UNESCOren Munduko Geoparkeak: ebaluatzaile eta ebaluatuak

2024-02-05

UNESCOren Munduko Geoparkeak: ebaluatzaile eta ebaluatuak

Lau urtetik behin UNESCOren Munduko Geoparkeek ebaluazio bat gainditu behar dute izendapenari beste lau urtez eusteko. Euskal Kostaldeko Geoparkeak 2010ean egin zuen bat Geoparkeen Munduko Sarearekin (GGN), eta, harrezkero, 2014an, 2018an eta 2022an gainditu ditu ebaluazioak, oso emaitza onekin. Hurrengoa 2026an izango da. Kontuan izanda txostena urtebete lehenago bidali behar dela, gainean daukagula esan genezake.

Ebaluazio hauek adituek egiten dituzte, gehienak geoparkeetako ordezkariak gara baina gaitasuna beste modu baten erakusten dutenak ere badira: unibertsitateetako ordezkariak, estatuetako zerbitzu geologikoetako kideak edo eta nazioarteko beste entitate batzuetakoak. Ebaluatzaile izateko ezagutza eta gaitasuna erakutsi behar da eta Geoparkeen Sareak antolatutako ikastaroetan parte hartu. Geoparkeetako ordezkariak garenontzat gainera, norberaren geoparkearen ebaluazioan txartel berdea lortzea da ezinbesteko baldintza.

Geoparkearen ebaluazioaren ondorioa, hobetzeko gomendioez gain, kolorezko txartelez irudikatzen da, berdea, horia edo gorria, semaforo baten antzera. Berdea lortuz gero, beste lau urtez sarean egoteko aukera eskuratzen da. Horia atera ezkero, berriz, hurrengo ebaluazioaren epea murriztu egiten da bi urtera, eta antzemandako gabeziak zuzendu al diren egiaztatzera bueltatuko dira ebaluatzaileak. Zuzendu ez badira, txartel gorria da ondorioa eta honek, saretik kanpo ateratzen zaitu UNESCOren Munduko Geoparke izendapena galduz.

Prozedura zorrotza da eta asko dago jokoan. Ondo dakigu bi aldeetan gaudenok, lau urtetik behin gure geoparkean egin ditugun aurrerapenak erakutsi behar dugunean eta urtero beste geoparke batzuk ebaluatzera goazenean.

Martxo-apirila inguruan Unescotik ebaluazio proposamen kartak bidaltzen dira. Ebaluatzaileen zerrendan gaudenok badakigu, geoparke baten lau urtez behingo ebaluazioa izan daitekeela, txartel hori baten ondorioz bi urtez behingo ebaluazioa edo, Geoparke hautagaitza berri batena. Karta ireki aurretik atzaparrak gurutzatu eta datorrenari aurre egiteko prest egon behar da. Kasuistika zabala da, baita bakoitzak eskatzen duen konpromiso maila ere. Hautagaitza berri bat, a priori, lau urtez behingo ebaluazio bat baino zailagoa da. Txartel hori baten bi urtekoa buruhauste bat da, edozein dela ere. 

Kasuistika zabala da, baita bakoitzak eskatzen duen konpromiso maila ere

 

Ebaluazioak borondatez egiten dira eta ebaluatua izango den geoparkeak bere gain hartzen ditu gastu guztiak (hegaldia eta egonaldia, bereziki). Ez da berdina Txina, Brasil edo Alemaniara joatea, ez lurraldearentzat ez eta ebaluatzailearentzat ere baina, mundu mailako programa bat den heinean, tratamendu berdina izan behar dute geoparke guztiek, begirada zabal eta ezagutza elkartrukerako aukera berdinak izanez.

Ebaluatzaile juniorra zaren bitartean ardura txikiagoa da, ebaluatzaile seniorrak agintzen du misioan eta beti bikoteka egiten dira bisitak eta bilerak. Lasaitasun horrekin aurre egiten diozu misioari nahiz eta gero une aldrebesak edonon tokatu eta egoerari aurre egiteko erremintak norberak garatu behar izan, politikarien presioez dihardut gehien bat.

Sei ebaluazio egin ostean, ebaluatzaile senior bihurtzen zara eta zuk daramazu misioaren karga. Aldez aurretik bidalitako dokumentazio guztia ondo aztertu behar da, ez da txantxetako lana, lau-urtekoaren aurrerapen txostena, aurreko ebaluazioaren emaitzen gomendioak, etab. Sarritan dokumentazio gehigarria eskatu behar da, gabeziak eta indarguneak non dauden erraz sumatu daiteke baina susmoek oinarri sendoak izan behar dituzte.

Hurrengo pausoa, lurraldeko ordezkariekin datak zehaztu eta misioko programa egitea da. Maiatzetik uztailera izaten dira ebaluazio misioak eta hiru egun oso eman behar dira lurraldean. Zein toki ikusiko diren, norekin elkartuko garen eta premiazkoak diren arloak aztertuko ditugula ondo egiaztatu behar da programa egiterakoan, behin han egonda edozein aldaketa eragozpen bat izaten da plangintza osoari eragiten diolako baina egin behar denean, egin behar da.

