2023-11-03
Ekoturismoaren barruan, inguruaren behaketarekin eta interpretazioarekin lotutako hamaika jarduera aurki ditzakegu: naturan argazkiak ateratzea, animalien behaketa eta landareak ezagutzea, natur-ingurunea interpretatzeko ibilbideak, ibilbide geologikoak, edo milaka urte dituen herri baten tradizioak ezagutzea eta horietaz gozatzea, besteak beste.
Euskal Kostaldeko Geoparkean, geoturismoari dagokionean, Flyscha, Karsta eta bertako kultura interpretatzeko eskaintza zabala daukagu, gida profesional baten bitartez edo nork bere kabuz goza daitekeena. Bisitariak ondarea interpretatzeko aukera ezin hobea du oinez zein itsasontziz egin daitezkeen bisita gidatuen programa ofizialaren bidez edota libreki Geobilbideak edo Begiratokieen ibilbidea eginez, besteren artean. Geoparkeko hiru herriek —Debak, Mutrikuk eta Zumaiak— herriguneko bisita autogidatua egiteko aukera ere eskaintzen dute. Egonaldi interpretatu batek bisitariaren esperientzia hobea eskaintzen du, paisaia horren atzean zer dagoen ulertzen eta zerbait berria ikasten laguntzen baitu.
Ekoturismoa da Geoparkearen garapen turistikoaren erreferentea. 2019az geroztik Espainiako Ekoturismo Klubeko kide gara, gure 26 entitate laguntzaileekin batera, alojamenduak zein zerbitzu turistikoak eskaintzen dituzten enpresak (hauei buruz gehiago jakin nahi baduzu, post honetan aurkituko duzu informazio gehiago).
Mundu digitalizatu honetan, edozein bisitarirentzako ia ezinbesteko urratsa bihurtu da bidaia bat egin aurretik interneten bilaketa egitea. Bidaia antolaketaren prozesuaren lehen urratsak desioa eta informazio-bilaketa dira. Puntu honetan, internet eta sare sozialetan bila jarduten dugu, helmugaren webgune ofiziala bilatzen dugu, ahoz ahoko gomendioak jarraitzen ditugu eta beste hainbat bide ere exploratzen ditugu.
Helmuga gisa, horren aurrean prest egon behar dugu, informazio argia eta konfidantzazkoa eskainiz eta bidaia posible horren planifikazioa erraztuz. Geoparkeko webguneak helmugari buruzko informazioa biltzen du eta ekoturismo eskaintza zabala aurkezten du. Bisita gidatuen salmenta plataforma eraginkorra ere bada, honek urte hasieran programatzen den urteko egutegiaren arabera, egutegiaren arabera jarduerak planifikatzeko eta zuzenean erreserba egiteko aukera ematen du.
Turismoaren arloko webgune ofizialetan ere presentzia handia dugu eta honek, gure eskualdea edo Euskal Autonomia Erkidegoa bisitatzean ezinbestekoa den helmuga gisa garrantzia ematen digu. Hauetan esaterako, Gipuzkoa turismo, Euskadi turismo, Espainiako Geoparkeak eta Espainiako Ekoturismo kluba.
Gure webgunea indartuz eta turismo bulegoen bitartez bisitari orori arreta eskainiz lortzen dugu bisitariengana iristea; bidaia antolatzen hasi aurretik desioa sortuz, planifikatzerakoan informazioan eta gestioan erraztasuna emanez eta, behin helmugara iristean, esperientzia gogoangarriak eskainiz.
Teknologiei esker paperean erabilera asko murriztu den arren, eta online informazioa eta edukiak erakargarriak bezain argiak izan arren, turismo bulegoetan eta azoketan aurkezteko liburuxkak ere baditugu: irudi liburuxka, geoparkeko mapa eta bisita gidatuen liburuxka.
Ferietan parte hartzea ere garrantzitsua da erreferente izateko, gehienbat bidaia agentzia eta tour-operatzaileei helmuga erakusteko. Azoka gehienak profesionaleei bideratuta daude eta enpresen arteko, edota enpresa eta kudeatzaileen arteko networking bilerak dituzte helburu, nahiz ta publiko orokorrera ere irekitzen diren hainbat egunetan. Gipuzkoa Turismo eta Euskadi Turismok gure helmugaren inguruko informazioa eskaintzen dute Europan ospatzen diren azoka nagusietan, esaterako: Madrid, Bartzelona, Berlin, Londresko feria garrantzitsuetan (Fitur, IBTM World, World Travel Market Londres). Erakundeei esker, gure helmugaren materiala eraman eta promozioa egiten da azoka hauetan. Bestalde, Espainiako Ekoturismo Klubaren bitartez, azoka espezializatuagoetan ere ordezkatzen gaituzte, esaterako, Mad Bird Fair, Naturcyl edo Nature Watch topaketetan.
Espainiako Geoparkeen Sareaz baliatuz, Madrilgo Fitur azokan, Geoparkeen stand propioa jartzen dugu, turismo bide espezializatuago bat eskaintzeko. Bertan, Geoparkeen liburuxka bat aurkezten da eta geoturismoari ematen zaio garrantzi osoa. Pandemiaren ondorengo bi urtetan ez dugu standik izan baina 2024an berriz indartsu joango gara bertara geoparkeetako turismo eskaintza aurkeztu eta saltzera.
