2024-05-24
Maiatza da Nazio Batuek Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna plazaratzeko aukeratutako hilabetea. Eta maiatzean ere egin ohi da Europako Geoparkeen Astea, herritarren artean Europako Geoparkeen ondare natural eta kulturala ezagutarazteko ekimena. Bada, aurten, bi ospakizun horiek bat egin dute Euskal Kostaldeko Geoparkean, besteak beste, lurraldearen aniztasun biologiko aberatsa jendearengana hurbiltzeko.
Sarritan, ingurukoekin biodibertsitatea zer den hitz egiten dudanean, gehienek leku jakin batean bizi diren izaki bizidunen espezie kopuruarekin lotzen dutela ohartzen naiz. Eta erantzun hura okerra ez den arren, terminoaren hazpegi bat baino ez du islatzen; biodibertsitate hitzak zientifikoa baino gehiago esanahi soziala edo politikoa baitu. Aldarrikapen bat da, beraz, 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera espezieen aniztasuna, ekosistemen aniztasuna eta dibertsitate genetikoa balioesten saiatzen dena, dibertsitate horien suntsipenaren eta desagertzearen aurre egiteko asmatutakoa, hein handi batean.
Egia da dibertsitate ekologikoa ekosistema jakin baten, edo bertan bizi den komunitatearen barne-aniztasuna neurtzen laguntzen duen parametroa dela. Baina dibertsitate hori ez da leku jakin bateko espezieen kopuru osoa soilik; izan ere, espezie horietako bakoitzaren ugaritasun erlatiboarekin estu lotuta baitago (kalkulu sofistikatuenek espezieen arteko eboluzio-dibergentziaren denbora ere hartzen dute kontuan). Eta oparotasun hori, jakina, ekosistema horretako izaki bizidunen arteko erlazioen menpe dago: harrapakaria edo harrapakina izatea; arrakastaz ugaldu edo ondorengorik gabe hiltzea, elkarlanean aritzea edo bestearen kontura bizitzea... Ez da hori baino askoz zailagoa ulertzeko.
Zenbakien arabera, dibertsitate txikiko ekosistema batek espezie nagusi gutxi erakusten ditu, eta gainerakoen ugaritasuna azkar jaisten dela. Aniztasun handiko ekosistemetan, aldiz, espezie ugarik ugaritasun askoz erregularragoa erakusten dute.
Honaino dena ondo ulertu da? Laburbildu asmoz, ekosistema baten aniztasuna neur daiteke, beraz, eta formula gutxi-asko konplexuak erabiliz kalkula dezakegu. Gainera, kalkulu horietatik ondorioztatzen da ekosistema batean zenbat eta espezie gutxiago bizi, aniztasunari dagokionez ekosistema pobreagoa izango dela, eta espezieak bertatik desagertzeak pobrezia maila areagotu egingo duela. Azken hau ekosistema askotan gertatu da, eta suntsipena naturaren aldeko borroka-mugimenduen aldarrikapenaren motibazio nagusia bihurtu da; gaur egun biodibertsitatea deritzonaren hitza proposatzera heldu arte, hasieran esan bezala dirudien baino termino konplexuagoa denon ispiluan jarri arte.
Ekosistema batean zenbat eta espezie gutxiago bizi, aniztasunari dagokionez ekosistema pobreagoa izango da
Dena den, gaiarekiko urrutiratzea ekar dezakeen hitz teknikotik urrun —nahiz eta horiek, agian, kontzeptua bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoak izan—, Europako Geoparkeen Astean biodibertsitateaz gozatzeko gonbita luzatu nahi izan diegu herritarrei. Ingurua patxadaz behatzeko, naturaren soinuei adi egoteko, memorian kateatutako usainei ateratzeko parada emateko, gauzarik txikiena ikusteko bidearen ertzean gelditzeko..., askotan sinpleenean islatzen baita bizitzaren esentzia. Euskal Kostaldeko Geoparkean toki ugari dago naturan ondo pasatzeko eta hartatik ikasteko, izan babestutako naturaguneetan, zein haietatik kanpo. Mutrikun, Deban edo Zumaian dozenaka bide, bazter eta zirrikituetan mundu zaratatsuetatik apartatzeko parada izango duzue.
Lerro hauetatik botatako amua irentsi, Geoparkera etorri eta habitat horiek ezagutu nahi izanez gero, hona hemen gure menuaren kartak eskainitako kutixia batzuk:
Biodibertsitateari buruzko hausnarketa honekin bukatzeko, aldarrikapenari ere tarte bat utzi nahi diot. Izan ere, klimaren edo energiaren kasuan gertatu bezala, biodibertsitatea ere krisia larrian dago. Eta egoera honetara eraman dituzten faktore nagusiak ondo identifikatuta daude: espezie inbaditzaileen neurriz kanpoko hedapena, etengabeko habitat-galera, gune natural handiagoen babes eza eta ingurumena kudeatzeko benetan jasangarriak diren neurriak hartzeko atrebentzia falta.
Eta etsipenaren aurrean argi-izpi bat, frogatu baita naturak harengatik egiten dugun guztia soberan itzultzen digula, eta galdutakoa nahiko erraz berreskuratzeko gai dela. Izan ere, Sciencie aldizkarian argitaratu berri den artikulua honetan irakur daitekeen moduan, munduan zehar egiten diren kontserbazio-ekimenek bioaniztasunaren gainean positibo garbia izan dute, eta, gutxienez, haren beherakada moteltzea lortu dute. Alabaina, —eta hau kezkagarria da—, egindako esfortzu hauek ez dute biodibertsitatearen gainbehera gelditzea lortu, ez omen dira horretarako nahikoa izan eta areagotu egin behar dira; lan horretan tematu. Dudarik gabe, helburua merezi du.
Etiketak: Zientzia