Europako Geoparkeen Astea 2023

Maiatzaren 19tik 28ra

#EGNWeek2023

 

PROGRAMA ETA IZEN-EMATEAK  

[MAIATZAK 19, ostirala]  Geotalks

Europako Geoparkeen Asteari hasiera emateko, maiatzaren 19an, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Geotalks saioa egingo da, ‘Artearen sustraiak’ lelopean. La cueva Cosquer: Una obra maestra en préstamo film dokumentala proiektatuko da (frantsesez,gaztelaniazko azpitituluekin), Zumaiako Aita Mari Antzokian, 19:00etan hasita. Ondoren, hitzaldi marraztua izango da, hau da, Diego Garate arkeologoak (Kantabriako Unibertsitatea) hitzaldia emango du (euskaraz) Aritz Pereda ilustratzaileak aldi berean marrazkiak egiten dituen bitartean. Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok egingo ditu solasaldiaren dinamizatzaile lanak. Sarrera doakoa izango da denentzat, edukiera bete arte.


[MAIATZAK 20, larunbata] Sastarrain Errekako ekologia

Hurrengo egunean, larunbat goizez, Geoparkeko faunaz eta floraz gehiago ikasteko aukera izango da Sastarrain Errekara egingo den irteerari esker. Euskal Herriko Unibertsitateko erreketako ekologia departamentuko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika saileko ikerlariak lagunduta erreketako biodibertsitatea aztertuko dugu.

Goizeko 09:15ean hasiko da bisita, Zestoako Lauiturrietako garbitokian elkartuta. Geoparkeko Ingurumeneko arduradun Gonzalo Torrek aurkeztuko du euskaraz eta gaztelaniaz egingo den landa-irteera eta, ondoren, Aitor Larrañaga eta Ioar de Guzmán (UPV/EHU), eta Anaïs Mitxelena (Aranzadi Zientzia Elkartea) adituekin abiatuko da taldea Sastarrain Errekara, bertako ekologia ezagutzera eta laginak hartzera. Ondoren, bildutako laginak Ekainberrin aztertzeko aukera izango da, proiektore baten bitartez.

Zestoara iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie parte-hartzaileei. Guztira, 30 lagunek parte har dezakete ekimenean, 15 pertsonako bi talde osatuko baitira. Aurrez izena ematea beharrezkoa da formulario honetan edo Debako turismo bulegoan (943 192 452).


[MAIATZAK 20, larunbata] Zazpi Hondartza, zazpi bertso

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Mutrikuko Bertso Eskolak bisita gidatu berezia antolatu dute elkarlanean, larunbat arratsalderako: 'Zazpi Hondartza, Zazpi bertso' bisita. ‘Nautilus, flyscheko fosilak’ izeneko bisitaren aldaera artistikoagoa izango den hau Mutrikuko Nautilus Museoan hasiko da, 16:30ean. Museoa bisitatu ondoren, portura jaitsi, itsasontzia hartu eta Zazpi Hondartzak itsasotik ezagutuko ditugu. Bisita osoa euskaraz egingo da eta bertsoz girotuta egongo da, izan ere, Mutrikuko Bertso Eskolako kideek bat-bateko lanekin aberastuko dituzte bisitaren zati guztiak.

Bisitak bi ordu iraungo ditu eta doan izango da aurrez izena ematen dutenentzat. Guztira, 39 lagunek parte hartu ahalko dute ekimenean eta aurrez izena ematea beharrezkoa izango da bai formulario honen bidez edota Mutrikuko turismo bulegoarekin harremanetan jarrita (943 603 378). 


[MAIATZAK 21, igandea] Flyscha umeentzat itsasontziz

Flyscha umeentzat itsasontziz bisita gidatu berezia egingo da maiatzaren 21ean, 12:30ean. Igandekoa, 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ordubeteko bisita izango da eta euskaraz egingo da. Itsasontziz joan-etorria egingo da, Deba-Zumaia biotopo babestuan barrena. 50 milioi urtetik gorako historia daukaten flyscharen labar ikusgarriak, 100 metroko lurjausiak itsasertzean, ezkutuko kalak eta Europan dagoen marearteko zabalgune handienetako bat ezagutuko dira bertan. Ez da ordaindu beharko baina aurrez erreserba egitea derrigorrezkoa izango da, formulario honen bidez edo Zumaiako turismo bulegoan (943 143 396).


