Marea gora, marea behera

2025-05-02

Marea gora, marea behera

Udaberria astindu batekin iritsi da Geoparkeko itsaslabarretara, bertatik mareak harrapatuta 14 pertsona erreskatatu behar izan dituztelako. Horrelako gertaerek agerian uzten dute harraldetik ausartzen diren pertsona askok gure kostaldeko marea-zikloak ez dituztela ezagutzen, edo, behintzat, ez dituztela behar adina baloratzen. Beraz, egoera larririk saiheste aldera, mareen fenomenoa argitzen saiatuko gara.

Mareak ulertzen hasteko, haiek eragiten duten faktore nagusiak Ilargiak eta Eguzkiak Lurreko ur-masetan eragindako grabitate-erakarpenaren indarra, eta astro horiek beren orbitetan duten posizio aldakorra direla esan behar da. Neurri txikiagoan, beste faktore batzuk ere erabakigarriak dira, esaterako, Lurraren ardatzaren inklinazioa, planetaren errotazioak eragindako indar zentrifugoa edota uneko presio atmosferikoa.

Ilargia Lurraren inguruan egiten du bira da eta 7 egunetik behin orbita horren koadrante desberdin batean kokatzen da, Al-Biruniren eskemak erakusten digun bezala. Batzuetan, berria izeneko fasean denean, Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean dago, eta azken honen argia erabat estaltzen du. Beste muturrean, Ilargiak bete-betean jasotzen du Eguzkiaren argia, eta orduan ilargi betea ikusten dugu. Alboetako batean jartzen bada — koadratura delakoan —, Eguzkiak Ilargiaren alde bat baino ez du argiztatzen, ilgora eta ilbehera denean, hain zuzen. Ilargiaren orbita hori eliptikoa da, eta, beraz, Lurrarekiko duen distantzia ez da beti berdina: punturik urrunenean (apogeoan), Ilargia Lurretik 407.000 kilometrora dago, baina distantzia hori 356.000 kilometroraino laburtzen da bere lekurik hurbilenean (perigeoan).

Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen mugimenduari dagokionez eskema errepikatu egiten da. Hori bai, Lurrak orbita hura zeharkatzeko behar duen denbora luzeagoa da, urtebetekoa. Neguaren hasieran, bere puntu hurbilenean edo perihelioan, bi astroen arteko distantzia 147 milioi kilometrokoa da. Ekaineko solstizioan, aldiz, Lurra Eguzkitik 152 milioi kilometrora dago, bere afelioan. Ekinozioetan, Lurra koadraturan kokatzen da, 149 milioi kilometro inguruko distantzian.

 

 

Beraz, lerrokatutako astroak eta haien arteko angelua dela eta erakarpen-indar aldakorrak sortzen dituzten distantzia aldakorretan kokatuta, gainera... Mareak indartsuagoak dira (marea biziak) bi astro edo gehiago lerroan eta haien artean zenbait eta hurbilago daudenean; eta apalagoak (marea hilak) zeruko gorputz horiek elkarrengandik urrundu eta haien artean angeluaren bat eratzen dutenean.

Hala, hilean bitan, Lurra, Ilargia eta Eguzkia erabat lerrokatzen dira —ilargi betean eta berrian — eta ozeanoen gaineko erakarpen-indarrak batu egiten dira. Hileko marea biziak dira. Baina, gainera, ekinozioetan, Lurraren ekuatorea eta Eguzkia plano berean daude, eta horrek azaltzen du mareek martxoan eta irailean duten bitarte handiagoa. Koadraturan, hilean bitan ere, mareak hilak izango dira.

Mareen bitarteak toki batzuetan duen aldea ikusgarria izan daiteke, eta, adibidez, Fundyko badian (Kanada) diferentzia hori 21 metroraino irits daiteke. Ur-masa txiki edo itxien gainean, aldiz, erakarpen-indarra oso txikia da, eta horrela azaltzen dira Mediterraneoa bezalako itsasoetan ia ez dagoen mareen bitartea.

 

 

Euskal kostaldean, marea bizienetan itsasbeheraren eta itsasgoraren arteko altuera-aldea 5 metro ingurukoa da. Aitzitik, adibidez 2025eko otsailean eta martxoan gertatu den bezala, marea-koten arteko altuera-diferentzia hori murriztu egin da, eta metro bat pasatxokoa izatera iritsi da. Marea-hedadura motel horien arrazoia Ilargia bere orbitan oso urrun dagoelako da. Horregatik, altuera hain aldakor horiekin, egun batean sustorik gabe paseatzeko leku lasaia dirudiena, beste batzuetan tranpa bihurtu daiteke, eta zaila izan daiteke handik irtetea. Beraz, bertara hurbiltzeko gomendagarriena Geoparkeak eskaintzen duen bezalako bisita gidatu bat da.

 Bukatzeko, esan mareen inguruko uste faltsu asko daudela, hala nola bizienak udazkenean bakarrik gertatzen direla, eta bitarte handienekoak irailekoak izaten direla, San Migel egunaren inguruan. Bada, esan bezala, marea biziak hilero errepikatzen dira, sarritan urteko bizienak udaberrian izaten dira (2025ean gertatu den bezala) eta San Migel egunean marea biziak soilik izango dira baldin eta Ilargia bere fase betearen edo berriaren gertu badago.

 

 

 

Etiketak: Geologia