2025-04-02
Geoparkeko mendebaldean kokatzen den Mutriku herri marinel ederrean Euskal Kostaldeko jai bitxi eta garrantzitsuenetako bat ospatzen da urtero: Bai, Berdel Egunaz ari gara. Tradizioa, itsaso-nortasuna eta gastronomia uztartzen dituen ekitaldi honek milaka pertsona erakartzen ditu urtero Mutrikura, arrain goxo honetan oinarritutako eskaintza gastronomiko bikainaz eta zabalaz gozatzeko prest.
Berdelaz hasi gara lasai asko hizketan, baina badago jendea berdela zein arrain mota den ez dakiena; edo besterik gabe, ez du berdela izen horrekin ezagutzen, hainbat izen pareko ditu eta. Izan ere, beste latitude batzuetan berdela, “caballa”, “sarda” edo “macarela” izenez ezagutzen da. Berdela sasoiko arrain urdina da, Kantauri itsasoan eta Atlantikoan nahiko ohikoa, batez ere udaberriko hilabeteetan, orduan lortzen baitu bere kalitaterik onena. Omega-3 gantz-azidoetan aberatsa da oso arrain hau, eta hortaz, osasungarria eta onura ugari ematen ditu nutrizio ikuspegitik. Eta oso goxoa da, benetan!
Hori gutxi ez eta, beste arrain mota batzuekin alderatzen badugu, arrain xumea eta nahiko merkea da, eta bere bertute garrantzitsuena sukaldaritzan eskaintzen dituen aukera ugariak dira. Gainera, historian zehar berdela funtsezko bizi-elikagai eta oinarria izan da euskal kostaldeko herri guztietan.
Berdelaren arrantza, antxoaren, txitxarroaren eta hegaluzearen arrantzarekin batera, funtsezko jarduera izan da beti euskal arrantza-sektorearentzat. Hala ere, seguruenik iraganean berdel kopurua oparoa zelako gure kostaldean, duela hamarkada batzuk arte berdelak balio gutxi zeukan komertzialki; oso prezio baxuetan saltzen zen bai lonjan eta bai arrandegietan, eta ondorioz, arrain honek ez zeukan jendartean errekonozimendu handirik. Egoera eskas hura ikusita, Mutrikuko arrantza-komunitateak, garai hartan arrain berezi horren arrantzan espezializatuak, zerbait asmatzea erabaki zuen baliabide natural eta elikagai honen balioa berriro nabarmentzeko... hain da bertakoa berdela, hain da gurea!
Hori horrela, 1993an Berdel Eguna sortu eta berdelaren balioa aldarrikatzeko prozesua martxan jarri zen, arrain-festari eta ekimenari forma eman zitzaion. Ospakizun honetan, berdelaren aberastasun gastronomikoa eta elikadura aldetik dakartzan onurak goraipatzen dira; eta, bide batez, Mutrikuko itsas tradizioa eta euskal kostaldeko arrantzaleek urteen buruan egindako lan itzela omentzeko modu bat da. Bertako festa xume moduan hasi zena, azkar asko Euskal Kostaldeko ekitaldi gastronomiko eta kultural enblematiko bihurtu da, Euskadiko hainbat txokotako pertsona ugari erakartzeko gai dena.
Eta gauzak zer diren, urteak joan urteak etorri, zalantza izpirik gabe baiezta daiteke berdelaren inguruko festa honek arrain mota honen onurak ezagutaraztea eta ikusaraztea lortu duela, eta horrekin batera, bere kontsumoa herritarren artean areagotzea; bereziki kostako inguruarekin lotura gutxien edo oro har arraina kontsumitzeko ohitura gutxien duten pertsonen artean. Gaur egun, berdela bertako elikagai bat baino askoz gehiago da, sasoiko produktuaren aldarrikapena da, Euskadiko arrantza tradizioaren identitatearen eta erresilientziaren ikurretako bat. Izan ere, ba al dago sasoiko arrainak -eta produktuak- kontsumitzea baino logikoagoa eta jasangarriagoa den ezer? Hori izan da beti eta gure aurreko belaunaldiek landu duten sukaldaritzaren oinarria, euskal sukaldaritza tradizionalaren zutabe nagusietako bat.
Jaiaren historia eta jatorria ezagututa, goazen gaurko parte garrantzitsuenera, kontu guzti honen alde mamitsuenera. Izan ere, Berdel Eguna noiz ospatzen den jakin nahiko duzu, ezta?
