2023-06-12
Ekoturismoa da Euskal Kostaldeko Geoparkearen turismo eredua. Geoparkeak ondarea ipintzen du bere garapenaren erdigunean, eta kontserbazioa eta dibulgazioa dira garapen horren motorrak. Ondarean oinarritutako errekurtso eta produktu turistikoak modu iraunkor batean kudeatzea da gure ekoturismo eskaintzaren helburua, Deba, Mutriku eta Zumaiaren garapenerako.
Ekoturismoari geoturismo deitzen diogu Geoparkean, ez geologia-turismoa delako, batzuk ulertzen duten bezala, ezta gutxiagorik ere ez, geoparke baten gaudelako baizik.
Turismoaren Munduko Erakundearentzat TME (OMT) ekoturismoak hurrengo ezaugarriak izan behar ditu:
Iturria: The British Ecotourism Market, UNWTO 2002
2017an Daimielen egin zen Ekotusimo kongresuan onartutako Adierazpenak zera dio: “Ekoturismoa eremu natural batera egiten den bidaia da, hura ezagutu, interpretatu, gozatu eta, aldi berean, kontserbatzen laguntzen duena, ingurunean eraginik sortu gabe eta tokiko biztanleengan eragin positiboa sortzen”.
Bi definizioak ildo berdinetik doaz eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere bat egiten du filosofia honekin.
Turismoa ekonomia-jarduera bat da eta beraz, inpaktuak sortzen ditu inguruan, hori ezin da ukatu. Inpaktu horiek onak ala txarrak izan daitezke, industriak sortzen dituenak bezala. Ez dugu industria sektore ekonomiko indartsu baten premia zalantzan ipintzen nahiz eta inpaktu negatiboak izan, baina, salbuespenak salbuespen, gure izaeraren parte da eta aberastasuna ematen digu eta horrela defendatzen dugu.
Industriaren ondoan turismoa sektore arrotza egiten zaigu oraindik. Gaizki gestionatutako edo modelo okerra erabili den toki batzuetan eduki dituen ondorio kaltegarriak ezagututa, deabrutu egiten dugu turismoa. Nahiz eta gu turista arduratsuak izan beste toki batzuetara goazenean, hona datozenetaz kontrako iritzia izaten dugu sarritan.
Azken urteetan turismoak igoera handia jasan du eta orokorra izan da bidaiatzea demokratizatu egin delako. Garai batean gutxi batzuk egiten zutena gaur egun ezinbesteko bihurtu da edozeinentzako eta horrek bestelako eraginak sortu ditu.
Eredu turistikoaren eztabaidak han eta hemen entzun ditugu. Inguruko herri askoren lehentasunen agendan sartu da, bereziki kostako herrietan. Guk, Geoparkean, eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan, argi daukagu ekoturismoa dala gure eredu turistikoa.
Eduki geologikoagoa duten bisitez gain, Lasturko talo tailerrak, Debako elizara bisitak, ‘Euskararen enigma’ edo ‘Mutrikuko olatu planta’ bezalako proposamenek osatzen dute gure eskaintza geoturistikoa. Ondarearen interpretazioan oinarritzen da gure eskaintza, beraz, ondare naturalean zein kulturalean. Interpretazioak bisitariaren esperientzia hobetu eta aberasten du, bisitatzen ari den tokiaren garrantzia ulertzen eta norberaren esperientziekin lotzen lagunduz.
Interpretazioak bisitariaren esperientzia hobetu eta aberasten du, bisitatzen ari den tokiaren garrantzia ulertzen lagunduz
Beti izango dira San Telmo ermitara gerturatu, selfie bat egin eta alde egiten dutenak; edo, are okerrago, Danaerys Rocadragonera noiz bueltatuko den zain daudenak eta baita Ocho apellidos vascos filmean egin zituzten barreak berriz bizitzea nahi dutenak. Motibazio eta arrazoi ezberdinak daude Geoparkera etortzeko, baina mezu bakar bat eramango dute: natura eta bertako bizimoduei errespetua.
Gure amua ez dira film mediatiko hauek. Guk istorio interesgarriak eta harrigarriak kontatzen ditugu eta hori da hain zuzen ere, jendea kateatzen duena. Miresten duzun paisaia nola sortu den, zein garrantzia daukan eta bertan bizi izan diren herritarrek nola landu eta eraldatu duten paisaia urteetan kultura eta tradizioak mantenduz... osagai horiek ehuntzen dute gure istorioaren haria.
Geoparkea marketin produktu bat baino askoz gehiago da: oinarrian, zientziak bermatzen duen edukia dago eta horrek ematen dio hain zuzen ere proiektuari iraunkortasuna. Ez da modaz pasatzen, ez da zaharkituta gelditzen, eta, ehun milloi urte izateko, oso ondo kontserbatzen da.
Flyscharen ikerketa orain dela ehun urte baino gehiago hasi zen. Urteetan zehar aurkikuntza eta teoria garrantzitsuak landu dira eta guzti horien emaitzak gure istorioan txertatu ditugu. Etengabe aberasten dugu kontakizuna, izan ere, gaur egun ezagutzen dena ez da orain dela hamar urte ezagutzen zena. Horrek jakinmina pizten du eta Geoparkera bisita ohitura bat bihurtu dezake, ekimen puntual batetik haratago. Ezagutzan sakondu behar da istorioak elikatzeko eta gero eta erakargarriagoak bilakatzeko.
Eremu babestuetako natura- eta kultura-balioen kontserbazioaren eta lurralde horietako garapen sozioekonomikoaren arteko oreka zaila da eta, oro har, ahula; horregatik, Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat ekoturismoa da turismo-eredurik egokiena.
Etiketak: Ingurumena Geoturismoa