GEOESKOLAK: Geoparkeko hezkuntza eskaintza

2025-10-31

GEOESKOLAK: Geoparkeko hezkuntza eskaintza

Urriko hirugarren astean Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen Jardunaldi Irekietara joan ginen, aurten Catalunya Central geoparkeak antolatuta. Jardunaldiek gaia hezkuntza, geologia eta geoparkeak izanik, Euskal Kostaldeko Geoparketik joandako taldeak, teknikoak eta agintariak beste, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako ikastetxeen ordezkaritza zabala izan zuen.

Oso esperientzia atsegina izan zela badiot talde osoaren izenean hitz egiten dudala esango nuke: besoak zabalik hartu gintuzten, etxean bezala sentitu ginen eta egunerokoan praktikan jartzeko ideia, proposamen eta esperientzia onez beteta ekarri genuen zakutoa.

Montserrat mendiaren bihotzean —eta 150 parte-hartzaile baino gehiago elkartuta—, jardunaldiak erreferentziazko topaketa izan dira, eta bertan Estatuko 18 geoparke bildu gara, etorkizuneko esperientziak, proiektuak eta erronkak partekatzeko. Hezkuntza-komunitateari eta interesa zuen orori irekita, geoparkeek hezkuntza-motor eta ingurumen-sentsibilizaziorako tresna gisa duten paperari buruz eztabaidatu genuen, bereziki zientziari, jasangarritasunari eta klima-aldaketari dagokienez.

Ikastetxeetako hezkuntza-proiektuetan geologia- eta natura-ondarea nola txerta daitekeen erakusteko aurkeztutako hitzaldi eta esperientzien artean, GEOESKOLAK hezkuntza-proiektua aurkezteko aukera izan nuen. GEOESKOLAK ikerketa eta parte-hartze aktiboaren bidez ikasleen trebetasunak hobetzen laguntzeko programa da, eta jarraian jardunaldietan artikulu honi titulua ematen dion aurkeztutakoa laburbiltzen saiatuko naiz.

Euskal Kostaldeko Geoparkea geoparke txikia da, 90 km2, eta ia biztanle guztiak (20.000 inguru) hirietako hiru eremuetan bizi dira. Han daude ere ia ikastetxe guztiak; halako zazpi (bi eskola txiki barne) lehen hezkuntzak dira, lautan DBH ikasteko aukera dago, hirutan batxilergoa, eta lanbide heziketako zikloren bat ikasteko eskaintzen dute bik.

Geoparkearen alde ezagunena kostaldea da, han baitaude hain famatuak diren itsaslabar ikusgarriak, erakargune diren hondartzak eta herritar gehien biltzen duten biziguneak. 

Geoparkeko bi eremuak erakustoki paregabeak dira geologia, biodibertsitatea, kultura, ondarea eta bestelako baliabideak didaktikan aprobetxatzeko

Baina, Geoparkeak beste errealitate bat ere badu, mendialdekoa, lasaiagoa, landatarragoa —batzuetan hain laidotua den terminoari egin diezazkiokegun ñabardura guztiekin. Bi eremuak, alabaina, erakustoki paregabeak dira geologia, biodibertsitatea, kultura, ondarea eta bestelako baliabideak didaktikan aprobetxatzeko.

Eta horixe da GEOESKOLAK proiektua: Geoparkea balioak ezagutzeko hezkuntza-komunitatearen eskura dagoen programa didaktiko bat, hain zuzen. Hasteko, Geoparkeko eskoletan lantzeko da, baina baliabide horiek duten potentzialaz jabe, kanpora zabaltzeko bokazioa ere badauka. Haren helburuen artean dira lurraldearen, eta euren elementu naturalak zein historiko-etnografikoak ezagutzea, baliabide horiek kontserbatzeko sentsibilizazioan sakontzea, arazoei irtenbideak bilatzeko gaitasuna lantzea, ondarearekiko interesa eta kezka agertzeko baloreak eta jokaerak eragitea eta irtenbideak abian jartzeko parte-hartze kritikoa sustatzea.

Eta hori guztia ezin dugunez bakarrik egin, bidean ezinbesteko aliantzak josi ditugu, besteak beste, Geoparkeko ikastetxeen sarearekin, EHUko Zientzia zein Didaktika arloetako adituekin, Eusko Jaurlaritzako hezkuntzaren berrikuntzarako eta hobekuntzarako zerbitzuekin, edo udal hezkuntza zerbitzu eta ekipamenduekin. Hala, proposamen didaktikoak ikasleen aurreko esperientzia aintzat hartzen du, eskolako curriculumarekin harreman estua du, elkarlanean oinarritzen da eta Garapen Iraunkorreko Helburuak ditu ispilu.

Metodologiari dagokionez, hiru saioko sekuentzia didaktiko batean, zeregin desberdinak dituzten talde txikitan lan egitea sustatzen da, erronkak, arazo-egoerak eta egoera ekosozial zehatzak proposatuz. Amaitzeko, lortutako ezagutzak partekatzen dira eta iritzi-trukea sustatzen da.

Hiru herri, jakintza arlo eta hezkuntza maila anitz... Hezkuntza-eskaintza bat proposatzeko konbinazioak ia amaigabeak dira, eta oso zaila da hasieratik guztiak denon eskura jartzea. Hori dela eta, Geoparkeak bederatzi proposamen didaktikoen ibilbidea diseinatu du, lehen hezkuntzako lehen mailan hasi, eta gutxienez urtean behin, Geoparkeko ikasleek Geoparkeari buruzko hainbat eduki jaso dezaten. Eta haietako hiru eskura dute dagoeneko Geoparkeko ikastetxeek, doan, edo kanpotik etorriko den edonork.

Hala, Zumaiako flyscha aztertzea, Mutrikun aurkitutako amonite bilduma erraldoia ezagutzea edo Lasturko paisaia karstikoan murgiltzea dira 2018. urtetik hona eskaintzen diren jarduerak. Eta oso harrera ona izan badute ere, irakasleen iritziz, prestakuntza-beharrak, garraioa ordaintzeko zailtasunak edo ikastetxe gehienetan irakasleagoak etengabe izaten dituen lekualdaketek eragindako etena antzeman da.

Beraz, etorkizunera begira, GEOESKOLAK programak hausnarketarako epea ireki du, eta helburu hauek ditu: Geoparkeko ikastetxeekin kontaktua handitzea, irakasleei prestakuntza gehiago eskaintzea eta ikastetxe guztiek programan parte hartzeko aukera izan dezaten finantzaketa-moduak aztertzea. Gainera, aurki hiru herrietan ekipamendu berriak egongo dira, hezkuntza-eskaintza zabalagoa babesteko, formatu berritzaileekin lan egiteko eta sareko lana errazteko.

Erronka ez da txikia, ezta Kataluniara egindako bidaian Geoparkeko hezkuntza-komunitateak agertutako gogoa ere.

Etiketak: Zientzia Kultura