2026-02-04
Iluna dago. Hotz. Apenas daukagu mugitzeko lekurik. Uraren tanta-jarioa besterik ez da entzuten: tan, tan, tan, tan… Geoparkearen bihotzean gaude, kobazulo sakon baten barruan. Hemen dago gure mendien garapena ulertzeko giltza. Hemen barruan dago hor kanpoan gertatu denaren erantzunaren zati handi bat.
Euskal Kostaldeko Geoparkea eremu menditsua da, kostaldetik gertu dagoen lurralde malkartsua. Andutz, Arno edo Sesiarte tontorrak 600 metro baino gehiago altxatzen diren talaia pribilegiatuak dira. Beraien magaletan ezkutatzen dira baserriz hornitutako Lastur, Olatz edo Astigarribia bailara itxi eta ezkutuak. Paisaia karstiko honetan azken 5 milioi urteetako garapena eta klima ulertzeko informazioa gordetzen da.
Noiz eta nola sortu ziren gure mendiak? Noiztik du gure lurraldeak egun ezagutzen dugun itxura? Adi, milioi urte bat bakarrik atzera egingo bagenu, ez genuke gure lurraldea ezagutuko.
Mendiak eraikin bat bezalakoak dira eta hauen sorrera ulertzeko hiru gauza aztertu behar dira beti: materiala, arkitektura eta fatxada.
1) Materialak. Ze arrokak osatzen dute mendi hori? Non, noiz eta nola sortu ziren arroka horiek? Itsaso batean? basamortu batean? Ibai handi batean? Lur azpiko magma poltsa handi batean? Non hasten da gure mendien historia?
2) Arkitektura. Arroka horiek tolestuta edo pitzatuta daude? Zein da mendi horren barne egitura? Noiz eta nola pilatu edo altxatu ziren arroka horiek erliebe hori sortzeko? Zergatik?
3) Fatxada. Higadura da mendiari gaur egun duen itxura ematen diona. Noiz, nola eta nork higatu ditu arroka horiek egungo formak sortzeko? Euri-urak? Haizeak? Izotzak?

Gure mendien euskarria fosilez beteriko kareharriek osatzen dute. Zehazkizun handiagoz begiratuko bagenu, begi-bistaz erraz ikusiko genituzke koralak, ostreidoak, errudistak edo belakiak. Kareharri horiek duela 110 eta 100 milioi urte (Mu) bitartean sortu ziren sakonera gutxiko itsaso tropikal batean. Aldi berean, baina sakonera handiagoan, Deba eta Mutriku artean ikusi daitekeen flysch beltza sortu zen. Behe kretazeoko itsaso tropikal horretan sortu ziren Euskal Herriko mendi nagusi gehienek eratzen dituzten kareharri gogor eta potolo hauek, hala nola: Izarraitz, Ernio, Txindoki, Aitzgorri edo Anboto.
Oso astiro gertatzen dira mugimendu hauek, urtean milimetro bat baino gutxiago, baina indar ikaragarria dute
Iberiako plaka mugitu egin zen eta itsaso tropikal hura ixten hasi zen penintsulak Europarekin talka egin zuen arte. Poliki-poliki gertatu zen Pirinioak eta Euskal Mendiak altxatu zituen talka erraldoi hura. Kataluniako Pirinioak azaleratu ziren lehen eta gero mendebaldera zabaldu zen talka hori. Euskal Herriaren zatirik handiena duela 40 eta 20 bat milioi urte bitartean azaleratu zen, baina kostaldeko erliebeak oraindik ere gazteagoak dira. Oso astiro gertatzen dira mugimendu hauek, urtean milimetro bat baino gutxiago, baina indar ikaragarria dute. Indar tektonikoen adibide ederra da Sesiarten ikus daitekeen toles erraldoia.
Mendien itxura ulertzeko etapa garrantzitsuena azkenekoa da, higadura. Euri-ura begetazioarekin nahasten denean azidotu egiten da eta kareharrietako kaltzio karbonatoa disolbatzeko gaitasuna dauka. Horrela sortzen dira Geoparkeko kobazuloak eta polje izena duten bailara itxiak.
Itsasoarekiko gertutasunak ere guztiz baldintzatzen du gure mendien morfologia. Gure mendi gehienek kono itxura dute. Deba bailarako mendien tontorren altuerak neurtzen baditugu konturatuko gara talde desberdinetan multzokatu daitezkeela. Kostaldetik abiatuz, 125m, 200m eta 310m-tara kokatzen dira tontor gehienak. Kareharrizko muino isolatu hauen taldekatze honek adierazten digu multzo bakoitza iragan batean kahearrizko masa jarrai batean izan zuela oinarria. Kareharriak itsasorik azaleratu zirenean masa jarrai eta horizontal baten itxura izango zuten, gaur egungo rasaren antzekoa. Poliki-poliki begetazioak kolonizatu eta euri-urak kareharrizko masa hori disolbatzen hasi zen sakonuneak (Olatz, Lastur, Astigarribia edo Ziñoa bailarak) sortuz eta kono isolatuak utziz. Disolbatze prozesu horretan zehar konoen barruan galeriak eta kobazuloak sortu dira eta hauen ikerketak gure lurraldearen altxatze prozesuan lurrazpiko urak izan zuen garapena adierazten digu.
Hiru multzo hauek adierazten dute altxatze prozesua ez dela lineala izan eta hiru pultsu desberdinetan gertatu dela. Hau guztia noiz gertatu zen jakiteko disoluzioak kobazuloetan sortutako estalaktita eta estalagmitak aztertu behar dira. Uranio/Torio isotopoak erabiliz, adibidez, tantaz-tanta hauspeatutako espeleotema ezberdinen adina jakin daiteke. Kobazuloen barruan aurkitutako ibai-metakinak aztertuz jakin dezakegu noiz pasa izan zen azkenekoz erreka bat galeria maila horretatik. Gaur arte ditugun datuekin esan daiteke 310m-ko erliebeak sortu dituen rasa hura duela 5 Mu inguru azaleratu zela itsasorik, 200m-ko erliebeak sortzen dituena (Salbatore) duela 2Ma eta 125m-koak (Praileaitz) duela 1 Mu. (Aranburu et al, 2015). Esan dezakegu beraz kostaldeko gure mendi txiki hauek oso gazteak direla. Duela bizpahiru milioi urte gure paisaia guztiz desberdina zen; bailarak eta sare hidrografikoa ez zen gaur ezagutzen duguna.
Eta honek guztiak, paisaiaren bilakaerak, klimaren eboluzioarekin erlazio zuzena du. Tanta-isurtzea, erreken emaria, begetazioa, itsasoaren maila eta abar, dena dago klimarekin lotuta eta informazio hori guztia kobazuloetan gordeta dago.
Barrurago badaude Andutz, Arno edo Izarraitz bezalako mendi altuagoak eta zaharragoak, baina hori beste istorio bat da.
Asier Hilario Orús
Geologian doktorea eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa
Etiketak: Zientzia Ingurumena