Berdel Eguna apirileko lehen larunbatean ospatzen da urtero. Logikoki, egun konkretuak “dantza” egin ohi du egutegiaren arabera. Hala ere, jaia ez da larunbat horretan bakarrik izaten, aurreko egunetan ere hainbat jarduera egiten dira; horien artean, “Berdel Aipamena” deritzon ekitaldia nabarmentzen da, herriko erakunde edo pertsonaren baten lana aitortzen duen, eta Berdel Eguneko irekiera ofiziala markatzen duen ekitaldia. Baina bai, egutegian data bat jarri behar badugu, apuntatu gorriz apirileko lehen larunbata, orduan ospatzen baita berdelean oinarritutako produktuen dastaketa eta kanpoko bisitari gehien erakartzen dituen jardunaldi nagusia.
Berdel Eguna mutrikuarrek asko maite duten jai eguna da, Malen jaiekin eta Galbaixo jai ospetsuekin batera egutegian markatutako eguna. Egun horretan, jai giroaren ildoa hartuta, musika, gastronomia eta tradizioa ederki asko uztartzen dira Mutrikuko portu eta alde zahar ederrean barrena.
Nola ez, marinel-herria izanik, ospakizunaren epizentroa Mutrikuko portua da. Bertan, berdelarekin egindako errezeta goxoak eta hainbat jaki ezberdin prestatzen dituzte bertako dozenaka boluntariok: era guztietako pintxoak, berdela daramaten postre gozoak, eta jakina, plater tradizionalagoak, hala nola, berdel-marmitakoa eta berdela parrillan erreta. A zer usaina eta zaporea portuan! Normala da bisitariak ilara egiten ikustea espezialitate hauek dastatzeko irrikaz, prezioak oso zentzuzkoak izan ohi dira gainera. Ekitaldiaren tamainaren lehen zantzu bat izan dezazun, 25.000 pintxo eta anoa baino gehiago banatu dira azken edizioetan. Zoramen ikaragarri goxoa!
Hori bai, parte garrantzitsua den arren, berdelaren eguna ez da soilik jai gastronomikoa. Aldez aurreko ekitaldiez gain, egun “handian” publiko mota guztiei zuzendutako hamaika jarduera antolatzen dira: kontzertuak, haurrentzako tailerrak eta jarduera bereziak, txarangak, dantzak, artisau eta bertako produktuen azokak… Ezinezkoa da egun horretan Mutrikun aspertzea. Erabat debekatuta dago.
Azkenik, aipamen berezia merezi dute urtez urte Berdel Egunaren zutabeak sostengatzen dituzten mutrikuarrek. Zuzenean edo zeharka, Berdel Eguna, adin eta profil guztietako mutrikuarrak inplikatzen dituen ekitaldia da: antolakuntzan, ekintzetan, pintxoen prestaketan eta, oro har, jai egunaren bilakaera onean, baita garbitze lanetan ere.
Elkarlana eta eskuzabaltasuna dira herri marinel paregabe honen erroak. Mutrikuarren lan nekaezin eta ordainezinik gabe, ez dago Berdel Egunik. Hori bai, kasu batzuetan, Berdel Egunaren inguruan arima osoarekin urteetan zehar hainbeste lan egin ondoren, badira belaunaldi berrien partetik laster merezitako erreleboa beharko duten boluntarioak. Zergatik ez zara laguntzera animatzen, elkarlanerako espiritu berezi hori bizirik mantentzeko?
Mutrikuko Berdel Egunaren jatorria eta ezaugarri nagusiak ondo azaldu izana espero dugu. Orain, zure txanda da: markatu gorriz zure egutegian hurrengo urteetako apirileko lehen larunbata. Gastronomia, ondarea, kultura eta giro ona uztartzen dituen ekitaldi batekin hitzordua duzu. Berdela izeneko bertako arrain goxo eta osasungarria Euskadiko mapa gastronomikoan berriz jartzea lortu duen ekitaldia zain duzu.
Bermatuta dago Mutrikun ez duzula goserik pasako eta ez zarela aspertuko. Hori bai kontuz, parrilla-usainak “harrapatu” egingo zaitu eta. Berdel Egunean ikusiko dugu elkar, ondo izan!
Miguel Loitxate Cid
Etiketak: Kultura Mutriku Ondarea Gastronomia