Erronkaz beteriko bidea

Nire lehenengo bi ebaluazioak Europan izan ziren, trebezia hartzeko oso lagungarri eta lankide senior ezin hobeak izan nituen gainera. Dokumentazioa ondo aztertuta neraman, prest ikusten nuenari argazkiak atera eta koadernotxoan oharrak hartzeko. Horixe da azken finean zeregina: egin dutenaren ebidentziak jasotzea.

Erraza dirudien arren, sekula ez dakizu zer topatuko duzun. Eskoziako iparraldeko irla baten bertako baserritar batekin geoparkearen inguruan solasean, pipa hortz artetik kentzekotan egon nintzen, une hartan audio batek ere ez zuen ebidentzia bezala balioko…

Hurrengo urratsa, Txina. Bi urtez jarraian Txinako bi geoparke ebaluatu nituen, lehenengoa lau-urteko ebaluazioa eta bestea hautagaitza berri bat. Dokumentazioa aztertu aurretik Txinaren inguruko irakurketa batzuk egin nituen, geoparkeak bertako garapenerako erremintak diren neurrian lurrari oso lotuta daude eta kudeatzeko eran bertako errealitate politiko eta administratiboak eragin handia duelako.

Ezinbestekoa da joan aurretik topatuko nuenaren ideia bat izatea. Alperrik! Hango dimentsio eta antolakuntzaren ezaugarriak oso bestelakoak dira. Hortaz jabetu nintzenean dokumentazioari ondo heldu eta checklist-aren kontrola goitik behera egin nuen, nire lanaren emaitza defendatzeko argudio sendoak edukitzeko.

Ebidentzietan jasotzen ez dena, zorionez, bertako dantzari profesionalekin egindako saiakerak dira. Horrelakoak ere sartzen dira ebaluatzaileen zereginetan, jaki arraroak jan, eskulan tipikoak egin… eskerrak ebaluatzailearentzat txartel gorririk ez dagoen!

Txinaren ostean, Ameriketara. Ekuador eta Peru izan ziren hurrengo helmugak. Herrialde hauetan hizkuntzak asko laguntzen du bertakoen geoparkearekiko jarrera sakonago ulertzen. Programatik errazago atera zaitezke bizilagunei galderak egiteko eta beste patxada batez solasaldi ez ofizialak edukitzeko. Beste edozein tokitan baino diagnosi zehatzago bat egiteko gaitasuna ematen dizu herritarrekin hartu emanak.

Geoparkeek natura- eta kultura-ondarea erabiltzen dute garapenerako motor gisa. Latinoamerikan ondare hori oso aberatsa da nahiz eta jatorrizko herriei oraindik ahalduntzea falta zaien eurena defendatzeko, Gobernuz kanpoko erakunde asko dihardute beraiekin lanean Geoparkeak eman ditzaken onurei etekina ateratzen laguntzeko. Geoparke figura oso malgua den arren, herrialde batzuetan zailtasunak ditu bertako idiosinkrasiara egokitzeko, konpetentziak oso zentralizatuta dauden herrialdeetan behetik gorako proiektuek hazkunde arazoak dituzte nahiz eta horiek izan hain zuzen ere, Geoparke figura, garapen iraunkorrerako tresna gisa, gehien behar duten lurraldeak.

Geoparke figura oso malgua den arren, herrialde batzuetan zailtasunak ditu bertako idiosinkrasiara egokitzeko

Misioa bukatu eta bi astera jasotako ebidentzien txostena UNESCOra bidali behar da. Ebidentziez gain, norberaren iritzia, gomendioak eta txartelaren kolore proposamena ere jaso behar dira txostenean. Informazio honekin guztiarekin Munduko Sareko Kontseiluak erabakiak hartzen ditu.

Ebaluatzaileentzat ardura handiko lana da, pertsonek ipintzen duten ilusio eta espektatibak kudeatu egin behar dira eta beti argi utzi behar da, Geoparkea ez dala helburua, bidea baizik.

Danon artean Munduko Geoparkeen Sarea handiagoa eta indartsuagoa egitea lortu dugu eta Geoparkeak bertan bizi direnentzat eta kanpotik datozenentzat toki hobeak izateko gure harri koskorra ekarri dugu. Euskal kostaldeko Geoparkean (Deba, Mutriku eta Zumaian) hamalau urte hauetan egon diren ebaluatzaileek bere ezagutza eta jakituria gurekin partekatu dute eta Geoparke hobeagoa egiten lagundu digute. Ebaluatu edo ebaluatzaile, une bakoitzean tokatzen dana, txanpon berdineko bi aldeak gara.

 

Leire Barriuso, Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea

Etiketak: Geoparkea