Urrutikoak bost? Gertukoak hamabost

2026-11-03

Urrutikoak bost? Gertukoak hamabost
Basakatua (Peter Trimming_CC BY-SA 2.0)

 

Badugu nolabaiteko joera begirada lausotzeko, urruneko lurretara bidaiatzeko, janari exotikoak ahogozatzeko, munduaren beste puntako natura miresteko. Eta, gure ingurukoa? Ezagutzen al dugu pareko atea zeharkatutakoan eskura duguna?

Aurreko telebista denboraldian nabarmendu diren programen artean Natura Bizia zelakoak hartu zituen pantailak, titularrak eta, geroxeago, etorri den sari sorta. Saioak urrutiko parajeetan grabatutako irudietan ikusi ohi duguna hurbildu zigun, gertuko eszenatokiak erakutsi zizkigun, eta, gainera, audientzia datu onak izan zituen.

Ikuskizuna, eta baita ere, naturaren gordintasuna, ez da soilik oihan tropikaletan, urrutiko ozeanoetan edo munduko parke nazional handietan gertatzen. Gertuko baso, padura edo larreetako plato hauek, gehienak behintzat, Urdaibain daude, duela 40 urte legez babestutako eremu handian; gure inguruan aberatsenentzat jotzen den naturguneetako batean.

Lerrootan, berriz, fokua mugituko dugu eta Bizkaiko Biosfera Erreserba hartatik Euskal Kostaldeko Geoparkera egingo dugu salto. Ezkutuko kamerak hemen jarriko bagenitu, zer ikusiko genuke? Zein dira gure baso, erreka edo itsaslabarretako protagonista? Aurrez esan behar da ez dugula felido handirik ikusiko, edo dozenaka metroko altuera duten zuhaitzak, ezta adarkadura ikaragarrizko belarjaleak ere. Baina, haritz edo pago artean mugitzen diren basakatu, kakalardo edo orkatzen bizitokira egokitzeko manerak ez digu epel utziko.

Bloga estreinatzeko Geoparkeko baso handiari, Arnori hain zuzen, eskaini genion tartea, eta hango bizilagun batzuk aurkezteko parada izan genuen. Orain, lurralde honen beste bazter batzuk ezagutzeko unea hartuko dugu; itsasotik mendira, inor ase gabe ez uzteko.

 

Kostaldetik...

Akaso, Geoparkeko argazkirik erakargarrienetako bat itsasbeherak erakusten duen plataforma harritsu erraldoiarena da. Kolore guztietako algen erreinu horren putzu eta zirrikituetan, era guztietako ornogabeak —belakiak, anelidoak, moluskuak, krustazeoak, ekinodermoak...— bizi dira; eta txangarrak erakusten duen defentsarako grinak, olagarroaren mugimenduaren dotoreziak, edo krabarrokaren kamuflaje-mozorroak aho zabalik utziko zaituzte. Hegaztiek ere ondo ezagutzen dute marearteko plataforma, eta ubarroi mottodunek, koartzatxo txikiek harri-iraulariak bezalako zangaluzeek edo kaio hankahoriek, esaterako, despentsa bukaezina dute bertan.

Argazkia: Harri-iraularia (Jack Cook_CC BY 2.0)

Dena den, harraldeak ez dira marearen gorabeherek tapatu eta bistan uzten duten eremu bakarrak. Deba eta Urola ibaiak itsasoratzen diren estuarioetan padurak hedatzen dira, eta ekosistema hauek duten produktibitate (biomasaren ekoizpena denbora eta eremu jakin batean) ekologikoaren maila izugarria aitorturik, babestutako guneak dira.

Ibaiko eta itsasoko urek talka egiten duten leku horietan, korronteak moteldu egiten dira, nutrienteak pilatu egiten dira, eta algen eta padurako landareen fotosintesia biderkatu egiten da. Arrain eta ornogabe askok badakite hori, eta estuariora joaten dira errutera. Baita hezeguneetako berezko hegaztiak ere, eta munduko alde batetik bestera eramaten dituzten urteko migrazio handietan lautada lohitsu hauetan pausatu eta elikatzen ohi dira. Espezie batzuk nabarmentzearren, esan mokozabalak edo arrano arrantzaleak nahiko ohikoak direla Geoparkeko estuarioetan.

Itsas eremutik kanpo, olatuei eta kresalari aurre eginez, itsaslabarrak ez dira ozeanoaren eraginetik libratzen. Izan ere, haizeak, olatuen zipriztinek eta gatzak ingurua lehortu egiten dute, eta gainera, higadura handia eragiten dute. Baldintza horietan, landare gutxi batzuk baino ez dira bizi arrailduretan eta itsasertzeko erlaitz ezegonkorretan. Sarritan, landare zukutsuak dira, ehun lodidunak, koipean ur-erreserbak gordetzeko.

