Historiaurrea

Historiaurrea Geoparkearen balio handienetako bat da. Arlo horretako ikerketa XX. mendearen lehen erdian hasi zen, Jose Migel Barandiaran eta Telesforo Aranzadiren ikerketekin. Gaur egun, Geoparkea funtsezko lurraldea da Kantauriko arkuko historiaurreko giza eboluzioa ulertzeko.

Geoparkearen lurraldeak aztarna arkeologikoak dituzten 20 haitzulo baino gehiago ditu; beharbada, Kantauriko arku osoko Paleolito garaiko aztarnategien kontzentrazio eta dentsitate handiena. Kontzentrazio hori bereziki garrantzitsua da Deba bailaran. Hor daude, besteak beste, Ermitia, Praileaitz, Langatxo eta Iruroin haitzuloak. Gure HISTORIAURREKO BAILARA da, 3,5 kilometroko ibilbidean hedatutako aire zabaleko muesoa.

Aztarna-kontzentrazio handiena Goi Paleolitoan gertatzen den arren, tarte kronologikoa askoz zabalagoa da, eta Behe Paleolitotik, duela 200.000 urtetik, erromatarren garaira arteko aztarnategiak ditu.

Industria-aztarnen kantitateak eta barietateak aukera ematen du, lehenengo, Neandertalaren eta, ondoren, Homo sapiens sapiensaren eboluzio kulturala berreraikitzeko.

Labar-artea duten zenbait haitzulo berezi daude, hala nola Arbil, Praileaitz I eta Astigarraga, baina guztien artean Ekain haitzuloa da nabarmentzekoa, UNESCOk 2009an Munduko Ondare izendatu zuena, Goi Paleolitoko (Madeleine aldia) labar-artearen multzorik onenetako bat izateagatik.

Praileaitz haitzuloko lepokoak Madeleine aldiko tresnen artearen mundu osoko aurkikuntza berezienetako bat dira. Lepoko horiek eta gainerako aztarnategiak adierazten dute kobazulo hori, agian, espiritualtasunarekin lotutako helburu bereziekin erabili zela.

Faunaren aztarnak ugariak eta askotarikoak dira. Badakigu gure arbasoak elur-orein, orein, bisonte, ahuntz, lehoi, errinozero, zaldi eta mamutekin bizi izan zirela hemen. Hainbat aztarnategi nabarmentzekoak dira; adibidez, Kiputz leizea leizea, bertan aurkitu baita Europako mendebaldean hobekien kontserbatutako estepako bisontearen burezurra.

Karstaren bilakaerari, ibaietako terrazei, estuarioen eraketari eta itsasertzeko marearteko zabalguneei buruzko ikerketa geologikoei esker, iraganeko klima-aldaketak berreraiki ahal izan dira, baita itsas mailan eragin zituzten aldaketak ere, eta horrek gure arbasoak bizi ziren ingurumenaren errealitatea ulertzen laguntzen du.

 

Geoparkeko historiaurreari buruzko informazio gehiago:

Aranzadi Zientzia Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak; Mutriku, Deba eta Zestoako Udalak, elkarlanean sortutako argitalpenak. Turismo bulegoetan salgai.