Zumaia, Deba eta Mutriku Europan eta Munduan ezagutaraztera eman dira Norvegian, bere ondare geologikoaren bidez

2011-09-27

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere aberastasunaren eta eguneroko lanaren berri eman die Europar Geoparkeen hamargarren Konferentzian bildutako zientzialari, teknikari eta bisitariei.

 

Euskal Kostaldeko Geoparkea Europar Geoparkeen Sareko partaide da 2010. urteko amaieraz geroztik. Europa mailan bakarra den sare entzutetsu honek UNESCOren babesa du eta bere helburua da aberastasun geologiko handiko lurraldeen garapen jasangarria sustatzea. Geoparkeek kalitate zientifiko, hezkuntza balio, berezitasun edota balio estetiko nabarmena duen ondare geologiko berezi eta baliotsua izan ohi dute. Ondare geologiko, natural eta kultural hau oinarri hartuta, garapen jasangarria bultzatzea dute helburu. Lurraren historia argitzen eta gizakiaren eta planetaren arteko lotura sustatzen ere laguntzen dute Geoparkeek.

 

 

Norvegiako Geoparkeko fiordoen ondoan, irailaren 14 eta 20 bitartean Geoparkeen urteko egutegian garrantzitsuak diren bi hitzordu ospatu dira: Europar Geoparkeen Sareko (EGN) Talde Koordinatzailearen 28. bilera eta Europar Geoparkeen 10. Konferentzia. Norvegiar Geoparkeak modu bikainean antolaturiko bi ekitaldi hauek, urteroko legez, UNESCOren babesa eta parte-hartzea izan dute. Hain zuzen ere, erakunde honi dagokio geoparkeen lana gainbegiratzea.

 

“Ezagutzan oinarritutako jasangarritasuna” izan da aurtengo konferentziaren leloa eta bertan, Japoniatik hasi eta Brasil bitartean,  lurralde askotatik etorritako 250 parte-hartzaile bildu dira. Duela 10 urte sortu zen Sarea, urtez urte, lurralde berriekin sendotuz joan da. Egungo krisi egoeran, geoparkeen eredua tokiko garapena sustatzeko estrategia baliagarri gisa sendotzen ari.

 

Lan handiko jardunaldi hauetan, Sareak hautagaitza berriak ebaluatu ditu, emaitza oso onak lortuz. Honela, Geoparkeen Sare Globala 27 lurraldetan banatutako 87 Geoparkera zabaldu da. Hauetako 49 Europan aurkitzen dira.  Euskal Kostaldeko Geoparkea (Gipuzkoa) Euskadiko bakarra da. Penintsulan, berriz, 9 Geoparke daude,  Aragoin (2), Andaluzian (3), Extremaduran (1) eta Portugalen (2) daude.

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak 3 txosten aurkeztu ditu: ondare geologikoaren inguruan lehena, geoparkeak eta teknologia berrien inguruan bigarrena eta lurraldean giza-balioak sustatzeko estrategien inguruan hirugarrena. Aurkezpen hauek interesa eta debatea sortu dute antzeko arazo eta interesak dituzten beste hainbat Geoparketako kideetan. Sarean elkarlanean aritzeko aukera hau da, hain zuzen ere, Geoparkeen esentzia. Modu honetan, epe luzerako elkarlan aukerak sortzen dira, ikuspuntuak eta esperientziak elkarbanatuz eta metodologiak, jakintza eta praktika egokiak partekatuz. Eredu parte-hartzaile hau oso probetxuzkoa da Geoparkeentzat.

 

None
Zumaia, Deba eta Mutriku Europan eta Munduan ezagutaraztera eman dira Norvegian, bere ondare geologikoaren bidez