Geoparkezaleak: elkarlanerako topagunea

2023-09-01

Geoparkezaleak: elkarlanerako topagunea

Geoparkeek duten indargune garrantzitsuenetako bat nazioarteko sarean egiten den elkarlanean datza. Maila ezberdinetan gauzatzen da sare hau: estatu mailan, Europako Geoparkeen Sarean (EGN), eta, azkenik, mundu mailako sarean. Sare oso aktiboak dira, lantaldetan antolatzen dira eta talde bakoitzak bere emaitzak ematen ditu: argitalpen zientifikoak, liburuak, erakusketak eta material ezberdinak hainbat formatutan. Elkarlan honek, material konkretuez gain, beste onura batzuk ere baditu: harreman pertsonalak, esaterako. Pertsonek egiten dituzten lanek eusten dituzte sareak eta horrek hain zuzen ere, ematen die iraunkortasuna. Inplikazio ezak sare bat eraginkorra ez izatea eragin dezake are gehiago nazioarteko sareetako parte-hartze aktiboa borondatezkoa bada.

Beste maila batean baina gauza bera gertatzen da geoparke bakoitzeko barne sarean. Geoparke bat, garapenerako tresna bat den neurrian, bertako agenteen partaidetza eta inplikazioa ondo errotuta izan behar du, horrek emango baitio iraunkortasuna eta arrakastaren seinale ere izango da.

Gurean, Euskal Kostaldeko Geoparkean, barne sare hau antolatzeko estrategiari Geoparkezaleak deitzen diogu. Agente ezberdinez osatutako komunitatea nahi du izan, orain arte hazkunde desberdin eta desorekatua izan duen arren, hurrengo urteetan partaidetza orekatzea eta sarea sendotzea da helburua.

Geoparkea oraindik proiektu edo ideia bat besterik ez zenean turismo sektoreko enpresek begi onez ikusi zuten hasiera-hasieratik. Proiektua bultzatzeko konpromiso-idazkiak sinatu zituzten askok eta, ebaluatzaileak Geoparkearen hautagaitza aztertzera etorri zirenean, bere inplikazioa erakutsi zuten bertatik bertara.

Espektatibak oso altuak ziren. Horrek, ona izanda ere, bere arriskuak ditu ez badira ondo neurtzen. Geoparkearen figura, lanerako marko bat da: ez da helburua, bidea baizik. Helburu zail bat lortzeko ipintzen den ilusio eta energia maila mantentzea ez da erraza behin helburua lortuta. Hori bera gertatzeko arriskua zegoen hemen ere. Geoparke izatea lortu dugu… eta orain zer?

Pedagogia handia egin behar izan zen bai negozio turistikoekin baita herritarrekin eta politikariekin ere. Arrakasta ez da Geoparke izatea, bide horretan lortu dezakezun garapena baizik.

Hamahiru urte eta gero, turismo sektoreko Geoparkezale talde jarraitzaile zintzo bat sortu, mantendu eta hazi dugu. Lehenengo pausoa Geoparkezale izateko irizpideak zehaztea izan zen, jokoaren arauak hasieratik garbi utzi eta erabakia norberaren aukera izan zedin.

Azkenengo urteetan harreman estua izan da turismo sektoreko Geoparkezaleen artean, jarraipen bilerak, formakuntza edo marketin ekintzak egin dira. Dinamika positiboa dela esan genezake eta bere horretan jarraituko duela, proiektu berritzaileak gauzatzen eta talde sentimendua indartzen.

Geoparkeak aurrera begira duen erronka nagusia kultura eta kirol elkarteak, enpresak eta pertsonak komunitatera eranstea da. 

Enpresa industrialak ere komunitatearen parte izan beharko lirateke. Ez litzateke berdina izan behar enpresa bat geoparke baten kokatuta egotea edo ez. Unescok izendatutako naturagune babestu baten egotea tokiarekiko sentimendu eta kontzientziazioa areagotu dezake; epe motzera onura ekonomikorik ekartzen ez badu ere, marketin aldetik ondo erabili daiteken baliabide bat da. Hala erakutsi digute ildo horretan diharduten enpresa multinazionalek, nazioarteko errekonozimendu eta sariak lortuz.

Orokorrean, Geoparkean kokatuta dauden enpresek, bai nagusi eta bai langileek Geoparke baten kokatuta daudela jakin beharko lukete; ez dut uste gaur egun ezagutza hau oso hedatua egongo denik, nahiz eta ekintza puntualak egin izan diren: Geoparkeko argazkiekin harrerak apaindu, GeoGourmet bertako produktuen otarraren eskaintza, enpresek jasotzen dituzten bisitei irteera gidatuak eskaini, etab.

Bai elkarteak eta bai enpresa industrialak funtsezko piezak dira komunitate esanguratsu bat osatzeko, antolatuta dauden heinean errazagoa da gure mezua helaraztea-eta nahiz eta hasieran gutxi batzuekin hasi.

Banakako herritar batzuk ere Geoparkezaleak dira dagoeneko. Urteak daramatzate guk antolatutako ekintzetan parte hartzen, buletina e-postan jasotzen, edo zenbait gertakarien gainean ohartarazten (labarretako fosil bat erortzeko arriskuan dagoela edo arrantza-jarrera susmagarriak salatzen, esaterako). Norberaren iniziatibaz egiten dituzte ekarpenak, inguruarekiko errespetua eta naturaren kontserbazioa mantentzeko baliotsua ikusten dutelako Geoparkea.

Denok izan gaitezke Geoparkezale natura maite badugu, gure ohiturak mantendu nahi baditugu, bizi edo lan egiten dugun tokiaz harro bagaude... Laster azalduko dizuegu nola egin bat Geoparkezale sarearekin. Lan handia gelditzen da egiteko, baina elkarrekin aberasgarriagoa izango da emaitza. Izan Geoparkezale!

Etiketak: Turismoa