Kantauri itsasoak bustitzen dituen labar zorrotzetatik hasi eta Izarraitz mendiguneko kareharrizko gailur altuetaraino, Euskal Kostaldeko Geoparkean askotariko paisaia ugari aurki ditzakegu. Marearteko guneak, estuarioak, artadiak, zelaiak eta baso atlantikoak bata bestearen atzetik tartekatzen dira eta bioaniztasunaren mosaiko askotarikoa osatzen dute; mosaiko horrek, hain zuzen ere, azaltzen du zergatik dauden babestutako lau naturagune 88 km2 baino ez dituen eremu batean.
Paduretan, dunetan eta labarretan landarediak aurre egiten dio ozeanoaren indar bortitzari, eta olatuen oldarrari eusteko egin behar izan dituen egokitzapen txundigarriak erakusten dizkigu. Marea jaisten denean, itsaspeko munduak bere sekretuak agertzen ditu kolorez beteriko marearteko hainbat eta hainbat putzutan.
Kostaldetik urrunduta, mendien eta haranen erliebe bihurriek hainbat baso ezkutatzen dituzte, eta baserriko bizimodu gogorrari loturiko laborantza-ustiategiak eta mendiko belardi berdeak ikus daitezke nonahi. Horrez gain, Euskal Kostaldeko Geoparkeko barnealdeko kareharrizko mendi zulatuetako haitzuloetan hainbat animalia bizi dira, besteak beste galtzeko arriskuan dauden zenbait saguzar espezie.
Babestutako naturaguneetatik kanpo, natura-balio handia duten beste toki batzuk ere badaude; agian ez hain handiak, baina xarma eta interes ukaezinekoak.
Lurraren eta itsasoaren arteko mugan, Deba-Zumaia itsasertzeko Paisaia Natural Babestua habitat-mosaiko bat da. 4.300 hektareako azalera du eta ondo bereizitako bi eremu ditu: itsasertzean nabarmentzekoak dira itsaslabarretako landaredia eta zazkardi nahiz larre atlantikoak. Itsas eremuan, berriz, aipatzekoak dira marearteko plataforma handiak eta alga gorrien itsaspeko belardiak.
Naturagune horretarako sarbideak Itzurun eta Algorri hondartzak dira, Zumaian, eta, Deban, Elorriaga, Errotaberri, Itxaspe eta Lapari hondartza. Puntu horietatik, PR-Gi 5001, SL-Gi 5001, SL-Gi 5002 eta GR 121 balizatutako bidexkek Paisaia Natural Babestuko txoko guztiak ezagutzeko aukera ematen dute. Zumaian, gainera, Algorri Interpretazio Zentroak informazio zabala eskaintzen du.
2009an izendatu zuten naturagune babestu. Itsaslabarrak eta itsas zabaleko bi eremu erreserba integraleko eremuak dira.
Itsasoko eta ibaiko urak talka egin eta nahasten diren lekuan, Urolako estuarioak Kantauri itsasoaren aldeko ekosistema tipikoak erakusten ditu. Horrek ahalbideratu du Natura 2000 Sarean sartzea. Bere habitaten artean, padura atlantikoak, ibaiertzeko basoak, artadi kantauriarrak eta kostaldeko dunak azpimarratu behar dira.
Espazio horren zati txiki bat Zestoakoa bada ere, 112 hektareetako gehienak Zumaian daude. Eta han daude sarbide nagusiak ere: Santiago hondartza eta Oikia auzoa. Zumaian, halaber, Algorri Interpretazio Zentroa dago, kostaldeko ekosistemen berezitasunak biltzen dituena.
Arno mendiko artadi kantauriar itxia Geoparkeko baso zabalena da. Harez gain, zona lauenetan, sega-larre atlantikoek aniztasun biologikoa gehitzen diote, 2012. urtean Natura 2000 Sareko KBE izendatutako gune honi.
Naturagunearen zati handi bat -1.122 hektarea- oso zaila da bertara iristeko; horregatik, gomendagarria da Olatz auzotik eta Kalbarioko gainetik hurbiltzea, eta PR-Gi 47 izenaz seinalatutako georuta zeharkatzea.
Izarraizko gailur arrokatsuak Geoparkeko punturik altuenak dira, eta haien izaera karstikoa nabaria da dolina, lapiaz eta haitzuloz jositako paisaian. Bere habitat ugarien artean, pagadiak, mendiko larreak eta kareharrizko labarraren oineko baso mistoak nabarmentzen dira. Gainera, garrantzi handiko eremua da zenbait saguzar espezie kontserbatzeko.
Eremu hori Natura 2000 Sareak babesten du 2012an KBE gisa sartu zenetik. 1.593 hektareako azalera du, eta Deba, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako udalerriek partekatzen dute. Hura ezagutzeko, komeni da Lastur auzora eta Mugarrigain gainera (biak Deban) hurbiltzea, baita Debak eta Zestoak partekatzen duten Goltzibar haranera ere. Lasturren paisaia karstikoa interpretatzeko zentro txiki bat dago.
Giza jardueraren ondorioz eraldaketa sakona jasan duen arren, Debako itsasadarrak baliozko padura atlantikoak ditu oraindik. Horregatik dago babestuta 2004. urtez geroztik. Horrez gain, Casacampo eta Artzabal izeneko eremuetan kontserbazio-lanak egin dira, eta, modu apalez bada ere, Santiago hondartzako dunaren zati bat lehengoratu da.
92 hektareako azalera du, eta Casacampo eta Artzabal aldetik ditu sarbideak, itsasadarraren bi ertzetan.
Andutz mendia 600 m baino altuagoa da eta Itziarretik du sarbidea. Jatorri geologikoa Behe Kretazeoan du, itsaso azpian bere arrokek jatorri duten koralezko arrezife handia eratu zenean.
213 hektarea ditu eta urrats bakoitzean azaleratzen da bere izaera karstikoa: lapiazetan, dolinetan, hustubideetan edo haitzuloetan. Horrez gain, artadi kantauriarretan, zazkardi atlantikoetan eta mendi-mazeletan hazten diren larreetan ere islatzen da.
Kostako zerrenda estu horretan, 23 hektareakoa, harrien kolore iluna da deigarriena. Kolore hori eratu ziren bitartean materia organikoa metatzearen ondorioa da. Geoparkeko material geologiko zaharrenak dira eta Behe Kretazeoaren amaieran dute jatorria.
Edozein sarbidetatik, Burumendi eta Saturrarango hondartzetatik, edo Galdona auzotik, paisaiak larre atlantikoak, zazkardi atlantikoak eta itsasertzeko labarretako landaredia erakusten ditu.