Septarien erakusketa irekiera Debako turismo bulegoan

2023-11-23

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Debako septarien inguruan garatutako bi proiekturi bukaera emateko, erakusketa bat prestatu du Debako turismo bulegoan.

Debako Udalak Geoparkearekin elkarlanean septariak kontserbatu eta balioan ipintzeko proiektu bat garatu du. Esku pribatuetan zeuden aleak beraganatu ditu eta hoietako ale batzuk elkartruke programa baterako bideratu dira. Munduko beste septaria batzuk Debakoekin batera erakutsi ahal izateko eta aldi berean Debakoak ere beste lurralde batzuetan ezagutzera emateko. Adibidez, Madagaskar, Maroko, Alemania edo Frantziako septariak ikus daitezke erakusketan eta gertuagokoak Nafarroa, Pirineoak, edo Bizkaiako aleak.

UPV/EHUko Luis Miguel Agirrezabala ikerlaria flysch beltzean aditua da eta Geoparkeak lagunduta flysch beltzeko noduloak ikertzen dihardu azkenengo bi urteetan. Ikerketaren emaitzak oso adierazgarriak dira, bere hitzetan septariak garai hartako artxiboak dira, prozesu fisiko, kimiko eta biologikoak ezagutzen laguntzen digutenak.

Debako septariak siderita beltzezko konkrezioak dira, esferikoak eta 2 eta 25 cm arteko tamaina aldakorrekoak, eta artelan txikiak diruditen barne-haustura sare bat dute. Ondoren, pitzadura horiek ur mineralizatuz betetzen dira, eta kaltzitako kristal zuriz betetako betegarri bat prezipitatzen dute; hala ere, dolomitazko, baritazko eta piritazko kristal txikiak ere aurki daitezke.

Gaur izan da erakusketaren irekiera Debako turismo bulegoan eta urtarrila amaiera arte ikusgai izango da goizez, egunero, 10:00etatik 14:00etara eta baita ostiral eta larunbat arratsaldetan, 16.00etatik 18.00etara ere. Alazne Txurruka, alkatea, Leire Barriuso eta Asier Hilario Geoparkeko ordezkariak eta Luis Miguel Agirrezabala UPV/EHU ikerlaria egon dira bertan, septariak utzi dituzten herritar talde batekin batera.

Bi proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak babestu ditu, ondare geologiko higigarria kontserbatu eta balioan ipintzeko helburuarekin. Septariak, Euskadiko Geologia Interesguneen (GIG) artean inbentariatuta daude eta Geoparkean garatu diren bi proiektu hauek Geodibertsitateko estrategiarekin bat egiten dute.

Epe ertainera erakusketa finko bat sortzea da helburua. Ikerketatik hasi, hezkuntza eta dibulgaziorako baliabide bilakatu arte, azken finean Geoparkearen eskaintza geoturistiko iraunkorraren osagarri.

Septarien erakusketa irekiera Debako turismo bulegoan