2019-05-10
Egitasmo hau Europako 73 geoparkeetan egingo da aldi berean, tokian tokiko ondarea ezagutzera eman eta babesteko mezua helaraziz.
Maiatzaren 17tik 25era bitartean, Europako Geoparkeen Astea ospatuko du Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak Deban, Mutrikun eta Zumaian, bederatzigarren urtez jarraian.
Ekimen hau Europan egun dauden 73 geoparkeetan egingo da aldi berean, tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin.
"Lur azpiko mundu ezkutua" izenburu pean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala antolatu du, zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta: espeleologia irteera, hitzaldiak eta tailerrak, dokumental emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia, mendi ibilaldiak, ate irekiak Algorri eta Nautilus interpretazio zentroetan, “Espeleologoa naiz” marrazki lehiaketako sari banaketa eta mugikorrarekin argazkiak egiten ikasteko tailerra, besteak beste.
Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira eta doakoak izango dira. Geoparkeak parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die herritarrei; geoparkea.eus atarian kontsulta daiteke egitarau osoa.
Espeleologia irteera Ermittia Bekoa kobazulora
Larunbatean, hilak 18, abiatuko da Europako Geoparkeen Astea ekimen berezi eta zirraragarri batekin. Debako Ermittia Bekoa kobazulora espeleologia irteera antolatu du Geoparkeak Felix Ugarte Espeleologia taldearekin batera. Adituen laguntzarekin kobazulo karstiko honek gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera paregabea izango dute parte-hartzaileek.
Goizeko 9:00etan abiatuko da taldea Debako Arakistain plazatik. 3 orduko iraupena izango du irteerak, 12:00etara arte. Kaskoa, kopetako argia eta eskularruak banatuko zaizkie parte-hartzaileei. Beharrezkoa da oinetako egokiak eta aldatzeko arropa eramatea.
Plaza kopurua mugatua da eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, Debako turismo bulegora deitu behar da, 943 19 24 52 telefonora.
Geoparkeko barrunbeak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da hau. Gogoratu behar da, Geoparkearen barnealdeko ingurune karstikoan aztarna arkeologiko ugari aurkitu diren kobazulo kopuru handia biltzen dela, horien artean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako Ekaingo koba edota Praileaitzeko historiaurreko santutegia.
Geoparkeko Biraren 1.etapa: Saturraran-Olatz
Iganderako, hilak 19, mendi irteera antolatu da Mutrikun. Hain zuzen, "GEOPARKEKO BIRA" deritzon egitasmoa abiatuko du Geoparkeak, lurralde osoa zeharkatuko duen mendi-ibilbidearen lehendabiziko etapa eginez, Saturraranen hasi eta Olatz auzoraino. Geoparkearen asmoa da, urtez urte, Geoparkeko Bira osatuko luketen 8 etapak burutzea.
Lehendabiziko etapa honek, 9,5 kilometro ditu eta zailtasun gutxikoa da; 500 bat metroko desnibela pilatzen da. Hitzordua 9:00etan izango da, Mijoa industrialdean. Itzulerako bidea autobusez egingo da.
Plaza kopurua mugatua da eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, Mutrikuko turismo bulegora deitu behar da, 943 60 33 78 telefonora.
“Karst: urak eraman ez zuen paisaia” hitzaldi-tailerra
Maiatzaren 21ean, asteartean, Debako Alamedan ekimen berritzaile bat egingo da tailer moduan. Parte-hartzaileek bizi garen ingurune eta paisaiaren bilakaera ulertzeko aukera ematen diguten ikerkuntza-teknikak ezagutzeko eta erabiltzeko aukera izango dute. EHUko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari talde batek gidatuko du tailerra.
18:00etatik 20:00etara egingo da Alamedako kioskoan eta doakoa izango da.
GeoTalks: zientzia eta zinea
GeoTalks ekimenaren 3. edizioa antolatu du Geoparkeak maiatzaren 22rako, asteazkena, "Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa" izenburu pean. Zientzia eta zinema lotuko ditu ekimenak; "El día que murió el mesozoico" film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia egingo da (gaztelaniaz).
