Mutrikuko Olatu Planta, aitzindari eta erreferentzia

2023-08-01

Mutrikuko Olatu Planta, aitzindari eta erreferentzia

Ba al zenekien Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen kanporako energia menpekotasuna %96koa dela? Gipuzkoako eskualde askotan, berriz, %99koa baino handiagoa da dependentzia, Gipuzkoako Foru Aldundiko iturrien arabera. Eredu energetikoa eraldatzea gizartearen lehentasunetako bat bihurtu zaigu dagoeneko.

Besteak beste, 2050ean klima-neutraltasuna lortzeko ezinbestekoa izango da energia erabat karbonogabetzea eta iturri %100 berriztagarriak baliatzen dituen sistema elektrikoa sortzea. Aurrekaririk gabeko erronka honi aurre egiteko, beharrezkoak izango dira eraikinen, hirien eta industriaren energia-efizientzia areagotzea; energia sortzeko, biltegiratzeko eta banatzeko kudeaketa aurreratua; eta, batik bat, energia-eta kontsumoa- murriztea.

Aukera berriak sortzeko bidean teknologiak zeresan handia izaten jarraituko du aurrerantzean. Lehen mailako energia-iturriak (naturatik zuzenean jasotzen direnak, hala nola, energia eolikoa, eguzki-energia…) baliatzeko ahalik eta teknologiarik helduena beharko da. Horren adibide bat Euskal Kostaldeko Geoparkean bertan daukagu: Mutrikuko Olatu Planta. Mutrikuko portuan eraikitako babes dikearen barruan kokatzen den Olatuen Plantak 12 urte bete berri ditu. Itsasertzera heltzen diren olatuen energia aprobetxatuz energia elektrikoa sortzeko helburuarekin inauguratu zen intsalazioa, 2011ko uztailean. Honenbestez, Energiaren Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia da EEE) abiatutako proiektua munduko lehen planta komertziala izan zen olatuen energia aprobetxatzen. Aitzindaria eta mundu mailako erreferentea ere bada instalazioa, funtzionamendu etengabean denbora gehien daraman olatuen energia planta ere badelako.

Ur-zutabe Oszilatzailearen (Oscillating Water Column, OWC) teknologia erabiltzen du Mutrikuko plantak energia elektrikoa sortzeko, itsasertzera heltzen diren olatuen energia aprobetxatuz. Olatuaren bi mugimenduak (aurrera eta atzera) baliatzen ditu horretarako. Olatuen kontrako norabidean, barruan airea duen kamera bat jartzen da. Olatua heltzen denean, kameran sartzen den urak airea konprimitzen du. Airea goiko zulotik presiopean irteten da, turbina bat alternadore bati lotuta dagoen lekutik. Turbinatik pasatzen denean, aireak turbina mugitzen du. Horrek, aldi berean, alternadorea birarazten eta energia elektrikoa sortzen du. Olatua irtetean, airea xurgatzen du, eta berriz ere turbinatik pasatzen da, alternadorea mugituz eta elektrizitatea sortuz.

Olatuaren bi mugimenduak (aurrera eta atzera) baliatzen ditu Ur-zutabe Oszilatzailearen teknologiak

Mutrikuko plantak 750 mm diametroko 16 Voith turbina ditu, eta, guztira,    296 kW-eko potentzia instalatua dauka. Tentsioa 460 V-koa da, eta,       abiadura izendatua, 3.000 rpm. Bertan ekoizten den ekoizpen berriztagarri osoa energia banaketa sare orokorrera bideratzen da zuzenean. Urtean 400.000 kWh sortzen ditu plantak, 100 familiaren urteko kontsumo elektrikoaren baliokide dena.


Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen instalazio honek, energia produzitzeaz gain, aukera bikaina eskaintzen du saiakuntza eta ikerketarako. Aire-turbinen kontzeptu berriak, kontrol-estrategiak eta ekipamendu osagarria probatzeko eremu gisa erabiltzen da planta, besteak beste. Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) delakoan integratuta dago Euskal Kostaldeko Geoparkean dagoen oaltu planta, 2019az geroztik.

Bisita gidatuak

Mutrikuko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak Mutrikuko Olatuen Plantara bisita gidatuak antolatzen ditu. Bisita gidatuak zuzenean hitzartu daitezke Txurruka plazan dagoen Mutrikuko turismo-bulegoan, edo 943 603 378 telefono-zenbakiaren edo turismo@mutriku.es helbide elektronikoaren bidez, baita Geoparkearen webgunearen bitartez ere.

Mutrikuko igerileku zaharretik abiatuta, ordubeteko bisita gidatua proposatzen da, talde mugatuan. Bisita gidatu honetan munduan erreferentea den instalazioa barrutik ezagutuko dugu, eta turbina aretoan bertan proiektatzen den ikus-entzunezko baten bidez ulertuko dugu zer-nolako teknologiak erabiltzen diren itsasoaren indarretik energia lortzeko. Gaur arte, 8.400 lagunek bisitatu dute jada planta eta urtetik urtera bisitari talde gehiago hartzen ditu instalazioak.

 

Etiketak: Ingurumena Mutriku