2026-03-02
Nori ez zaizkio hondartzak gustatzen? Beno, hondartzak esatean, hondarrik gabeko kalak ere barnean sartzen ditugu, noski. Eguzkia hartzeko, argazkiak ateratzeko, bainatzeko, soilik lasaitasun bila bazoaz ere… hona hemen Euskal Kostaldeko Geoparkeko hondartzak goitik behera ezagutzeko ibilbide berezi eta anitza.
Mutrikuk berez daukan herri marinelaren xarma berezi horrek ez du inolako atrezzorik behar, baina nonbaitetik hasi beharra zegoen. Jauregiz jositako hiribildu historiko ikusgarria eta ur gaziko igerileku naturalak nahikoak ez balira, Mutrikuko hondartzak aztertuz emango diogu hasiera proposamen turistiko honi.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen mendebaldeko muturrean hasiko dugu ibilbidea, Gipuzkoak eta Bizkaiak bat egiten duten lekuan. Muga horretan kokatzen da, hain zuzen ere, Ondarroari begira bizi den baina guztiz Mutrikukoa den hondartza eder hau.

Ilargi erdi baten forma du eta bere hondar fina dotoreziaz konbinatzen du eskuinaldeko zonalde harritsu deigarriarekin. Bertan, badia perfektu hori itxi eta babestu nahian, Eskilantzarriko haitzak altxatzen dira, Satur eta Aran bikotearen kondaira famatuaren lekuko mutu. Hondartza honetan hasten dira Debaraino eramango gaituen flysch beltzaren misterioak, Geoparkeko arroka zaharrenak gordetzen dituzten kolore iluneko geruza horiek. Hondartza idilikoa da, baina aldi berean, agian herrigunetik aldenduta dagoelako, puntu basati bat kontserbatzen du oraindik ere Saturrarango hondartzak. Gauza bategatik edo besteagatik, baina beti azaltzen da Euskal Kostaldeko hondartza politenen zerrenda eta ranking ezberdinetan. Zergatik ote?
Saturrarango hondartzaren eta Mutrikuko portuaren artean, Zazpi Hondartzak izenez ezagutzen den itsaslabar eremua aurkitzen dugu. Izenari soilik erreparatuta, badirudi zonalde honek ez duela zalantzarako tarterik uzten, baina adi, gauzak ez dira horrela eta. Izan ere, Saturraranetik gertuen dagoen kala eremua izan ezik, non bai, hondarra aurkitu dezakegu, beste eremu guztia hondarrik gabeko eta sarbide zaileko arrokaz beteriko kala txiki batzuek osatzen dute. Bide batez, zonalde honetan ohikoa da nudismoa praktikatzea.

Eremu kaotikoa eta konplexua da oso: itsaslabarrak, horma bertikalak… kontu handia izan behar da bertan mareen gorabeherekin harrapatuta ez geratzeko, ez baitago ihesbide askorik. Horregatik, Saturraran hondartzaren ondoan dagoen lehen kala izan ezik, ez da bisitatzea gomendatzen dizugun leku bat, arriskutsua izan daiteke. Hobe da inguru horretako itsaslabarrak itsasontziz egiten den bisita gidatu batean lasai-lasai deskubritzea, non, besteak beste, flysch beltza nola sortu zen eta Bizkaiko Golkoaren irekieraren gakoak ederki asko azalduko dizkizute.
Bada Mutrikun oso ezaguna den txiringito bat; izenik esan gabe ziur badakizula zer lekuri buruz ari garen. Handik, eskailera batzuk jaisten dira hondar eremu txiki eta baztertu bateraino. Konturatzen zarenerako Burumendiko hondartzan zaude. Herritik oso gertu, baina aldi berean, portu inguruan egon ohi den zalapartatik (bereziki uda garaian) nahiko urrun zaude. Kokagune perfektua da, lasaia oso. Izan ere, Zazpi Hondartzak izeneko zonalde malkartsuaren hasiera basatia markatzen du Burumendi hondartzak.
Mutrikuko herriguneko hondartza nagusiaz ari gara, zalantzarik gabe herriko irisgarriena. Portuko dikeen eta olatu plantaren babesean kokatuta, hondartza lasaia eta ezin hobea da haurrak dituzten familientzat. Horri guztiari Mutrikuko ur gaziko bi igerileku naturalak gertu izatearen erakargarritasuna gehitu behar zaio. Zer gehiago behar duzu Geoparkean hondartza egun perfektu bat igarotzeko?
Mutriku eta Deba lotzen dituen pasealekuan, iturri baten ondoan, bidezidor apal bat azkar jaisten da Kantauri itsasora bidean. Surfeko taula eskuan daraman norbait bertatik igotzen edo jaisten ikustea ere ez da arraroa. Bidexka misteriotsu hau Alkoleako kalan amaitzen da. Surflari trebatuenek Alkoleako olatua bilatzen dute, famatua bezain arriskutsua; Arbeko badia, oro har, “santutegia” da beraientzat. Arrokaz eta uharriz beteriko lekua da, bakartia eta fotogenikoa. Argi izan desbideratze txiki hau ez dela jende guztiarentzat. Edo bai.