Pelikularen zati bat Zumaian filmatuta dago. Duela 66 milioi urte asteroide batek lurra jo eta animalien, landareen eta mikroorganismoen desagertze masiboa eragin zuen. Film laburrak, aztarnei segituz, misterioa argitu zuen detektibe-lan bikainaren istorioa kontatzen du.
Emanaldiaren ondorengo solasaldian arituko diren adituak Jose Antonio Arz, Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan aditua, eta Estibaliz Apellaniz, EHUko paleontologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindaria, izango dira. Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kideak dira bi zientzialariak.
Solasaldian gidari izango da Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa. Ekitaldia irekia izango da. Zumaiako Aita Mari zinean egingo da, 19:00etatik aurrera.
Praileaitz I: Behe Paleolitoko azken aurkikuntzak
Maiatzaren 23an, osteguna, Xabier Peñalver Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak hitzaldia emango du, Debako Praileaitz I haitzuloan egin dituzten azken aurkikuntzen berri emateko.
2000. urteaz geroztik lan arkeologikoak egiten ari dira bertan, eta aurkikuntza garrantzitsuak bata bestearen atzetik datoz. Azken aurkikuntzak orain dela 200.000 urte ingurukoak dira, Behe Paleolitokoak. Besteak beste, elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurra topatu dute. Aro horretako aztarnak, oraingoz, oso bakanak dira gure inguruan.
Hitzaldia Debako Kultur Elkartean izango da, 19:00etatik aurrera.
"Espeleologoa naiz" marrazki lehiaketa
Maiatzaren 24an, ostiralez, publiko gaztea izango da protagonista. "Espeleologoa naiz" marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo da. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleek hartu dute parte lehiaketan, 6 eta 12 urte bitartekoak. Sarien banaketa Zumaiako Oxford aretoan egingo da, 18:00etan.
Argazkilaritza tailerra
Azkenik, maiatzaren 25ean, larunbatez, mugikorrarekin paisaia, landare, egunsenti eta abarri argazkiak ateratzea gustuko dutenek eta teknika berriak ikasi nahi dituztenek hitzordua izango dute Zumaian; Soraya Lopezek eta Sonia Alvarezek "Atera argazkiak naturari zure mugikorrarekin" tailerra eskainiko dute.
Egun osoko saioa izango da, goizeko 9:00etatik 13:30era (teoria) eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara (praktika). Alondegian egingo da eta izen-ematea doakoa da. Interesa dutenek ingurumena@geoparkea.com helbidera idatziz eman behar dute aurrez izena.
Egun berean, larunbatean, "Karsteko zaporeak" bisita gidatua eskainiko du Geoparkeak dohainik. Euskaraz izango da.
Ate irekiak Nautilusen eta Algorrin
Egitaraua osatzeko, Mutrikuko Nautilus eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte euren baliabideak ezagutzera eman eta Geoparkeko ondare geologikoa eta naturala herritarrei hurbiltzeko. Nautilusen, sarrera irekia izango da maiatzaren 18an, 19an eta 25ean. Algorrin, berriz, ate irekiak Geoparkearen Astean zehar egingo dira, maiatzaren 18tik 25era.
Aipatzekoa da, era berean, Ekaingo kobazuloaren aurkikuntzaren 50. urteurrenaren harira, erakusketa ireki duela Debako Agirre Jauregian. Erakusketak, lehenengoz, Ekaingo labar-pinturen kalko originalak erakusten ditu, kobazuloan sartu ziren lehen ikerlariek egindakoak, hain zuzen ere. Erakusketa ekainaren 9ra arte doan bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera (18:00-20:00) eta igandeetan (12:00- 14:00).
Geoparkeak 8.000 triptiko baino gehiago banatu ditu Debako, Mutrikuko eta Zumaiako etxe guztietara Europako Geoparkeen Astearen berri emanez. Halaber, egitaraua webgunean eskura daiteke, HEMEN.
Geoparkeak etengabeko jarraipena egingo du sare sozialetan; Twitterren eta Instagramen egitasmo honi buruzkoak #EGNWeek19 traolarekin ikus daitezke.