3 herriak

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea; Deba, Mutriku eta Zumaia herriek osatzen dute.

Mutriku

Mutrikuko hirigune historikoa, Gipuzkoan ondoen gordeta dagoenetako bat da eta monumentu-multzo izendatua, gozamen hutsa da. Galtzada-harrizko kale estuetan barrena gabiltzala, XV, XVI eta XVII. mendeetako dorre eta jauregi zoragarriak ageriko zaizkigu eta, ohartu gabe, portu zaharrera irtengo gara; Gipuzkoako antzinakoenetako bat da. Denbora luzean, baleak harrapatzen aritu ziren mutrikuarrak, eta gaur egun ere arrantza da askoren bizimodua. Antzina portua zegoen lekuan, baina, kirol-portu moderno bat dago gaur egun. Nautilus Interpretazio Zentro Geologikora joatea aukera paregabea da Geoparkeko flyschik antzinakoena ondo ezagutzeko.

Bisita autogidatua egiteko planoa (PDF)

Mutrikuko Enigma APP jokoaren bidez ere ezagutu daiteke herria.

- Ezagutu hemen Geoparkeko entitate laguntzaile diren alojamenduak.

Deba

Balio geologiko, natural eta kultural handiko herri da Deba, eta horregatik, nahitaez ikusi beharreko lekuetako bat. Hondartza, bikaina, guztiz aukerakoa da surflarientzat, berdin dio zer maila duten. Debako itsasertz malkartsuan ikusgarriak dira itsaslabarrak, Geoparkeko flysh beltz ezagunaz osatuak. Herrigunean, azpimarratzekoa da San Maria parrokia-eliza, euskal gotikoaren altxor zoragarria, bai erromesek bai bisitariek ikusi beharrekoa. Debako kaleetan pasieran, erraz irudikatuko dugu nolakoa zen herria Erdi Aroan eta nolakoa Debako balea-portu ospetsua, ohartuko gara bertako ekonomian zer-nolako garrantzia izan zuen herriko harrobietako harriak, eta gozatu egingo dugu txikiteoko giro ederrarekin eta bertako gastronomiarekin.

Bisita autogidatua egiteko planoa (PDF)

- Ezagutu hemen Geoparkeko entitate laguntzaile diren alojamenduak.

Zumaia

Pasieran ibiltzeko leku ederrak ditu kostaldeko herri zoragarri honek, dela alde zaharrean kalez kale, San Pedro parrokia monumentalaren inguruan eta jauregi artean, dela herriko naturguneetan, hala nola Santiagoko dunetan eta hondartzan, bide batez Z Kultur Gunea ikustera sartuta. Algorriko muturretik San Telmo ermitatik nahiz Itzurun hondartzatik benetan ikusgarria da paisaia, zoragarri ageri dira flyscheko itsaslabar itzelak, eta zirraragarria da eguzkia sartzen ikustea. Algorri Naturaren Zentrora joanda, ondare geologiko eta natural hau guztia sakon ezagutzeko aukera izango duzu oso modu didaktiko eta arinean.

Bisita autogidatua egiteko planoa (PDF)

- Ezagutu hemen Geoparkeko entitate laguntzaile diren alojamenduak.