2025-07-22
Jolasaren bitartez bertako geologia hobeto ezagutzeko adin guztientzako jokoa sortu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak: GIG&KLIK kartak. Ondo pasatzen dugun bitartean Geoparkeko eremuan dauden Geologia-Interesguneak (GIG) identifikatzeko aukera emango digu jolas berriak. Izan ere, karta sorta soilik ez, toki miresgarrien inbentario edo gida moduko bat ere bada jokoa.
Geoparkearen geologia askotarikoa da, oso ikusgarria eta ulertzeko nahiko erraza. Flyscha da gure bereizgarri nagusia, ikuspegi zientifikotik, eta UNESCOk eta Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak (IUGS) gure flyscharen nazioarteko garrantzia aitortu dute. Baina askoz gehiago ere badago gurean. Geologoa edo zientzialaria izan beharrik ez dago horiek ezagutzeko, Geoparkeko bitxiak deskubritzeko beste modu dibertigarriago bat bada: LIG & KLIK, harri eta zur utziko zaituen karta-jokoa.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen ondare geologikoa 65 Geologia-Interesgunek (GIG) osatzen dute. Hauen inbentarioak funtsezkoak dira gure geodibertsitatea kudeatzeko eta kontserbatzeko. Geologia-interesguneen balorazio kuantitatiboa egiteko, Geoparkeak metodologia propioa landu du. Metodologia horrek toki bakoitzaren interes zientifikoa, erabilera-potentziala eta kalteberatasuna aztertzen ditu, eta horietako bakoitzerako kudeaketa-neurriak proposatzen ditu.
Besteak beste, inguruan dugun geologiaren aniztasun hau modu dibertigarrian erakustea du helburu jolasak, Geologiaz inguratuta gaude, handia da bertako aberastasuna eta horren garrantzia. Batzuetan iruditzen zaigu ingurumenerako fauna eta flora direla garrantzitsuenak, eta badira, baina hor ez da bukatzen babestu eta zaindu beharreko natura. Geologia bizi garen ingurunearen funtsezko alderdia da.
Geologiaz inguratuta gaude, handia da bertako aberastasuna eta horren garrantzia
GIG&KLIK bertako ondarea hurbiltzeko ekimena da, beraz. Kartetan ageri diren lekuak behatzera animatzen ditugu jokalariak. Familia jolasa da eta joko ezberdinak egin litezke karta hauekin, jokalarien adinaren edo gogoaren arabera. Iñaki Aldekoa Larrañagak (Ekokaki Jokuak) diseinatutako karta jokoak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren babesarekin garatu du Geoparkeak.
Karta sorta berean hainbat joko batzen ditu GIG&KLIKek, geologiari lotuta. Karta-jolasa 8-99 urte bitartekoei zuzenduta dago eta 2-9 jokalarien artean jolasteko pentsatua dago. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dugu jokoa. Horixe baita helburua, ahalik eta jende gehienari aukera ematea Geoparkearen altxorrak eta, zehazki, geologia eskura izateko. Baliabide honekin ahalik eta leku gehienetara iritsi nahi dugu eta gure ingurunearen ezagutzan eragin. 10 euroren truke dago salgai, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan.
Ahalik eta GIG puntu gehien (atzealdean agertzen den zenbakia) biltzea, epeak, arroka motak edo prozesu geologikoak erlazionatuz eta planteatzen diren galderei erantzunez.
Kartak nahastu eta jokalari bakoitzari lau karta banatu: karta bat agerian utzi mahaiaren erdian eta gainerako karta-piloa buruz behera baztertu. Txandaka, eskuko GIGak partekatzen duten ezaugarri batez batu ahal izango dira: GIG baten lau ezaugarriak batzea lortuz gero, jokoaren amaieran puntuatzeko jasotzen da bera, eta inguruko GIGak baztertzen dira. Hartu kartak mordotik esku artean berriro lau eduki arte (edo bost, eskuko karta guztiak jartzea lortzen baduzu). Kartarik jarri ezin bada, baztertu guztiak eta hartu beste lau. Jokalari batek 6 GIG* lortzen baditu, jokoa amaitu egingo da. Puntuatzeko, GIGaren galderari zuzen erantzun behar zaio. Lortutako puntuak gehituko dira irabazlea zein den zehazteko. Piloko kartak amaitzen badira, baztertutako kartak nahastu mahaian geratu direnekin batera, beste pila berri bat sortzeko.
*GIG kopurua aukeratu dezakezue partidaren iraupena mugatzeko.
Erraza, hezitzailea eta entretenigarria!
Etiketak: Ondarea