2025-02-01
Nazioarteko Turismo Azokaren 40. edizioa egin da, Madrilgo Ifeman. Estatuko zein nazioarteko turismo-sektore osoa bederatzi pabiloitan biltzen dira: helmugak, turismo-produktuak, enpresak, komunikabideak, aldizkariak, teknologia berriak, airelineak, etab. Azken batean, turismo-industria osatzen duten pieza guztiak.
Euskal Kostaldeko Geoparkea presentzia bikoitza izan du aurtengo azokan. Alde batetik, Geoparkeak turismo-helmuga berritzaile gisa sustatzeko indarrak batu ditu Geoparques erakundearekin eta bigarren urtez jarraian bere standean parte hartu du. Bestetik, eta, sortu zenetik ohikoa den bezala, Euskadiko standean ere ordezkatuta egon da.
Aipatzekoa da Euskadiko standak erakundeen stand onenaren saria eta CC.AA. FITUR 2025 saria jaso dituela aurten, eta hori ere ohikoa bihurtzen ari da. Tradizioaren eta modernitatearen arteko konbinazioaren aldeko apustua egin da diseinuari dagokionez, eta lekua eskaini die hiru hiriburuei, kostaldeari eta barnealdeari, lanerako eremu bat ere egon da eta baita taberna bat ere, non Gamarrako ostalaritza-eskolakoek bertako produkturik onenekin egindako gutiziak eskaini diren.
Irekiera eta standaren inaugurazioa asteazken eguerdian egiten da, beti. Agintari eskudunek (gobernuko presidenteak edo Estatuko burua) azoka ireki ondoren, inaugurazio-ekitaldia hasten da Euskadiko standean, Eusko Jaurlaritzako ordezkarien hitzaldiekin eta musika-emanaldiren batekin. Aurten, standaren estiloarekin bat, gorriz dotore jantzitako bi emakumek txalaparta jo dute. Tradizioa eta modernitatea, elkar hartuta.
Geoparkeen standaren irekiera "apalagoa" izan da, hala ere, finantzaketarako zein standaren antolakuntzarako egiten den ahalegina baloratu beharra dago. Eskerrak eman behar zaizkie Geoparkeen lantaldeari eta AECIDi bigarren urtez jarraian stand hau jartzea posible egiteagatik. Erakustokia geoparkeen munduko sare osora zabaltzen da, baina bereziki Latinoamerikako eta Portugalgo geoparkeetara, azken horiek publikoa artatzen eta programazioan parte hartzen baitute.
Azokara sartzen zarenean, inpaktua izugarria da: argiak, musika, jendea... Ez da erraza aklimatatzea, eta hala diot hogeitaka Fitur baino gehiagotan parte hartu ondoren. Pertsonalki, niretzat apnea bat bezalakoa da. Helburu oso argiarekin sartzen zara: zure taldearekin harremanak indartzea, politikariak eta teknikariak agurtzea eta bertaratutakoen artean proiektu eta aliantza berriak bilatzea. Bi-hiru egun buru-belarri aritu ondoren, egunerokora moldatzen zaila den "zereginen" zerrenda batekin itzultzen zara; bi-hiru eguneko atzerapenarekin, gainera.
Fiturren ez bazaude, ez zara existitzen; hori da gu joatearen arrazoi nagusia
Azokan inbertitutako bitartekoak ikusita, hauxe da ezinbestean egin beharreko galdera: errentagarria al da Fiturrera joatea? Egia da ez dugula inoiz negozio handirik egin, baina han ez bazaude, ez zara existitzen; hori da gu joatearen arrazoi nagusia. Jende batzuekin han bakarrik egiten duzu topo, hemengoak izan arren, eta haiekin partekatzen dituzu proiektuak eta helburuak. Agurren eta musuen txanda da, proiektu komunak garatzeko bileretara deitzekoa, turismoaz konplexurik gabek hitz egitekoa... Produktu berriak aurkezteko tartea ere badagoenez, aurten Geoparkeko Birari egokitu zaio eta bertan aurkeztu dugu gure lurraldea zeharkatzen duen hiru etapako ibilbide berri hau. Sekulako plana!
Geoparkeak lanean ari dira ekoturismo-helmugen artean lekua irabazteko. Sustapen-lana indartzeko asmoz, aurkezpen- eta bilera-programa bat diseinatzen da, eta, hori nahikoa erakargarria ez balitz, tokiko produktuak dastatzen dira. Sarritan hori da ahora eramaten duzun jateko bakarra, jatetxeetarako eta "saltxitxautoetarako" ilarak jasanezinak izaten baitira.
Motibagarria eta ilusionagarria da hainbat geoparketako ordezkaritzak elkar agurtzen eta hitz egiten ikustea. Urte luzez lurralde hauek bisitatu ondoren, nahiz eta kargu publikoak aldatzen joan, enpresariek eta teknikariek elkar ezagutzen joaten dira eta oso lotura "geoparkeroa" eratzen da.
Azokaren lehen hiru egunak publiko profesionalari eskainita daude. Hornitzaileekin eta bezeroekin, bidaia-agentziekin eta bitartekoekin lan egiteko unea da. Asteburuan, berriz, publiko orokorrari irekitzen zaio: oihana da. Lehen egun hauetan xehetasun handiagoz lan egiten da, azken publikoa erakartzen saiatuz; baina ondo bereizi behar dira benetan interesatuta dagoena eta merchandising elementuaren bila bakarrik datorrena; lehenengoa publiko objektiboa da, eta bigarrena, ez.
Arlo pertsonalean, igartzen da enkarguek ere behera egin dutela bidaiak internetez planifikatzen direnetik. “Ekarri informazioa Albaniaz, Mexikoz edo Deltebrez…”. Lehen, zerrenda amaigabea zen, eta arratsalde oso bat eta maletan tarte handia eskaini behar zenizkion liburuxka saldoari. Sekulako lana... Orain, aurrez aukeratutako helmugaren turismo-gidarien edo -zerbitzuen enpresaren baten erreferentziak lortu behar dituzu.
Geoparkearen kasuan, Geoparkearen liburuxka orokorrari ematen zaio lehentasuna, amu gisa. Informazio praktikoena eskaripean ematen da eta, behin helmugan, Debako, Zumaiako eta Mutrikuko turismo-bulegoak bisitatzea gomendatzen da, informazio zehatza eta eguneratua eskuratzeko. Aurten, berrikuntza gisa, Geoparkearen Biraren eskurorria eraman dugu, hau da, Geoparkea ezagutzeko beste modu bat ( oinez eta presarik gabe) proposatzen duen produktu turistiko berriaren informazioa.
Fitur amaituta, apneatik ateratzen zara eta bizitzak aurrera jarraitzen du. Datorren urtera arte.
Leire Barriuso Astigarraga,
Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea