Geoeskolak programaren bileran elkartu da Geoparkeko Hezkuntza komunitatea

2025-04-08

Geoeskolak hezkuntza programaren inguruko jarraipen bilera egin dute, gaur, Mutrikun. Batzarrean parte hartu dute Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak; Debako, Mutrikuko eta Zumaiako alkateak zein bertako udaletako Hezkuntza teknikariak; eta Geoparkeko ikastetxe guztietako ordezkariak. 

Atariko aurkezpenen ondoren, Geoeskolak programaren gaur egungo egoera azaldu dute eta, bukatzeko, etorkizunerako asmoak eta lan ildoak finkatu dituzte partaidetza-jarduera baten bitartez.

Geoparkeko ikastetxeetako ikasleek eta lurraldea bisitatzera etorritako ikasleek Geoparkearen atal interesgarri guztiak ezagutzea da Geoeskolak programaren xedea. Horretarako, Euskal Kostaldeko Geoparkeak beharrezko materiala jartzen du eskolen eskura, ikasturte bakoitzean hautatutako gaiak eskola-curriculumaren arabera lantzeko.

Deba, Zumaia eta Mutrikuko ikastetxeen laguntzarekin garatutako metodologia berritzailearekin diseinatuta dago programa, berariaz prestatutako materiala erabiltzen delarik. Honakoak dira jorratu ohi diren proposamen didaktikoak: Amoniteak. Mutrikuko fosil erraldoiak; Zumaiako kostaldeko flyscharen ikerketa; eta Geoparkeko barrualdeko paisaia (Lasturko paisaia karstikoa).

Geoeskolak programaren bileran elkartu da Geoparkeko Hezkuntza komunitatea