2015-03-12
Euskal Kostaldeko Geoparkean 3 urteko lan bibliografikoaren eta eremuko lanaren ostean, Zelaitzueta haizeolan (Olatz, Mutriku) 2014ko irailean auzolanean burutu ziren indusketa lanak hasi dira emaitzak ematen eta aurkikuntza garrantzitsuak egin dira.
Ekimen hau posible izan da erakundeen arteko lankidetzari esker, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa izan du. Aranzadi Zientzia Elkartearen, EHUren eta Debemen, Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartearen lankidetza ere izan du ekimenak.
Geoparkeak sustatu dituen indusketa lan hauen emaitzak gaur aurkeztu dira Zelaitzueta haizeolan bertan, Mutrikuko Olatz auzoan. Bertan izan dira Mutrikuko alkatea eta Geoparkeko presidentea Joseba Palenzuela, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Amaia Barredo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, Garazi Lopez de Etxezarreta, EHUko Paleontologia katedraduna, Xabier Orue-Etxebarria, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, Juantxo Agirre.
Zelaitzuetako haizeola Euskal Herrian induskatzen den ezaugarri honetako laugarren burdin mineralaren erredukzio-labea da eta datu esanguratsuak atera ditu argitara. Ikertzaile taldearen arabera, Zelaitzuetakoak froga sendoak eman ditu erakusten dutenak labe hauek izan zuten garrantzia energia hidraulikoa erabiltzen hasi aurretik. Aurkikuntza hauek hutsune handi bat betetzera datoz eta iraultzaileak direla ere esan genezake Euskal Herriko metalurgiaren historiari dagokionean, izan ere, datuek erakusten dute Euskal Herriko Erdi Aroko historiaren zati handi baten burdinaren metalurgiak izan zuen garrantzia, bere ondorio kultural, komertzial eta ekonomikoekin.
Lehenik eta behin, haizeolak atentzioa ematen du bere tamainarengatik. Indusketak labe mota berri bat utzi du agerian, tamaina handiko azpiko krisol edo arragoa eta kanal bat goialdean. Honek erakusten du egitura primitibo hauen konplexutasuna, Industria Iraultzako labe garai ezagunen antzekoak.
Gainera, zepa ferromagnetikoak aurkitu dira labearen eta krisolaren paretetan, egitura hau burdina erreduzitzeko erabili zela frogatuz. Gainera, zepa hauek kareaz estalita zeuden eta ikaztutako egur arrastoak ere aurkitu dira, beraz, uste da labea karegile gisa erabili zela ondoren.
Halaber, nabarmentzekoa da labe paralelo bat agertu dela eta datozen kanpainetan induskatzeko asmoa dagoela, orain artean jasotako informazioa osatzeko helburuarekin.
Zelaitzuetako haizeolaren egokitzapena dibulgaziorako
Indusketa hau mugarri bat izan da Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat, baliabide geologiko bat, burdin minerala, lurralde honetako historiarekin eta kulturarekin lotzea ahalbidetu duelako.
Honela, Geoparkeko ondare kultural eta arkeologikoa berreskuratu, babestu eta dibulgatzeko helburuarekin, haizeola egokitu egingo da bisitariak hartzeko. Kontuan izan, haizeola Kostadeko Done Jakue bidean kokatua dagoela eta urtero 10.000 erromes inguru igarotzen dela bertatik.
Euskal labeak edo haizeolak
Euskal labeak burdin minerala erreduzitzeko erabiltzen ziren teknologia prehidraulikoarekin, hau da, energia hidraulikoa erabili gabe. Lan guztia giza indarrez egiten zen. Ez dago gisa honetakorik Europa osoan. Ezaugarri bereziak dituzte. Euskal Herriko haizeolen tamainek ez dute zer ikusirik garai berean Europan zeudenekin.
Labe hauek interes handikoak dira, Euskal Herriko burdinaren metalurgian X. eta XIV. mendeen artean zegoen hutsunea betetzen baitute. Orue-Etxebarriaren taldeak 300 labe baino gehiago aurkitu dituzte eta uste da milaka egon daitezkeela geure mendietan.
Ikertzaile taldearen lan hipotesia da labe hauetako asko karegile gisa erabili zirela ondoren, horregatik pasa dira oharkabean gaurdaino.
Erdi Aroan labe hauen erabilera burdina lortzeko garrantzia handikoa izan zen Euskal Herriaren aberastasun eta garapenerako, izan ere, jakina da XII. mendetik hona behintzat, euskaldunek burdinean oinarrituriko harremanak zituztela garai hartako gune komertzial nagusiekin, hala nola, Flandes, Britainiar irlak, Frantzia, Portugal, etabar.