Herioren betortzak

2025-09-01

Herioren betortzak

Haizea hotza da. Egun luzeak bukatu dira eta egun ilunak hurbiltzen ari dira. Deba kezkatuta dago. Taldearentzat jatekoa bilatu beharra dago. Aurreko urteetan, sasoi honetarako askoz ere elikagai gehiago aurkitzen zuten. Ehiza eskasa izaten ari da azkenaldian. Piztia agertu zenetik, beste animaliak desagertu egin dira. Beldurrez dauzka, ezkutatzera behartu ditu.

DEBA eta tribu-kideek itsasora joan beharko dute bertako izakiak harrapatzera. Horrekin eta kobazulo inguruan bildutako landare eta belarrekin konformatu beharko dute momentuz. Baina, horrela, taldea ahulduta bukatzeko arriskua dago.

Abiatu dira itsasorantz. Deba aurretik doa. Bera da buruzagia. Gaztea da, indartsua da eta zentzumenak garatuen dituen kidea ere bada. Txikitatik dauzkan aparteko usaimen, entzumen eta ikusmenari esker, taldeko ehiztaririk trebeena da. Hala ere, inork ez dio sinesten inguruan piztia erraldoi bat dabilela esaten duenean. Berak ere ez daki ikusi zuen basapizti hura zer izan zitekeen. Agian itzal bat besterik ez zen. Baina, ez! Barne-barnean sentitu zuenak kontrakoa esaten dio: piztia beldurgarri bat gertu dabil.

Bide erdia egin dutenean, sekulako orroa entzun dute. Praileaitz ingurura begiratu eta animalia erraldoi bat dirudiena ikusi dute. Traketsa da, ibilkera motela du, baina inoiz ikusi duten piztiarik bikainena da. Debak keinu egin die taldekideei eta estu heldu dio lantzari. Korrika abiatzeko ordena eman die baina denak izoztuta bezala geratu dira. Ez diote aurre egin nahi abere erraldoiari. Burumakur jarraitu dute itsasorako bidea.

Hondartzara iritsi direnean xamana ikusi dute. Lehortzen utzitako algak jasotzen ari da. Taldea gerturatu zaionean, euren aurpegietan ikusi duena ez zaio gustatu. Lotsa, beldurra eta koldarkeria darie. Debari ezik. Debaren begietan amorruaren sua piztuta dago. Xamanak bere inguruan esertzeko eskatu die. Sua piztu du erdian eta erritua egiten hasi da. Gerrian daraman zorrotik belar more batzuk atera ditu eta sutara bota dituenean sekulako ke-lainoa sortu da.

- Piztia Debaren zain dago. Lainoak erakutsi dit. Herio ere bertan dago. Ausartei bakarrik barkatuko die.

Bilera desegin eta tribua jakien bila hasi da. Uretatik eta inguruko arroketatik animaliak batzen hasi dira. Zorroak eta zintzilikarioak ehizakiz beteta dituztenean, kobazulora itzultzen hasten dira. Gutxi gorabehera erdibidean daudenean, bat-batean Deba gelditu egiten da. Bere zorro eta arrainez betetako gerriko-uhalak lurrean uzten ditu eta lantzarekin bakarrik geratzen da. Tribuko indartsuenei tinko begiratzen die. Denek dakite harrapatu dutenarekin negua gainditzeko adina ez daukatela. Baina denak dira Herioren beldur.

Deba bakarrik abiatzen da. Libre daukan eskuarekin xamanak oparitutako lepokoa ukitzen doa. Piztia ezagutzen ez duen arren, badaki nola menderatu. Gaztetxoa zenetik ehizatu dituen piztia guztien izpirituek indarra emango diote. Guztiak daude beregan. Ez dauka beldurrik.

Animalia azkenekoz entzun duten tokira bideratu ditu bere urratsak Debak. Badaki honezkero piztiak usaindu duela. Orain, bere atzetik joan dadin lortu behar du. Praileaitz kobazulo ingurura gerturatu da Deba, handik ehun urratsera baitago tranpa. Aspaldi egin zuten zulo handia lurrean. Piztia handiak ehizatzeko modurik seguruena izaten zen eta tribuak lan gogorra egin zuen lurra zulatzen. Hondoan lantza zorrotzak jarri zituzten eta, bukatzeko, adar eta hostoekin estali zuten zuloa, ondo ezkutatuta gera zedin.

Kobazulotik 80 urratsera dagoela antzeman du piztia atzetik datorkiola. Abiadura bizian dator eta bere orroek oilo-ipurdia eragin diote Debari. Buruko ahotsa isildu, bihotza bizkortu eta hankak korrika hasi zaizkio bat-batean. Zulora bideratu du animalia eta tranpara iristean, ondoko zuhaitzera igo da Deba, katagorri bat bezain arin. Animaliak ezin izan du garaiz gelditu eta segadan erori da. Zuhaitzaren ondoan utzitako harritzarrak hartu eta animaliaren buruaren kontra botatzen hasten da. Piztiaren marruak ikaragarriak dira. Azkenean, mututu egiten da. Borroka bukatu da.

Deba zulora jaitsi da. Betortzak kendu dizkio piztiari. Bat lepokoan zintzilikatu du, bestea Praileaitz kobazuloaren barrenean utzi eta Heriori eskaini dio. Ermittiara itzuli da. Xamanak egin dio harrera. Piztiarekin amets egiten lagunduko dion edaria eskaini dio, lokartzeko. Debak edan batean hustu du txarroa.

Esnatu denean, tribuko kideak lanpetuta daude piztitzarraren haragia zatitzen eta larrua ontzen. Debak bere lepokora eraman du eskua. Piztiaren bigarren betortza ere hor dago.

Etiketak: Deba