aipagarria izan, Geoparkeko Itzuliaren GPS track-a aurretik deskargatzea biziki gomendatzen dugu, QR kodeen eskanerra uneoro ez erabiltzeko eta gure mugikorraren estalduraren mende ez egoteko.

Eta noski, berez asumitzen dugu ibilbidean zehar aurkituko dituzun pertsonak, azpiegiturak eta baliabideak zinez errespetatuko dituzula. Arduraz jokatu eta zentzuz etorri Euskal Kostaldeko Geoparkera. Ez utzi, mesedez, arrastorik.

Zer iruditu zaizu Geoparkeko Bira? Lerro, argazki eta zertzelada hauek Euskal Kostaldeko Geoparkea beste modu batean ezagutzera animatuko zaituztela espero dugu. Mendiaz gozatuz, bailara, bide eta bidezidorretatik zure erritmoan ibiliz, eta noski, zuk zeuk aukeratzen duzun konpainiarekin. Geoparkeko Birako txoko ezkuturen batean ikusiko dugu laster elkar?

Etiketak: Deba Mutriku Zumaia