Turismo agente desberdinen artean ezagutzera ematea eta harremanak sustatzea ezinbestekoa da helmuga turistiko batentzat. Horregatik, Euskadiko tokiko bidaia agentzia, turismo bulego eta hiriburuetako ostatu nagusiei gure informazioa helarazten diegu informazio guztia online edo Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan eskuragarri dutela gogoan izan dezaten. Hedabideetako kazetari espezializatuekin ere kontaktuan egoten gara informazioa helarazteko eta Geoparkea bisitatzen dutenean beraiekin elkartzen gara gure helmugaren nondik norakoak lehen eskutik aurkeztu eta erakusteko.
Basquetourren bitartez antolatzen diren networking ekitaldi desberdinetan parte hartzen dugu. Horren adibide da, esaterako, parte hartu dugun azken ekitaldia: Meet Basque Country 2023. Urria hasieran bost egunez, Europako, Amerikako eta Asiako merkatu nagusietako 60 turismo-operadore Euskadi ezagutzera etorri ziren. Hainbat egunean lurraldean zehar ibili ondoren, azken egunean, Euskadiko 150 enpresa eta helmuga kudeatzaileekin bilerak izan zituzten Bilbon ospatu zen ekitaldian. Geoparketik, hauetako zazpirekin kontaktu zuzena izan genuen, izan ere, natura turismoan oso enfokatuta zeuden eta gurean izan ziren eskaintza bertatik bertara ezagutzera. Hauez gain, Bilboko topaketan hamabost bileratik gora izan genituen tour operatzaile desberdinekin, eta asko oso harrituta gelditu ziren hain lurralde txikian eskaintzeko dugun guztiarekin.
Iaz, beste hainbat ekintzetan ere parte hartu genuen. Basquetourrek CEAV-entzat (Bidaia Agentzien Espainiako Konfederazioa) natura turismoan oinarritutako formakutza saio bat antolatu zuen. Bertan, estatuko agentziei Geoparkearen ekoturismo eskaintza zabala erakusteko aukera izan genuen.
Horrez gain, ia urtero, euskal turismo sektorearen solasaldiak antolatzen dira, online edo formatu presentzialean. Helmuga gisa bertan parte hartzeari oso garrantzitsua deritzogu, barne turismoa sustatzeko eta bertako ostatu eta agentzia hartzaileei gure eskaintza geoturistikoa erakustarazteko eta lankidetza aukerak aztertu ahal izateko.
Aurrez aipatutako kontaktu guzti hauek oso garrantzitsuak dira. Emaitzak zuzenean eta epe motzean ikusten ez badira ere, zeharka helmuga sortzen ari gara, eta eskaintza askotarikoa erakusten. Hori da gure helburu nagusia helmugako kudeatzaile gisa.
Aurrez aipatutako bide guztien bitartez egiten dugu helmuga turistikoaren aurkezpen eta salmenta, bertan egin daitezkeen ekintzen bidez. Gure eskaintza izarra bisita gidatuak izanik, hauen salmentari garrantzi handia ematen zaio geoparkeko komunikazio eta promozio kanpainetan.
Bisita gidatuen zabalkundea eta salmenta, webgune propioaren bitartez egiten da, batik bat. Webgunea funtzionala eta intuitiboa da, baita erakargarria ere, bere diseinuagatik eta irudien kalitateagatik ere. Horrez gain, mugikorren pantailara moldagarria izatea ere garrantzitsua da, izan ere, gaur egun webguneko bisitarien ia %60a sakelekoaren bidez sartzen baita gure webgunera. Salmenta gauzatzeko orduan, erosketa prozesu azkarra eta segurua ere eskaintzen ditu.
Bisitarien ia %60a sakelekoaren bidez sartzen dira gure webgunera
Baina webgune lehiakor bat izatea ez da nahikoa bisitaria webgune horretara iristen ez bada. Google-n SEO posizionamenduari esker, orrialde batek ikusgarritasun handia lor dezake eta bezero potentzialengana iritsi. Erabiltzaileak gure hitz gakoekin edo gure webgunearekin zerikusia duen zerbait bilatzen duenean, bilatzaileak emaitzarik garrantzitsuenak erakutsiko ditu lehenik eta behin. Lan handia egin behar da SEOri dagokionez ondo posizionatuta egoteko, webguneko edukia hitz gakorik bilatuenetara bideratu behar baita, eta honetarako, albiste eta blog atalak ere laguntzen du gai desberdinetan posizionatzeko. Bestalde, Google My Business profil osatu bat izatea oso garrantzitsua dela konturatu gara, gure profilak esaterako azken sei hilabeteetan 3.000 interakzio baino gehiago izan ditu eta 1.500 pertsona iritsi dira webgunera bitarteko hau erabiliz. Gainera, plataforma horrek sinesgarritasuna ematen die eskaintzen ditugun zerbitzuei, erabiltzaileek beren esperientziak baloratu, iruzkinak egin eta argazkiak jar baititzakete. Momentu honetan, 331 Google iruzkin dauzkagu, eta 5etik 4,5eko puntuazio maila ematen digute.
Gure webguneaz gain, soyecoturista.com eta Wildsea Europe (Europa mailako ekoturismo esperientzien plataforma) webgunearen bidez ere egiten dugu bisita gidatuen promozioa. Horrez gain, mundu osoan zehar jarduerak, bisitak erreserbatzeko punta-puntako plataforma batzuetan ere presentzia daukagu eta salmenta egiten dugu, hala nola, Civitatis eta Get Your Guide. Gure estrategia gure webgunearen bidez salmenta egitea den arren, plataforma hauek gure webgunea iristeko gai ez den tokietara iristen dira, publizitatean baliabide asko inbertitzeko aukera dutelako.
Etiketak: Turismoa Geoturismoa