Geoparkeen Europako eta Munduko sarea

Zer da Geoparke bat?

Geoparkeak garapen jasangarrirako estrategien aldeko apustua egiten duten lurraldeak dira, euren balio natural eta kulturaletan oinarriturik. Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskal Herrian zein Kantaurialdean lehendabizikoa, asmo hauek Deba, Mutriku eta Zumaiako herrietan praktikan jartzeko izpirituarekin eratu da.

Euskal Kostaldeko Geoparkean baliabide naturalak balioan jartzeko helburuarekin dihardugu lanean, bereziki eremu geologikoa, baina baita gure lurraldearen kultura propioa ere. Geure ondarea babestu nahi dugu belaunaldi berriei igortzeko.


Europako eta Munduko sareak

Munduko Geoparkeen Sarea eta bere barnean Europako Geoparkeen Sarea lan egiteko modu jakin bat elkarbanatzen duten lurraldeek osatzen duten elkartea da. Lurraldeon helburua beren ondare eta inguruko balioak babestu eta sustatzea da; ondare geologikoa, batez ere.

Geoparkeek laugarren dimentsioa ematen diote espazio fisiko, natural eta kulturalari: denbora geologikoaren eta Lurraren historiaren dimentsioa. Beraz, ekimen berritzailea osatzen dute lurralde antolaketarako eredu bezala, eta baliabide berri bati balioa emateko prozesuarekin lotutako guztiari dagokionez.

Europako Geoparkeen Sarearen Gutuna

Europako Geoparkeen Sarearen Gutunak sarearen xede nagusiak biltzen ditu eta 2000ko ekainaren 5ean onartu zuten ofizialki, Greziako Lesvos uhartean, Sarea sortu zuten lau herrialdeek. Europako geoparke bihurtu nahi duen lurralde orok karta hau onartu beharra dauka:

  1. Europako geoparkeek mugak ondo zehaztuta izan behar dituzte, eta benetako garapen ekonomikoa emateko moduko zabalera izan behar dute. Aipatutako lurraldeek interes geologikoko puntu garrantzitsuak eduki behar dituzte, kalitate zientifikoaren, bitxikeriaren, eta balio estetikoaren edo hezitzailearen arabera kontrastatuak. Gainera, interes arkeologiko, ekologiko, historiko edo kulturaleko bestelako lekuak izan beharko dituzte.
  2. Europako geoparkeek sare bat osatzen dute, eta babes eta kudeaketa neurri zenbait elkarbanatzen dituzte. Objektu geologikoak ezin dira inolaz ere hondatu, ez eta saldu ere. Europako geoparke bakoitza ondo definitutako egitura batek kudeatu behar du; lurralde horretan babesa, hobekuntzak eta garapen iraunkorrerako politikak betearazteko gai den egitura batek, hain zuzen.
  3. Europako geoparkeek funtzio aktiboa betetzen dute beren lurraldeko garapen ekonomikoan; izan ere, ondare geologikoarekin eta turismo arduratsuaren eta geoturismoaren garapenarekin lotutako irudi orokorra indartzen dute. Europako geoparkeek beren lurraldean inpaktu zuzena dute, herritarren bizi-baldintzetan eta ingurumenean eragiten baitute. Gainera, biztanleek lurralde osoaren suspertzean aktiboki parte hartzea sustatu behar dute.
  4. Europako geoparkeek ondare geologikoa babesteko metodoak garatu, esperimentatu eta hobetzen dituzte.
  5. Europako geoparkeek ingurumen-heziketa, trebakuntza, Lurraren Zientzien askotariko diziplinetan ikerketa zientifikoak garatzea, ingurumen naturala hobetzea eta garapen iraunkorrerako politikak babesten dituzte.
  6. Europako geoparkeek sarearen eraikitze eta kohesioan laguntzeko lan egin behar dute. Tokian tokiko enpresekin batera lan egiten dute, ondare geologikoarekin lotutako produktu berriak sortzea sustatzeko eta laguntzeko, Europako Geoparkeen Sareko beste kideen lanaren osagarri izateko helburuarekin.

Geoparkeari buruzko azken albisteak

Geoparkearen jardueren berri izan nahi baduzu