Urak ez du beti bezala bustitzen

2026-06-01

Urak ez du beti bezala bustitzen

Ekainaren 17an Desertifikazioaren eta Lehortearen aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko deia egiten du urtero Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Instituzio berak, Lurra porrot hidriko egoeran sartu dela onartu du berriki. Euskal Herrian eta inguruko herrialdeetan pasa den negu euritsuaren ondoren, lehorteaz eta desertifikazioaz hitz egitea gehiegikeria dirudi, baina, etorkizunari begira, badaezpada, zorrotz jarraitzeko bi fenomeno dira.

Desertifikatutako eremuak, gero eta zabalagoak

NBEaren arabera, desertifikazioaren fenomenoa gure garaiko ingurumen-erronka nagusietako bat da, eta terminoa behar bezala ulertzeko ñabardura bat egiten du: desertifikazioa ez da desertuen hedapen soila; zabaltze hori gizakiaren eraginez ematen da, haren jarduerak tarteko, lurzoruak bere babes naturala galtzen duenean. Anparo hori desagertzerakoan, lurrazala euri eta haizearen menpe geratzen da, hauek geruza emankorrena herrestan eramaten dute, lur horiek antzu utziz.

 

Desertifikazioak biodibertsitateari, ekosistemen orekari, pobreziari, egonkortasun sozioekonomikoari eta garapen iraunkorrari eragiten die, hurrengo hamarkadetan gatazka ugari eragingo ditu, eta milioika pertsona mugiarazi egingo dituela espero da.

Munduan, Saharaz hegoaldeko Afrika, ekialde hurbileko herrialdeak, Australiako iparraldea, edota AEBtako mendebaldea dira, gero eta erritmo handiagoan, desertifikazioa jasateko probabilitate handia duten eremuak. Europa ez dago arriskutik kanpo eta Iberiar penintsulak desertifikazio tasa oso kezkagarriak ditu.

 

      (2026ko Nazioarte eguneko kanpainaren afixa) 

 

Aurten, Desertifikazioaren eta Lehortearen aurkako Nazioarteko Egunak larre edo bazkalekuetan jarri du begia. Larreak munduko ekosistema zabalenen artean daude, eta planetaren ura ez den lurrazalaren erdia baino gehiago hartzen dute. Horrela, milaka milioi pertsonaren sostengua dira; eta haien kulturen, bizimoduen eta antzinako jakintzen gordeleku dira.

Gure inguruko larreak gizakiak eragindakoak dira eta, basoko edo beste ekosistemetakoa ez bezala, aberastasun txikikoak direlako ustea da gehien zabalduta dagoena. Horren kontra, mimoz begiratuta, ardiak bazka egiteko larre batean ehun metro karratuko 50 landare espezie ezberdin egon daitezke, Nafarroako eskualde batzuetan neurtu den bezala. Eta dibertsitate horri oso kate trofiko aberatsa lotu behar zaio: intsektuak, hegaztiak, narrastiak edota ugaztunak. Geoparkeko babesguneetan era askotako larreak ikusteko aukera dago; ganaduari bazka emateko probestutakoak, esplotatu gabekoak, itsasoko kresalaren eraginpean daudenak, mendietakoak...

(Gañeta inguruko larreak. Atzean, Saltsamendi)

Dena den, hemen, mundu osoan bezala larreak galtzear daude. Klima aldaketak, lehorteak, desertifikazioak, lurra lantzeko ohitura zaharren galerak, edo gehiegizko ustiaketak, oso muturreko egoeran jarri ditu bazkalekuak; eta orduan baino ez da beraiengan arreta jarri. Ea ez al den beranduegi.

 

Krisiaz haratago, porrota

Munduan eskuragarri dagoen edateko uraren egoerari buruzko azken berriak ere ez dira oso itxaropentsuak. Nazio Batuen arabera, baliabide horren krisiak muga guztiak gainditu ditu, eta jada ez dago atzera bueltarik: edateko ura porrot edo krak egoeran dago, eta, inoiz baino gehiago, egoki kudeatzeko beharra dagoela aitortu du.

