Maiatzaren 18tik 26ra
#EGNWeek2024
Maiatzaren 18an, larunbatean, Debako Historiaurreko Bailararen (HAB) ibilbidean egingo den bisita gidatu interpretatuarekin hasiko da Europako Geoparkeen Astea. Kirol Portutik (Anes Arrinda pasealekua) 09:45ean abiatuta, ibilbideko azken begiratokira joan-etorriko ibilbidea antolatu du Geoparkeak. Gaztelaniaz egingo da bisita eta 30 lagunek parte hartuko dute, gehienez. Aurrez izena emateko, honako loturara jo behar da: labur.eus/hab-deba edo telefonoz Debako turismo bulegoan (943 192 452).
Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan “Flyscha haurrekin” familientzako tailerra egingo da egun berean, 16:00etan hasita eta euskaraz. Tailerra bukatuta, flysch beltzaren itsaslabarrak ezagutzera joango dira partehartzaileak. Mutrikuko portuan itsasontzia hartu eta Saturrarango hondartzara arteko paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Jarduera hau 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago eta gehienez 25 lagunek parte hartu dezakete. Ekimena doakoa da eta aurrez izena eman beharra dago labur.eus/nautilus2024 loturan, #GPKastea kodea erabilita.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Mutrikuko Olatu Planta ezagutzeko ordubeteko bisita gidatuak antolatu ditu Geoparkeak. Plantara bisitak, Energiaren Euskal Erakundeak bultzatzen ditu. Guztira, bi irteera egingo dira maiatzaren 19an, igandean: lehena euskaraz egingo da, 10:00etan; eta bigarrena, gaztelaniazkoa, 11:00etan hasita. Bisitan parte hartzeko, erreserba egitea beharrezkoa da labur.eus/olatu-planta2024 loturan, #GPKastea kodea erabilita.
Geoparkeen Asteko ekimenik garrantzitsuenetakoa da Geotalks. Aurtengoa ere oso berezia izango da, izan ere, El Hombre y la Tierra telebista saioaren 50. urteurrena ospatzeko aukera paregabea izango da. Felix Rodriguez de la Fuente naturalistaren alaba, Odile Rodriguez de la Fuenteren eskutik omenaldi kutsuko solasaldia egingo da Zumaiako Aita Mari antzokian, 19:00etan hasita. Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok egingo ditu solasaldiaren dinamizatzaile lanak. TVEko saio mitikoari buruz eta izan duen garrantziari buruz hitz egiteaz gain, Odile Rodriguezek bere aitaren ibilbidearen ingurukoak azalduko ditu eta aurrez aurre erantzungo die bertaratutakoen galderei. Sarrera doakoa izango da denentzat, edukiera bete arte.
Asteazkenean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak argitaratu berri dituen liburuak aurkeztuko ditu, Biodibertsitateari buruzko apunteak eta Notas sobre biodiversidad, hain zuzen. Alberto Luengo biologoak eta Ander Hormazuri ilustratzaileak ondu dute bi hizkuntzetan aurkezten den lan dotore hau. Bertan, Geoparkearen baitako ekosistemen berezitasunak ezagutzera ematen dira, modu pertsonal eta artistikoan, eta bertako fauna- eta flora-espezieak eta aberastasun natural handia ere jasotzen dira.
Maiatzaren 22an, 19:00etan Debako Alamedako kioskoan jarri dute aurkezpenerako hitzordua. Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok aurkeztuko du ekitaldia eta bertan izango dira liburuaren egileak eta Geoparkeko Ingurumen koordinatzailea den Gonzalo Torre ere.
Oraindik ezagutzen ez dutenek, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoa deskubritzeko aukera izango dute ate irekien bi egunetan. Maiatzaren 25ean eta 26an zabalik eta doan izango da museoa, 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 19:30era.
Geoparkeko Bira aurkeztuko dugu egun horretan, Geoparkea osorik zeharkatzen duen 54 kilometroz osatutako oinezko ibilbide zirkular berria. Europako Geoparkeen Astearen baitan Biraren hiru etapetako bat egingo dugu oinez: Deba eta Zumaia artekoa. Taldean joango garen arren, ibilbidea autogidatua izango da.
Goizeko 8:45ean Debako kirol portutik abiatuko gara, Anes Arrinda pasealekuan, HAB (Historiaurreko Bailara) ibilbidearen hasieran, hain zuzen. Etapak 19,7 km ditu eta zazpi ordu inguruan egiteko modukoa da.
Gainera, Debara itsasontziz bueltatzeko aukera izango da. Ordubeteko bisita gidatua euskaraz eta doan izango da, eta, gehienez, 39 lagunentzako tokia egongo da. Aurrez, izena eman beharko da labur.eus/bira loturan edo telefonoz Debako turismo bulegoan (943 192 452). Itsasontziz bueltatzeko hitzordua 17:30ean jarri dute, Zumaiako Txomin Agirre moilan. Irteera itsasoaren egoeraren baitan egongo da, bisitariaren segurtasuna lehenetsiko baitugu beti Geoparkean.
Europako Geoparkeen Astea bukatzeko, maiatzaren 26an, igande goizean, Biotop irteeraz gozatzeko aukera izango da beste behin ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko Anaïs Mitxelena adituak eta Geoparkeko biologo Gonzalo Torrek gidatuta, itsaslabarreko flora harrigarria gertutik ezagutuko dute parte-hartzaileek. Ingurune aldakor honetara egokitzeko izaki bizidunek erabiltzen dituzten estrategiez jabetzeko aukera paregabea izango da txangoa. Goiz osoko irteera hau Zumaiako Amaia Plazatik abiatuko da, 10:00etan, eta Itzurungo parajetan zehar ibiliko da. Bisitan parte hartzeko aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da labur.eus/biotop2024 loturan edo telefonoz Zumaiako turismo bulegoan (943 143 396).
Europako Geoparkeen Astearen nobedadeetako bat Mikroipuin Lehiaketa izango da. Estreinakoz antolatzen den literatur lehiaketa honetan, X (Twitter) sare sozialean argitaratu ahal izateko kontakizun laburrak aurkeztu beharko dira. Geoparkea, ni eta beste animalia batzuk gaia hartuta, gehienez 250 karaktere izango dituzten lanak lehiatuko dira (edozein literatura-generotan). 16 urtetik gorako edonork parte har dezake eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanak euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. 2024ko Europako Geoparkeen Asteak dirauen bitartean aurkeztu beharko dira mikroipuinak, hau da, maiatzaren 18tik 26ra (biak barne). Geoparkeak bi sari banatuko ditu, bat narraziorik onenari eta bestea parte hartzen duten guztion artean zozkatuko dena. Lehiaketaren oinarriak kontsultatzeko eta izena emateko, labur.eus/mikroipuina loturara eta Geoparkearen X kontura (@geoparkea) jo daiteke.
Azkenik, 2024ko Europako Geoparkeen Astean zehar, Euskal Kostaldeko Geoparkeak etengabeko jarraipena egingo du sare sozialen bidez. Astearen baitan antolatu diren ekimen hauen guztien berri izango duzu une oro Facebooken, Twitterren eta Instagramen.
Orain dugu aukera: parte hartu, ikasi eta gozatu!