Argazkia: Itsas mihiluaren landare zukutsuaren fruituak

Labarraren ezegonkortasuna dela eta, apenas dago hegazti habiagilerik, baina zenbait tokitan, belatz handiek, haitz-enarek edo buztangorri ilunek, kasu, txitaldiak aurrera atzeratzeko aterpea aurkitzen dute han.

Barrualderago, lehorreko hegaletan eta zelaietan, iralekuak, txilardiak eta zenbait zuhaixka hazten dira. Hala, gurbitz, karraskila edo arteen artean, pitxartxarrak, Schreiber muskerrak, azkonarrak edo azeriak begirada mehatxagarrietatik ezkutatzen dira.

 

...gailurretara

Zilipurdi handi bat eginez, gorantz, ehunka metroko jauzia egiten badugu, Geoparkeko mendietan ikuspegia erabat aldatzen dela ikusiko dugu. Gailurrotan kareharria da nagusi, eta horrek guztiz baldintzatzen ditu paisaiaren formak, lurzoruaren ezaugarriak eta, noski, bertako bizidunak.

Hala, Izarraitzen, dolinak, lapiazak eta haitzuloak jositako eremu babestuan, beste habitat ugarien artean, pagadiak, mendiko larreak edo kareharrizko labarraren oineko baso mistoak nabarmentzen dira.

Egiari zor, mendi hauetan baso-landaketa ugari dago, baina baita landazabal gune hedatsuak ere. Horietako batzuk Porruetako eta Sagarretako sakon ederretan irekitzen dira, hegoaldera begira dauden kareharrizko mendi-hegaletan. Hau eremu zabaletako hegaztien —antzandobi arrunta, arrano sugezalea, zapelatz liztorjalea edo landazabalei eta heskaiei lotutako paseriformeak, adibidez— domeinua da.

Era berean, hostogalkorren basoa ondo ordezkatuta dago Izarraitzen; leku fresko eta hezeenetan pagadiak eta hariztiak mantendu dira, eta, altura handiagotan, elordiak eta Arrateko sakoneko bezalako kareharrizko labarretako baso mistoak. Azken horiek oso urriak dira eta interes handiko biztanleak dituzte: azeri-mahatsa, hagina, hurritza edo gorostia. Gainera, zuhaitz motzek eta zaharrek babesa eskaintzen diete organismo txiki askori.

Argazkia: Arrateko sakoneko baso mistoa

Ia ikusezin, basoko adar artean, basakatua, katajineta, Europako ipurtatsa edo lepazuria babesten dira. Eta kobazuloen ilunetan saguzarrek egingo digute harrera, besteak beste kontserbazio egoera larrian dauden ferra-saguzar handiek edo Geoffroy saguzarrek, esaterako.
 

Eta lotzeko korridoreak

Amaitzeko, gune naturalen babesa bezain beharrezkoak diren korridore ekologikoei buruzko aipamen eta hausnarketa bat. Adituek diotenez, herrialde industrializatuetako biodibertsitatearen galeraren arrazoi nagusia habitaten eta organismoen populazioen zatiketa da. Hala bada, lurraldearen bateratzeak eta naturagune babestuen arteko konektibitateak berebiziko garrantzia dute ondare naturala kontserbatzeko, eta behar duten arreta eman behar zaie.

Izendatutako natur estrata horien artean, Geoparketik igarotzen dira Pagoeta eta Izarraitz, Izarraitz eta Arno, eta Arno eta Urdaibai naturagune babestuak lotzen dituztenak. Alta, ez da ahaztu behar beste korridore batzuek ere ematen dutela eremu garrantzitsuak lotzeko aukera; horien artean daude Andutz-Txobillarreko mendilerroa eta artadiak —Izarraitz kostaldearekin lotzen duena—, Sanbartolomebaso-Artadi pasabidea —Pagoeta edo Herniotik iristen dena— eta, jakina, Deba eta Urola ibaiak nabarmentzen diren ibai-sarea.

Argazkia: Izarraiztik, Saltsamendi mendia zeharkaturik dator korridorea.

Hortaz, Geoparkera etortzeko, edo haren babesgunetatik noraezean ibiltzeko, aukeratutako bide, korridore edo galtzada edozein dela eta, ibilera mantsotu, belarriak zorroztu eta begiak erne jarri; edozein zokotan, kantoi bati bira ematean, zerbaitek harritu zaitzake. Goza ezazu!

--
Gonzalo Torre Oleaga

 

Etiketak: Zientzia