Zergatik porrota? Krak egoera pertsona, enpresa edo erakunde bat bere zorrak kitatzeko ezinean dagoenean ematen da. Eguneroko gastuei aurre egiteko modua izango du, beharbada, baina pilatutako zama ekonomikoa gainetik astintzeko manerarik ez du, eta zorra gero handiagoa izango da, seguru asko.

 

 

 

 

 

 

(Oinarrizko-estres hidrikoaren mapa (Aqueduct 4.0tik moldatuta)

 

Bada, urarekin antzeko panorama irudikatu daiteke: naturak berritu dezakeena baino ur-kontsumoa handiagoa dago, akuiferoak lehortu arte zukutzen dira, glaziarrek eta izotz masa handiek ura galtzen ari dira... eta hori gutxi balitz, geratzen den ura askotan kutsatuta dago, eta klima aldaketaren ondorioz lurruntzea handiagoa denez, urak atmosferara egiten du ihes, eta hodeietan geratzen da bahituta. Hala, kalitatezko ura falta da, eta ezaguna den bere zikloaren arabera, sisteman ur berria ez da sortzen. Arazoa ur hori non eta nola dagoen da.

Egiari zor, Euskal Herria ez dago porrot hidrikoan, baina datuei erreparatuta ezinbesteko baliabide horren bilakaerak kezkatzeko motiborik ematen du. Azken hamarkadetan plubiometroek ur gutxiago pilatu dute, eta horrek isla zuzena du ibaietan, emarian jaitsiera izan baitute. Gainera, klima aldaketaren ondorioz hau ere, euriaren banaketa aldatzen ari da, espazioan eta denboran, eta hemen egun luzez ia ezer bota gabe egon eta gero, han euri kantitate izugarria jaso daiteke oso epe txikian —ordu batzuetan, maiz. Eta, itxuraz, hori hala jarraituko du ebidentzia zientifikoek diotenez.

Aurrekoaren adibide bat emateko esan Uribarri-Ganboako urtegia bere edukieraren erditik behera zegoela 2025ko abenduan (%42), baina 2026ko maiatzean % 88,7an. Azken ehuneko hau aurreko urteko datutik behera dago (% 90,4, 2025ko aste berean), baina azken 10 urteetako batezbestekoaren gora (% 84,7).

(Ilunabarra Uribarri-Ganboako urtegian)

Ur gainera irten, eta arnasa hartu

Beste batzuetan lez, heldu garen momentu honetan diskurtsoz aldatzea baino ez dagokigu. Izan ere, dagoeneko ez gara egoerari buelta emateko kapaz izango, eta abagune berriari moldatzea egokituko zaigu. Eta, hasteko, balantze hidrologikoa norabide egokian jarriko lukeen neurrien artean, ibai arroak bere onera ekartzen has gaitezke. Nola? Bada, lehentasun hidrologikoko eremuetan ura emateko zenbait autorek hornidurarako ur-basoak deitzen dieten bezalako proiektu esperimentalak martxan jarriz, esaterako.

Emaitzak ez dira berehalakoak izango, zuhaitz-eremuetan egindako jardueren ondorio hidrologikoak agerian uzteko denbora behar baita, urtetako behaketa, alegia. Izan ere, uraren kantitatea eta kalitatea, espazioan eta denboran, basoko hainbat faktorearen menpe dago: landatutako espezieak, zuhaitzen adina, basoaren dentsitatea, lurzoru eta arroka mota, mendiaren malda edo orientazioa, eta, jakina, basoaren kudeaketa eredua. Horiek guztiek eragiten baitute basoek eta landaketek ur masetan duten emaitza hidrologikoetan.

Bukatzeko, hausnarketarako argudio bat. Arazoa behar bezala heldu eta ekiteko, arrazoibide etikoak ere balitezke; izan ere, zilegi al da mundua egarriz dagoenean ura alferrik xahutzea?

Erantzuna norberak dauka.

Etiketak: Zientzia