Marearteko zabalguneari buruzko tratatu ez geologikoa

2023-10-05

Marearteko zabalguneari buruzko tratatu ez geologikoa

Artikulu honetan sermoi geologiko bat bota eta biologia apunte batzuk eman behar dizkizugula uste baduzu, barkatu baina okerreko lekuan zaude. Izan ere, lerro xume hauen helburua marearteko zabalgunea zer den eta bere ezaugarri nagusiak zeintzuk diren modu errazean azaltzea da, besterik ez. Eta bidez batez, noski, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeko marearteko zabalgunean ere egingo dugu geldialdia, berezitasunak dituelako, eta Geoparkeko hiru herrietan, Zumaian, Deban eta Mutrikun, ederki asko ikusi daitekeelako.

Zer da marearteko zabalgunea?

Marearteko zabalgunea formazio geologiko bat da, kostaldean itsas mailan agerian geratzen den arroka-plataforma lau bat, hain zuzen ere. Marearteko “rasa” edo abrasio plataforma bezala ere ezagutzen da. Harriz osatutako plataforma hau duela milioika urte antzinako itsas hondoetan sakonera handian metatutako hainbat arroka sedimentarioz osatuta dago, besteak beste, hareharriz, eskistoz, tupaz eta kareharriz.

Sarritan marearteko zabalgunea eta flysch terminoak konfunditu egiten ditugu. Lasai, jende askori gertatzen zaion gauza bat da. Teknikoki, geologikoki, ez dira gauza bera, baina azken finean, arroka sedimentarioetan oinarritutako estrukturak izatean, oinarri berbera partekatzean, bi kontzeptuen arteko lotura oso estua izan ohi da. Zein da bien arteko ezberdintasun nagusia? Flyscha labarretan eta kostaldetik haratago garbi ikusi daitekeen fenomeno bat den bitartean, oso bisuala, marearteko zabalgunea itsaslabarren oinarrian, zoruan, itsas mailan kokatzen da, eta bere izenak argi esaten duen moduan, mareen menpe dagoen arroka plataforma bat da, itsasberan bakarrik agerian geratzen dena. Eskulturaren munduarekin analogia bat eginez, marearteko zabalgunea eskultura artistiko erraldoi baten forma dela esan genezake, eta flyscha aldiz, artelan hori egiteko erabili den materiala, kasu honetan, sedimentu itsastarrez osaturiko milaka kapa.

Marearteko zabalgunean zehar ibiltzea itsasoan galtzen diren flysch geruzetan zehar ibiltzea da; Lurraren historiaren liburu erraldoiaren orrialdeetan barne aurrera eta atzera egitea.

Marearteko zabalgunea Geoparkean

Marearteko zabalgunea itsasoaren higaduraren eta itsaslabarren etengabeko atzerapenaren aztarna bizia dela esan dezakegu. Itsasoko olatuek -eta hauek arrastaka daramatzaten harriek- flyscheko itsaslabarrak atsedenik gabe kolpatzen dituzte, denboraleak dauden garaian, indarkeria benetan bortitzarekin. Honek, beste arrazoi batzuen artean, gure kostaldean luziak eragiten ditu sarri. Gogoratu arroka sedimentarioz egituratzen dela flyscha, geruza bigunak eta geruza gogorragoak txandakatuz. Hori horrela, itsasoaren kolpe eta higadura horrek azkenean bere emaitza lortzen du: flyscharen geruza hauskor eta bigunenak azkarrago higatu eta irristatu egin ohi dira (flysch terminoa ‘flyschen’ germaniar hitzetik dator, eta honek ‘labaindu’ esan nahi du) geruza gogorrenetan zehar, txirrista baten antzera, lurrera eroriz. Horrela bihurtzen dira flyscharen geruza horiek itsaslabarren oinarrian dauden arroka kaosaren parte, higadura zikloaren parte. Izan ere, olatuek erori berri den material hori bereganatu eta itsaslabarren aurka jotzeko erabiliko dute. Higadura lana ez da inoiz eteten.