Saturraranek Ondarroa begiratzen zuela esaten bagenuen, gauza bera esan dezakegu Mutrikuko lurren beste erpinean kokatzen den hondartza honi buruz; kasu honetan, Ondarbeltzek Deba begiratzen baitu zeharka. Administratiboki Mutrikuri dagokion hondartza da, baina, praktikan, Debatik askoz hurbilago dagoen hondar ingurunea da. Deba ibaiaren bokaleak banatzen ditu Deba eta Ondarbeltz, hala nola, Deba eta Mutriku.
Santiago hondartzaren gertutasunarekin lehiatzen bada ere, Ondarbeltzeko hareatzak, bertan azaleratzen diren flysch geruza ikusgarriek bezala, bere izaera du, bere publikoa du. Galdetu bestela urte osoan zehar bertako morruan egon ohi diren arrantzaleei eta Deba-Mutriku bidegorrian zehar hondartza honen paretik igarotzen direnei.

Deba izena ibaiari eta hondartzari biziki lotua egon da beti. Garai batean eskualde barnealdean ekoiztutako armak eta Gaztelako artilea Flandriara bidaltzen ziren portu estrategiko honetatik. Mendeen buruan, turismoak hartu du lekuko hori eta honek funtsezko garrantzia izan du herriaren eraldaketa prozesuan eta bizimoduan. Debako hondartza zoragarrietan sortu zen ziur aski herri honek daukan aisialdia eta ongizatea. Debako patroiak ere, San Rokek alegia, argi dauka herri honen ikurretako bat bizi-kalitatea dela.

Debako hondartza nagusia eta ezagunena. Hori ez du inork zalantzan jartzen. Debako Santa Maria elizaren eta Historiaurreko Bailararen baimenarekin, Gipuzkoako herri historiko honen erakargarri turistiko handiena da. Harearte zabal eta luze honek oso deigarria den zabalera hartu ohi du itsasbeheran. Nor ez da noizbait paletan edo futbolean aritu hondartza ikoniko honetan azaleratzen den gainazal lau eta perfektu erraldoian?
Hiri-hondartza bati lotutako zerbitzu guztiak dauzka, eta itsas-pasealeku atsegin batek hondartza Debako itsasadarraren amaierarekin eta tren geltokiarekin trebetasunez lotzen ditu. Hondartza hau Debabarrena eskualdeko barnealdeko herrietako biztanle askoren udako aisialdirako gunea da. Gazteentzat, familientzat… Jende mota guztientzat egokia den hondartza lasaia eta perfektua; baita surfean murgiltzen hasi nahi dutenentzat ere. Hori guztia gutxi balitz, itsasbeheran Lapari hondartzarekin elkartzen da; baina beno, hori Itziarrera bidean doan errepideko tunela igaro ondoren kontatuko dizugu ;).
Santiago eta Lapari, Lapari eta Santiago. Bereizi egin ditugu, baina egia esan, Santiago eta Lapari ahizpa-hondartzak direla esan genezake. Denbora asko igarotzen dute elkarrekin jolasean itsasbeherei esker, eta honek hondartza ikaragarri luze bat sortzen du, Sorginetxe ingurutik Deba ibaiaren bokaleraino. Itsasertzean paseoan fresko-fresko aritzeko leku eta plan borobila, kirol olinpikoa da hori Euskal Kostaldeko Geoparkean.
Txantxak alde batera utzita, Lapari hondartza beti izan da ahizpa edo anaia errebeldea; Santiago zuzentasuna eta lasaitasuna bada, Laparik erosotasun horretatik ihes egiteko proposamena dakar: N-634 errepidea mozten duten itsaslabar altu eta ilunak, eta Sorginetxe inguruko arroka-eremu kaotikoa. Bertan, hondartzaren ekialdean, Aitzandi puntako toles etzan ikusgarria ezkutatzen da. Itsasbehera oso baxuko egunetan soilik da irisgarria interesgune geologiko hau, inguru arriskutsua da.

