Geoparkean gidari izateko trebakuntza ikastaroa eskainiko du azaroan Euskal Kostaldeko Geoparkeak

2018-10-17

Ikastaroa azaroaren 6tik 15era eskainiko da eta doakoa izango da. Geoparkean gidari lanetan ari direnei edo etorkizunean gidari lanetan jarduteko interesa dutenei dago zuzenduta.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen apustua da kalitatezko irteera gidatuen eskaintza zabalari eustea, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan – Deban, Mutrikun eta Zumaian – dagoen ondare naturala eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin. Horretarako, ezinbestekoa da ondo trebatutako gidariak edukitzea, hauek izango baitira lurraldeak dituen balio nagusiak interpretatu eta modu erakargarri batean bisitariei azalduko dizkietenak.

Honela, beste behin, Geoparkeak gidari izateko trebakuntza ikastaroa abiarazi du. Helburua da Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko oinarrizko ezagutza jorratzea, bertako ondare naturala eta kulturala, eta gidarien lanarekin loturiko bestelako kontzeptuak ere lantzea, hala nola, interpretazioa, komunikazioa, taldeen kudeaketa edota ekintzailetza.

Geoparkean gidari lanetan ari direnei edo etorkizunean gidari lanetan jarduteko interesa duten pertsonei dago zuzenduta ikastaroa. Jarduerak alde teorikoa eta praktikoa izango du. Alde teorikoan, parte-hartzaileek Geoparkearen balio nagusiei buruzko kontzeptu teorikoak ezagutu eta aztertuko dituzte, funtzionamendua, Geoparkeen Munduko Sarea, komunikazioa, taldeen kudeaketa, etabar.

Alabaina, ikastaroak saio praktikoak ere izango ditu. Izan ere, ikasleek Geoparkeko hainbat bisita gidatu egiteko aukera izango dute, ibilbide bakoitzaren interpretazio-diskurtsoa eta egitura lantzeko asmoz.

Datak eta ordutegia

Trebakuntza ikastaroa azaroaren 6tik 15era eskainiko da, Debako Kultur Elkartean (J.M. Ostolaza kalea, 12). 

Azaroaren 6tik 8ra, 16:00etatik 20:00etara; eta azaroaren 13tik 15era, 10:00etatik 17:00etara. 

Izen-ematea

Ikastaroak plaza mugatuak ditu, 30 lagunentzat, eta izen-ematea doakoa da.

30 eskaera baino gehiago jasoko balira, Geoparkeak aukeraketa bat egingo du. Hauek izango dira kontuan hartuko diren merituak: 

  •  Titulu akademikoa
  •  Hizkuntza egiaztagiriak
  •  Gidari lanean esperientzia izatea
  •  Jarduerarekin loturiko beste meritu batzuk

Parte hartzeko interesa dutenek CVa bidali behar dute geoparkea@geoparkea.com epostara, 2018ko urriaren 31a baino lehen. 

Informazio orokorra

Akreditazio fasean parte hartzeko ikasleek gutxienez ikastaro-orduen %80 bete behar dute.

Ez da titulu ofizial bat eta akreditazioak Geoparkeko bisita gidatuak egiteko gaitzen du soilik. 

Ikastaroa bi hizkuntzatan eskainiko da; eskolak eta irteerak euskaraz (1) edo gaztelaniaz (2) izango dira. 

 

Geoparkean gidari izateko trebakuntza ikastaroa eskainiko du azaroan Euskal Kostaldeko Geoparkeak