Non ikusi daiteke marearteko zabalgunea?

Egia esan, marearteko zabalgunea ez da Euskal Kostaldeko Geoparkean soilik ikusi daitekeen fenomeno bat. Egitura geologiko hau globala da eta zorionez Kantauri isurialdeko hainbat tokitan gozatu daiteke: Galizia ekialdean, Asturiasen, Kantabrian, eta nola ez, Euskal Kostalde osoan zehar, Iparralde barne. Zonalde bakoitzak badauzka bere berezitasunak, noski, baina informazio basiko honek aipatutako leku guztietarako balio du. Kantaurialdeko marearteko zabalgune kontzeptu orokorraz ere hitzegin genezake. Hala ere, bai aurreratu diezazukegu Mutriku, Deba eta Zumaiako marearteko zabalguneak badituela xarma eta ezaugarri berezi batzuk.

Zumaiako harraldea

Geoparkeko marearteko zabalgunean murgilduko gara zuzenean, konkretuki, egitura geologiko hau gurean ikusteko leku eta kokapen aproposenetan. Marearteko zabalgunera egiten ditugun bisita gidatuetan ikusten diren interes puntuekin kointziditzen dute, nola ez:

  • Algorri puntatik mendebaldera geratzen den itsaslabarren oinarri guztia, Zumaian.
  • Mutrikuko “Zazpi Hondartzak” bezala ezagutzen den kalaz jositako labarrak, Saturrarango ekialdeko parajeak barne.
  • Lapariko hondartza Deban.
  • Sakonetako inguruak. Geoparkeko marearteko zabalgunea ikusteko leku ederrenetako batez ari gara. Kontutan izan Itziar-Deban dagoen naturgune honetara oinez bakarrik heldu zaitezkela. Zalantzarik gabe, merezi du. Itsasberan marearteko zabalguneak agerian uzten duen azalera izugarri handia da, eta sortzen den arroka paisaiak beste planeta batekoa, estralurtarra, dirudi. Gomendio txiki bat: Sakoneta eta Mendatako inguru hau altuera eta perspektiba ikuspuntu batekin gozatzeko, igo zaitez Mendatagainako begiratokira. Sakonetako geoibilbideko interesgune honetatik ikusitako paisaia ez duzu erraz ahaztuko. Euskal Kostaldeko talaia paregabea. Ez zara damutuko.

Mendatagainako begiratokia

Euskal Kostaldeko Geoparkeko marearteko zabalgunearen ezaugarri bereziak

Ezin zaitugu joaten utzi Geoparkeko marearteko zabalgunearen berezitasunak azaldu gabe, egitura misteriotsu hau gertutik ikusteko bost arrazoi potolo eman gabe:

  1. Geoparkeko marearteko zabalgunea Kantauriar isurialdean barrena daudenen artean handienetakoa da. Gurean itsasberan agerian geratzen den arroka plataformak 50 hektarea baino gehiago hartzen ditu. Atera kalkulagailua, futbol zelai dexente ateratzen dira hortik.

  2. Biodibertsitate anitza eta ekosistema preziatua. 250 izaki bizidun baino gehiago bizi dira itsaslur ekosistema aberats baina era berean hauskor honetan, tartean flyscheko olagarroa (Zumaiako animaliarik preziatuena), anemonak, itsas trikuak eta itsas izarrak, alga mota ezberdinak, nekorak, ubarroiak, itsas erbiak, etb. Marearteko zabalgunea bioaniztasunaren festa koloretsu bat da.

    Marearteko zabalguneko izaki bizidunak eta biodibertsitatea 
  3. Marearteko zabalgunea itsasoaren indarra eta olatuen etengabeko zizelkadura eta higadura lana ikusteko eta sentitzeko leku aproposena da. Zenbat apostu Kantauri itsasoak gure kostaldean kolpatzen duen botere zizelkatzaile hori inspirazio iturri izan zela hainbat eskultore euskaldunentzat, adibidez Chillida eta Oteizarentzat.