Ezin ahaztu Santiago eta Lapari lotzen dituen errepide pareko paseoa aipatzea. Tuneleko bihurguneari buelta eman eta hainbat begiratoki eta “balkoi” lasai eta eder eskaintzen ditu ibilbide erraz honek. Banku horietan itsasoari begira esertzea terapia natural ederra da. Itsas haizeak eta kresalak egingo dute gainerakoa.
Seguruenik, Geoparkeko kostaldeko gune ezezagunenetako baten aurrean gaude. Lapari inguruko flysch beltzetik kareharrizko flyscherako trantsizio betean, Itxaspeko kala Debatik urruntzen den eremu harritsua da. Andutzeko failak eta Aitzuriko pareta erraldoiak mugatzen dute ekialdean. Kantauri itsasoko olatuek etengabe orrazten eta higatzen dute zonalde hau. Izen bereko kanpinetik oinez jaistea posible da, eta nola ez, Talaia geoibilbidea egitera animatzen den edonoren esku geratzen den ingurua ere bada, Zumaia eta Deba arteko GR-121 bidearen ondoan kokatuta baitago. Hori bai, kostalde zati basati honen berezitasunak eta handitasuna hobeto ulertzeko, Mendatagainako begiratokitik lortzen da berorren ikuspegirik eta argazkirik onena. Ez esan inori. Ezta olatu onenen bila bertara joaten diren surflari trebatuei ere.

Seguruenik Sakonetak artikulu espezifiko eta askoz zehatzago bat merezi du berez, batez ere geologia ikuspegitik, baina Geoparkeko hondartzei buruz arituta, ezin alde batera utzi Euskal Kostaldeko Geoparkearen erdialdean dagoen kala magiko hau. Bi lurmuturrez babestuta, Sakonetako kalak ilargi erdi perfektu baten antza dauka. Kostaldearekiko perpendikularrak diren flysch estratuek harrizko anfiteatro geologiko eder bat zizelkatzen dute. Arroka-geruza horiek erritmikoki tartekatzen dira, mareen poderioz itsasoan barneratuz edo bertatik azaleratuz. Jende askok estralurtartzat begitantzen du Sakoneta inguruko paisaia.

Itsaslabarren higadura konstantea, luiziak eta, ondorioz, labarren atzerakada motela baina etengabea oso nabarmenak dira olatuen erasopean bizi den itsas-eremu honetan. Izan ere, batzuetan, Sakonetako itsaslabarretan metatzen den hondar apur preziatua desagertu egiten da egun batetik bestera, batez ere denborale bortitzak daudenean. Batzuetan hondartza, beste batzuetan kala, baina dudarik gabe Kantauri isurialdeko marearteko zabalgune ikusgarrienetako bat da Sakoneta.
Komeni da biziki ohartaraztea Sakonetako kalara sartzea zaila eta arriskutsua dela oso. Lurmutur eta arroka-eremu malkartsu bat inguratu beharra dago, betiere mareen gorabeheren eraginpean. Hori dela eta, ezustekorik ez izateko, Sakoneta ingurune osoaz leku seguru batetik gozatzea gomendatzen dizugu: Errotaberri erreka itsasoratzen den berdegune zoragarritik, alegia. Ez dago aurrerago joan beharrik. Bide batez, azkar asko konturatuko zara Sakonetara ibilgailuz iristeko modurik ez dagoela. Oinez egin behar den bidea da, bai GR-121 bidezidorrean barrena, edo bai Sakoneta geoibilbidearen argibideei jarraituz. Modu erraz eta erosoena Uskangaberriko aisialdi-gunetik abiatzea da. Errotaberri izenez ere ezaguna, han utzi dezakezu zure ibilgailua. Paseo motza da eta naturan barrena egiten den ibilaldiak merezi du. Ez zara damutuko. Sakonetak ez du inoiz hutsik egiten.

Zumaiako domeinuak ez dira urruti ikusten Sakoneta inguruan dagoen Portutxikiko behatokitik. Baina hori, begiek jokatzen diguten ilusio bat besterik ez da. Toponimo ugariz hornituta dagoen eta itxuraz zuzena ematen duen kostaldeko esparru hori, errealitatean lurzoru kaotiko eta gorabeheratsu bat da, marearen bat-bateko igoerarekin tranpa batean bihurtzen den horietakoa.

