2023-07-01
Gaur proposatzera gatozen bidaia hau ez da txantxetakoa, paisaiak aldatu eta ozeanoak jaio eta desagertzen diren abentura batean murgilduko baikara. Sumendiak, mendikateak, glaziar erraldoiak eta kobazuloak ikusiko ditugu. Atlantiar geoparkeen ibilbidea osatuko dugu, naturaren indarrak sortu eta gizakiek zizelkatu duten paisaia miresgarrien bidea, hain zuzen.
2017 urtean Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea (UGG) 5 lurraldeetako 11 geoparkeekin batera Europako INTERREG proiektu bat osatu eta lortu zuen. Proiektu honen helburu nagusia Atlantiar geoparkeen arteko elkarlana indartu eta geoturismo produktu bateratu bat sortzea da, ondare geologikoaren kontserbazioan, interpretazioan eta promozioan aurrera pausoak emanez.
Duela 500 bat milioi urte (Ma) gure munduko mapa ez zen gaur ezagutzen dugun bezalakoa. Kontinenteak eta itsasoak desberdinak ziren. Aitzineko itsaso desagertu haietan animalia arraro asko bizi ziren eta horiek ezagutzeko Portugalgo Arouca Geoparkean abiatuko dugu gure bidaia. Munduko trilobite erraldoien bilduma garrantzitsuena ikus daiteke bertan. Animalia hauek itsaso hondoan arrastaka bizi ziren duela 465 Ma eta normalean 10 zm inguru luzera izaten zuten; baina hemengoak erraldoiak dira, 50 eta 90 zm bitarteko luzera daukate. Milaka daude, gainera, denak bata bestearen ondoan pilatuta; hori dela eta, paleontologoek 'trilobiteen Ponpeia' deitu izan diote.
Garai bateko kontinente eta itsaso haien arteko mugimenduak eta talkak hobeto ulertzeko Cooper Coast Geoparkera joango gara, Irlanda hegoaldera. Bertan jada desagertua dagoen uhartez osatutako arku bolkaniko bat aurkitzen da, gaur egungo Japoniaren itxurakoa. Sumendi haiek kobre metaketa handiak sortu zituzten eta hauen ustiaketa Irlandaren XIX. mendeko historia ulertzeko ezinbestekoa da.
Duela 300 bat Ma kontinente guztiek talka egin eta Pangea izeneko superkontinente bakar bat osatu zuten. Talka horren aztarnak Frantziako ipar-mendebaldean dagoen Armoric Geoparkean ikus daitezke. Bertako kostaldean dauden ibilbide ikusgarriek milaka naturzale erakartzen dituzte urtero.
Duela 300 bat Ma kontinente guztiek talka egin eta Pangea izeneko super-kontinente bakar bat osatu zuten.
Poliki-poliki Pangea berriro pieza desberdinetan zatitzen hasi zen eta testuinguru horretan, duela 150 Ma inguru, jaio zen gaur ezagutzen dugun Ozeano Atlantikoa. Ozeanoaren erdian goitik behera dagoen dortsal atlantiarraren beso batek ireki zuen Bizkaiko golkoa ere eta, horri esker, duela 100 bat Ma sortu zen gure Geoparkeko flyscha metatu zen itsas arro sakona. Jakina den bezala, garai horretako gertakari klimatiko, biologiko zein geologikoak ikertzeko mundu mailako liburua dira gure labarrak.
Dortsal atlantiar hori bertatik bertara ikusteko aukera badago. Ozeanoaren erdian dagoen Azores Geoparkeko bederatzi irlak azken 10 milioi urteetan sortu dira eta bertan sumendiak, lakuak, geiserrak, kalderak, ur-jauziak eta beste hainbat fenomeno natural ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu. Pico, Corvo edo Flores irlen edertasunak benetan txundituta utziko gaitu.
Badago ibilbide honetan lurraren beroa eta energia inon ez bezala sentitzeko beste aukera bat ere. Izan ere, Lanzaroteko Geoparkean inoiz naturak sortu duen paisaia indartsu eta artistikoenetarikoa ikusi ahal izango dugu. 1730 urteko irailaren lehenean Timanfayako lurra pitzatu egin zen eta sei urteetan zehar laba isuri zen sumendi eta pitzadura erraldoietatik. 1824ean aktibitate bolkanikoa berpiztu egin zen berriro eta irlaren zati handi bat harri ilunez osaturiko basamortu batean bilakatu zen. Gosete ikaragarria etorri zen eta bertako biztanleek emigratu egin behar izan zuten. Gaur egun, bertan gelditu zirenen kemenari esker lapilli deritzon hondar bolkaniko horretan ardo txuri preziatuak sortzen dituzte eta Timanfayako parke nazionalak 1,5 milio bisitari ditu urtean. Irudia 7
Lanzarote, Azores eta Arouca ezik beste geoparke Atlantiar guztiek badute antzekotasun bat: kolore berdea. Kolore berdea eta paisaiaren formak ere bai. Paisaia honetan azken glaziazioetako izotza izan da protagonista nagusia. Duela 40.000 urte Ipar poloko kasko polarraren izotza Londres eta Paris inguruko latitudeetara iristen zen. Galesko Fforest Farw Geoparkean eta Ingalaterrako North Pennines geoparkean izotzak zizelkatutako bailara glaziar eta laku ederrak ikusi ditzakegu.
Ozeanoaren gertutasunak euri ura ugari ekarri digu eta honek garrantzi itzela izan du gure paisaien moldaeran. Kareharriak dauden lekuetan hauek disolbatu egin dira gure Andutz edo Arno bezala eta hauen barruan kobazulo ugari sortu dira. Atlantiar ibilbide honetan badago lurrazpiko geoparke bat. Marble Arch Caves geoparkean marmol baten barruan sortutako kobazulo ikusgarri batean sartu ahal izango gara, oinez eta txalupaz.
Atlantiar geoparkeen ibilbidea izanik ezin dugu ahaztu itsasoaren eragina. Labarrak dira kontinentea eta itsasoaren arteko guda etengabe hori irudikatzen den lekua. Pikoteko labar eta lur-jausiak adibide ikusgarriak dira gure geoparkean. Non kokatuko zenituzke Europako labar ikonikoenak? Asmatu duzu. Irlandako Burren and Cliffs of Moher geoparkea ere Atlantiar ibilbide honetako ezinbesteko kidea da.
Proiektu honen bitartez gure ondare geologikoaren kontserbaziorako eta interpretaziorako esperientziak beste geoparkeekin partekatu ahal izan ditugu. Sare-lana da geoparkeak aurrera egiteko dugun estrategia nagusia. Ikertu, zabaldu, partekatu, entzun eta ikasi.
Etiketak: Geoparkea Geoturismoa Flysch