  4. Geoparkeko kostaldea mendebaldeko Kantauriko ur hotzenen eta Bizkaiko Golkoaren gibelean bildutako ur beroenen arteko muga dira. Hori dela eta, inguru ezberdineko espezie nahasketa handia ematen da bertan, ekosistema bakar eta aberats bat sortuz.

  5. Eta ezin ahaztu mareen inguruan dagoen testuinguru beti misteriotsua. Zergatik sortzen dira? Zergatik dira egunero desberdinak? Mareen zikloak naturaren fenomeno ikusgarrienetako bat dira. Gurean gainera, itsasgora eta itsasberaren artean sortzen den itsasmailaren diferentzia ez da nolanahikoa. Marea bizien garaian, diferentzia hori, altueran, bost metrokoa izan daiteke. Pentsa zer den bost metroko altuera batetik erortzea.

Marearteko zabalgunea Sakonetako lurmuturrean

Marearteko zabalgunea bisitatzeko gomendioak

Noiz komeni da marearteko zabalgunera hurreratzea? Egia esanda, ez dago besteen gainetik nabarmentzen den urtaro bat marearteko zabalgunea ezagutzeko, baina badaude urtean zehar garai edo sasoi aproposak. Bai, marea biziak ematen diren egunetaz ari gara. Urtean zehar hiruzpalau episodio -egun batzuk hartzen ditu bakoitzak- ematen dira non Kantauri itsasoak gurean uzten dituen mareak bereziki nabarmenak dira. Itsasgoran itsasmaila asko igotzen da, eta itsasberan ura urrutira joaten da, arroka plataforma eder hori inoiz baino ageriagoan utziz. Ea, marearteko zabalgunea, itsasbera dagoenean, urte osoan zehar ikusteko aukera duzu, parte txiki bat bada ere. Hala ere, ahal izanez gero, etorri zaitez Geoparkea ezagutzera marea bizien garaian, eta zalantzarik gabe, egun horietan antolatzen ditugun bisita gidatu berezietara etortzera biziki animatzen zaitugu. Marearteko zabalgunea bertatik bertara adituen laguntzaz ezagutzeko aukera ederra, esperientzia itzela.

Marearteko zabalgunera bisita gidatua Zumaian

Ez dugu marearteko festa hau zapuztu nahi, baina itsaslabarren begiradapean eta arroka plataforma baten gainean ibiltzeari buruz ari gara, hortaz, arreta minimo batzuk kontutan izan behar dira: ura eta putzuak nonahi, arrokak irristakorrak dira... Ezinbestekoa da kirol-oinetako aproposekin ibiltzea, zola irristagaitzarekin. Lurra malkartsua denez, ezegonkorra eta ertzez beterikoa, marearteko zabalgunea ez da pertsona guztientzat egokia den inguru bat. Hori horrela, ez da mugikortasun-arazoren bat duten pertsonei gomendatu diezaiokegun jarduera bat.

Eta azkenik, logika erabili eta zentzuz eta arduraz jokatu: ez ahaztu mareen egoerari eta ordutegiei buruz informatzea, galdetzea. Mareen zikloetara ohituta ez bazaude, kontu handiz ibili, mesedez. Itsas mailaren igoerak sustoren bat ekar dezake, isolatuta gera zaitezke, urez inguratuta, gutxien espero duzunean. Hortaz, argi ibili, ez dugu nahi ezustekorik edo larrialdiko erreskateren bat egin behar izatea. Zalantza minimorik izanez gero, begiratokiak, geoibilbide errazak eta gazta eta txakolina dastatzeko bisita gidatuak ere baditugu Geoparkean ;).

Algorriko begiratokia Zumaian

Hau da momentuz marearteko zabalguneari buruz kontatu nahi genizun guztia. Zer iruditu zaizu ikuspuntu ez oso geologiko hau? Zalantzarik geratu al zaizu arroka geruza, karramarro eta putzu artean? ;)

Etiketak: Geoturismoa Flysch