Jende askori gertatu izan zaio. Bertakoei eta kanpokoei. Kantauri itsasoko mareek ez dute abisatzen, eta gero sustoak, erreskateak eta atsekabeak datoz. Hortaz, arazoak ekiditeko, jauzi txiki bat egingo dugu Sakonetatik Zumaiako hondartza ezagunetara.
Flyscheko harrizko xafla perfektu baten gainean eraikitako eskailera estu batzuetatik jaitsi daiteke Algorriko kalara. Jaitsi bezain laster ikusten da kala honek emango digunaren aurrerapen itzela. Hondar zati txiki bat eta flysch geruzek segituan hartzen dute protagonismoa, marearteko zabalgune ikaragarri bat azaleratuz. Itsasgorarekin, hareatza txiki eta dotore hau erabat desagertzeko gai da; itsasbeherarekin, aldiz, biodibertsitatearen leiho zoragarria irekitzen zaio bisitariari. Algorritik Sakonetaraino, flyscharen erreinuan sortzen diren pitzadurek eta putzuek ekosistema ezin hobea sortzen dute flora eta fauna anitza eta harrigarria -baita hauskorra ere- hartzeko. Hori bai, ezinbestekoa da oinetako egokiak eramatea flysch geruza zorrotz hauetan zehar ibiltzeko. Bertan irrist egitea eta kolpe txar bat hartzea ez da batere zaila.

Ez du aurkezpen handirik behar. Zumaiako hondartzarik ezagunena da, herriko hondartza “ofiziala”, Euskal Kostaldeko ikono turistiko bat. Jakingo duzunez, film eta serie famatu asko grabatu dira hondartza honen bueltan, baina Itzurunek espezialitate batean koroa eta dominak baldin badauzka, hori arlo geologikoa da. Munduko zein beste hondartzak edo lekuk ditu bi estratotipo GSSP edo urrezko iltze? Soilik Itzurunek. Bakarra munduan. Hori oso esanguratsua da.
Hori gutxi balitz… harea fina, flysch labar izugarriak, itsasoaren higadurak sortutako kobazuloak, uretan murgiltzen diren flysch lerro fotogenikoak… eta nola ez, han goian, San Telmo baseliza, Zumaiako patroia eta flyscharen benetako zaindaria. Gainera, mendebalderantz begiratzen duen hondartza izanda, Itzurunek oparitzen dituen ilunabarrak magikoak dira.
Bide batez, ba al zenekien Itzurungo flyscharen gaineko pasabidearen ondoan dagoen kala txikiak Itzuruntxiki izena duela? Zumaiarrak izan ezik, bertako toponimo hau ez du jende askok ezagutzen.

Zumaiako lekurik ezkutuenetako bat. Zumaiako itsasargi historikoaren azpian dagoen kala txikia da Inpernupe. Urolako itsasadarraren itsasoratzetik gertu, olatuen kolpeak etengabe jasaten dituen toki arriskutsua da. Inguru horretan tamaina handiko harri borobilak aurkituko ditugu, Kantauri itsasoko olatuek errukirik gabe eraman eta higatzen dituzten materialak.

Jakina, ez da bainatzeko leku aproposa, baina bai itsasoari so egin eta lasai egoteko leku bat. Proba ezazu Inpernupe kalaren sarreran dagoen banku bakartian esertzera eta kontatu iezaguzu…

Ez dute elkarrekin zerikusirik, baina Itzurunekin batera, Zumaiako hondartza garrantzitsuenen dupla osatzen du zumaiarrek “Santixo” bezala ezagutzen duten hondartza honek. Itzurunen ez bezala, Santiago hondartzak olatu gutxiago jasotzen ditu normalean. Urola ibaiaren bokalearen eskuinaldean kokatzen da, kai-muturrek babesten dute eta ekialderantz begiratzen du, Orroagarantz, Getariako ‘Saguaren’ siluetaren bila agian.
Itzurun Zumaiako hondartzarik jendetsuena da, herrigune historikotik gertuen dagoena. Santiagok berriz, bere lekua herriko kanpoaldean dauka, Getariara bidean, ingurune natural askoz lasaiagoan. Duna gune bat dauka eta Zumaiako kirol portu ikusgarriraino doan padura tarte zabalean landaretza anitza ikusi daiteke. Hondartza naturalagoa, “basatiagoa” da. Hala ere, herrigunetik hondartza honetara oinez edo bizikletaz heltzea, bidegorria medio, lan erraza da. Uda garaian, jende askok hartu ohi du Urolaren itsasadarra alde batetik bestera zeharkatzen duen txalupa mitikoa, eta gero oinez joan ohi da hondartzaraino. Zumaiako azken hondartzara iristeko plan benetan polita da hori, familia giroan egiteko oso entretenigarria.

Eta honekin, Saturraranetik Santiagora, Geoparkeko hondartzak ondo asko ezagutzeko proposatu dizugun bidaia luze eta birtual hau amaitzear dago. Ikusi bezala, kokapen, gustu, hondar, tamaina eta kolore guztietako kalak eta hondartzak daude Euskal Kostaldeko Geoparkean. Zein da gehien gustatu zaizuna? Denak ezagutzen zenituen? Beste txokoren bat faltan bota al duzu?
--
Miguel Loitxate Cid