[MAIATZAK 26, ostirala] Ekain Abentura

Maiatzaren 26an, ostiralez, Euskal Kostaldeko Geoparkeak historiaurrera jauzi egingo du, Deban. Hasteko, Ekain Abentura tailerraz gozatzeko aukera izango da (euskaraz), 18:00etatik 19:00etara, udaletxeko arkupeetan. Historiaurreko biziraupen-teknikak ezagutzeko jarduera praktiko bat da Ekain Abentura: historiaurreko gizakiek sua nola egiten zuten ikasteaz gain, haiek bezala margotzeko modu desberdinak esperimentatzen dira. Ondoren, 19:00etan, Geoparkeak antolatutako marrazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da. “Labar-artea” goiburupean, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Lehen Hezkuntzako 6 eta 12 urte bitarteko ehunka ikaslek parte hartu dute lehiaketan. 

 

[Maiatzak 27, larunbata] HAB: Irteera interpretatua

Maiatzaren 27an, larunbatean, Deban egingo da Geoparkeen Astearen baitako ekimenik nagusietako bat: Historiaurreko Bailararen (HAB) ibilbidearen bisita gidatu interpretatua. Anes Arrinda pasealekuan 09:45ean elkartuta, Sasiolako begiratokira joan-etorriko ibilbidea antolatu du Geoparkeak. Hainbat adituren eskutik egingo da bisita gidatu hau, euskara eta gaztelania tarkekatuta. Hain zuzen ere, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver arkeologoa, UPV/EHUko Jose Antonio Mujika arkeologoa, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario izango dira luxuzko bidelagunak.

 

[Maiatzak 27 eta 28] Ate irekiak Nautilus Museoan

Maiatzeko azken asteburuan ate irekien egunak izango dira Mutrikuko Nautilus Museoan. Hilaren 27an (larunbata), museoa doan bisitatzeko aukera izango da, honako ordutegiarekin: 11:30-14:30 eta 17:30-19:30. Igandean, maiatzaren 28an, berriz, museoa 11:30etik 14:30era egongo da zabalik eta debalde bisitatzeko moduan.

Mutrikuko Interpretazio Geologiko Zentroan, Nautilusen, material fosil bikainak erakusten dira, guztiak Mutrikuko flysch beltzean jasoak eta Jesus M. Narvaez Amasorrain eta Esperanza Azkarraga senar-emazteek 40 urteko etengabeko lanari esker bildutakoak.

 

[Maiatzak 28, igandea]  Zumaia-Deba-Zumaia itsasontziz 

Europako Geoparkeen Astea bukatzeko, maiatzaren 28an, igande goizean, Zumaia-Deba (10:30, gaztelaniaz) eta Deba-Zumaia (11:30, euskaraz) itsasontziz egiten diren ordu beteko bisita gidatuak doakoak izango dira. Bisitan parte hartzeko webgunean aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da, #GPKastea kodea erabilta.

Antolatzaileek gogorarazi nahi dute irteera hau aukera paregabea dela Deba eta Zumaia arteko GR Talaia kostaldeko trekkinga (edozein norabideetan) oinez egin nahi dutenentzat abiapuntura joateko. Itzultzeko beste aukera bat Euskotrenen Amara-Matiko/Matiko-Amara lineak izan daitezke, orduro zerbitzuak dituztenak.

 

[Maiatzak 19-21] Geoquedada

Maiatzaren 19tik 21era Geoparkeko hiru herrietan ospatuko da geologiaren dibulgatzaileen eta zaleen topaketa, Geoquedada. Ekimenak gaur egungo eta etorkizuneko joeren topaketa- eta garapen-ekintza izateko helburua du, baita ezagutza eta geologia arloekin lotutako ekintzen transmisiorako tresna. Geologiaren Dibulgaziorako Batzordeak antolatutako topaketak Iberiar Penintsulako ondare geologikoa eta geoparkeen sarea ezagutaraztea eta zubilana egitea ditu xede.

Izen-ematea ostirala 19ra arte egongo da zabalik, lotura honetan.

 

Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekimen hauen guztien berri izango duzu une oro Facebooken, Twitterren eta Instagramen, #EGNWeek2023 traolarekin. Ez galdu aukera, parte hartu eta gozatu!

 umeak nautilus irteera itsasontzian