2020-11-12
Ornithok Parke eta Lorategietako Hegaztien Neguko Zentsua antolatu du eta ekimena Geoparkera ekarri dugu, Deba, Mutriku eta Zumaian parke eta lorategi sare zabala daukagu eta.
Neguko hegaztien zentsuak egiteak duen balioaz jabetuta, Ornitho.eus plataformak Parke eta Lorategietako Hegaztien I. Neguko Zentsua antolatu du. Euskal Kostaldeko Geoparkeak ekimen honekin bat egin du eta Deban, Mutrikun eta Zumaian hainbat parke eta lorategi aukeratu ditu zentsatzeko.
Zentsuak urteko azken larunbatean egingo dira, abenduaren 26an, larunbata. Interesa baduzu, bidal iezaguzu mezu elektroniko bat ingurumena@geoparkea.com helbidera, eta zurekin harremanetan jarriko gara nola parte har dezakezun adierazteko.
Zentzuen inguruan ezagutzarik ez baduzu baina ekimena interesatzen bazaizu, Geoparkeak lehen datuak biltzeko beharrezko formakuntza emango du lehenago. Parte hartzea oso erraza da, eta ekimena egiteko denbora asko falta bada ere, orain da laguntzaile-sarea sortzeko momentua, eta formakuntza emateko garai egokiena.
Hegaztien neguko zentsuak oso baliagarriak dira ugalketa ez den aldian hegazti-populazioei buruzko hainbat parametro ezagutzeko, aldaketak banaketa geografikoan edo hauen ugaritasunean, adibidez. Epe luzera, klima-aldaketak hegaztiengan duen eragina zehaztea ahalbidetzen dute, besteak beste. Tradizioz, neguko zentsuak eskandinaviar herrialdeetan egin ohi dira, hegazti jantokiak jartzeko kultura oso sendotua baitago.
Euskadin, pixkanaka-pixkanaka, hegaztien behaketak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta, ondorioz, gero eta gehiago dira zaletasun horretaz gozatzen duten pertsonak. Dena den, jantokiak jartzea eta horien jarraipena egitea ez dago oso zabaldua oraindik gure lurraldean. Neurri handi batean, gure lurraldea antolatzeko moduagatik ere izan daiteke hori. Izan ere, biztanle gehienak eraikin-blokeetako pisuetan bizi dira, eta, horrela, jantokiak jartzeko aukerak oso txikiak dira.
Hortaz, Geoparkeko udalherrietan ekimena bultzatu nahi dugu, anima zaitez!