Flyscha itsasontziz haurrekin: zientzia eta dibertsioa familian

2025-06-17

Flyscha itsasontziz haurrekin: zientzia eta dibertsioa familian

— Begira, ama! Zer da hori? Barraskilo erraldoi bat?

Horrela hasi zen Euskal Kostaldeko Geoparkera egin genuen irteera. Flyscha haurrekin bisita gidatuari buruz entzunda geneukan, eta zalantzarik egin gabe, asteburu honetan, Mutrikura abiatu ginen. Flyscha beste begirada batekin ezagutu nahi genuen. Eta bizitakoa… espero genuena baino askoz hobea izan zen: plan ezin hobea izan da natura ezagutzeko, ikasteko eta primeran pasatzeko.

Hori dela eta, geoparkea.eus atarian erreserba egin eta Mutrikun agertu ginen adostutako orduan. Esperientzia ordu beteko tailer dibertigarri batekin hasi zen eta ondoren ordu beteko itsas irteera egin genuen, haurrak esploratzaile bihurtu ziren arratsalde batez.

Familia osoarentzat tailer dibertigarria

Jonek, gure gidak, irribarretsu hartu gintuen Nautilus Gela Didaktikoan eta zera galdetu zigun: — Ba al dakizue geologia gure eguneroko bizitzan dagoela? — Mahaiaren gainean hainbat fitxa aurkitu genituen eguneroko objektuen marrazkiekin: bonbilla bat, eraikin baten irudia, arkatz bat, hortzetako pasta... eta horiekin batera, benetako mineralak: kuartzoa, kaltzita, fluorita... Haurren lana objektuak eta mineralak lotzea zen, eta mineral guztiak ukitu, begiratu eta eskuz esku pasatu genituen. Haurrek ez ezik, helduek ere asko ikasi genuen!

Gero, milioika urte atzera bidaiatu genuen eta amonite erraldoiak ezagutu genituen: espiral formakoak itsas molusku fosilak. Benetako fosil erraldoiak ukitu genituen eta, ondoren, haur bakoitzak bere amonitea sortu zuen: margotu, moztu eta barruko kamerak kartoiarekin osatu genituen elkarren laguntzaz. Opari ederra izan zen etxera eramateko! Haurrak oso kontzentratuta eta harro zeuden beren lanarekin.

Flyscha ikusteko itsasontzi ibilbidea Mutrikutik

Guztia jaso, amoniteak gorde eta Mutrikuko portura jaitsi ginen esperientziaren bigarren zatia bizitzeko: Flyscha ezagutzeko itsas ibilbidea. Portutik abiatu eta pixkanaka atzean utzi genuen Mutrikuko arrantzale herria. Itsasotik ikusita, haitzak ikaragarriak dira. Gidak amonite erraldoiak aurkitu zituzten eremua erakutsi zigun eta azaldu zigun zergatik ziren hain handiak gure kostalde honetan. Haurrak txundituta geratu ziren.

Itsasontzian nabigatzen genuen bitartean, Flyscha nola sortu zen ikasi genuen: geruza bigunak eta gogorrak nola sortu ziren, nola erortzen diren eta nola bihurtzen diren gero harri txiki eta, azkenik, hondar. Haurrentzat beste jarduera interesgarri bat egin genuen: hondar laginak begi-lupa batekin aztertu genituen, kolore eta testura desberdinetakoak. Gidak galdera batzuk bota zizkigun: “Zer dago gure hondartzetako hondarrean?” “Nondik iristen dira hondartzara hondakinak?”

Momentu hartan, une hunkigarri bihurtu zen ibilbidea: kutsaduraz hitz egin genuen, plastikoaz, itsasoa gure ohituren isla dela... eta haurrek benetan ulertu zuten zerbait egin beharra dugula.

Amaiera berezia: haurrak Geoparkeko zaindari bihurtuta

Saturrarandik Mutrikurako itzuleran, gidak "Geoparkeko Zaindari" diploma banatu zien haur guztiei. Haien izen-abizenak idatzi eta Lurraren zaintzarekin konpromisoa hartzen duen manifestu txiki bat irakurri zuten. Une intimoa eta hunkigarria izan zen, haurrek serio eta ilusioz bizitu zutena. Batzuek mikrofonoz irakurri zuten osorik eta txikienek aldiz titularra bakarrik “Ni Mirari naiz eta Geoparkeko zaindaria naiz!”

Bisita amaitzean, eguzkia oraindik distiratsua zegoen eta planarekin jarraitzeko gogoa genuen beraz Mutriku deskubritzen jarraitu genuen, portuko igerileku naturaletara hurbilduz. Ura freskoa baina atsegina zegoen, eta primerako aukera izan zen freskatzeko eta abentura pixka bat gehiago luzatzeko. Ondoren, txoko zaporetsuak eta itsasoaren usainak gidatuta, Mutrikuko kale zaharretan zehar galdu ginen eta bertako izozki artisau batekin borobildu genuen eguna.

Bizipen aberasgarriarekin itzuli ginen etxera, eskuz egindako amonite batekin, diploma batekin… eta harriei eta itsasoari begiratzeko modu berri batekin.

Euskadin haurrekin zer egin jakin nahi baduzu, Flyscha haurrekin bisita gidatua plan bikaina da familia osoarentzat: zientzia, itsasoa eta dibertsioa, guztiak esperientzia bakar batean. Ez galdu!

Etiketak: Mutriku Geoturismoa