Marrazki lehiaketako sari banaketa eta doako ibilaldi gidatuak, Geoparkearen Astearen baitan

2018-06-01

Gaur arratsaldean, Debako plazan, “Historiaurreko gizakia Geoparkean” marrazki lehiaketako sari banaketa egingo da. Guztira, 770 marrazki jaso dira.

Egunotan Geoparkeen Europako 8. Astean murgilduta daude Deban, Mutrikun eta Zumaian, Geoparkea ezagutzera eman eta herritarrengan ondarearen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin. Asteburuari begira, hainbat ekitaldi antolatu dira.

Gaur, ekainak 1, 18:00etan, Debako plazan, Geoparkeak antolatutako marrazki lehiaketaren sari banaketa egingo da. “Historiaurreko gizakia Geoparkean” goiburupean, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleei zuzendu zaie lehiaketa, 6 eta 12 urte bitartekoei. Marrazki mordoa jaso dira; guztira, 770 lan.

Hiru kategoria ezarri dira, ziklo bakoitzeko bat, eta kategoria bakoitzean lanik onenek diploma eta oparia jasoko dute. Horrez gainera, marrazki guztien artean onenak sari nagusia eskuratuko du: irabazlearentzat eta bere familiarentzat (gurasoak eta anai-arrebak) Atapuercako aztarnategira eta Burgosko Giza Eboluzioaren Museora bisita (museoan tailer bat egiteko aukerarekin) eta gau baterako ostatua.

Sari banaketaren ostean, “Ekain abentura” tailerra egingo da Debako plazan haur eta gaztetxoentzat, Ekainberriren eskutik.   

Doako bisita gidatuak

Geoparkearen Asteak doako bisita gidatuak ere eskainiko ditu. Bihar, larunbata, Alex Turrillas debarrak “La otra historia de Sasiola” bisita gidatua eskainiko du. Hitzordua 10:00etan izango da, debako elizan. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Egun berean, arratsaldez, Mutrikun, Geoparkeak “Nautilus, flyscheko fosilak” bisita gidatua egingo du (euskaraz); eta igandean, hilak 3, Debako Santa Maria eliza ikusgarria ezagutzeko aukera egongo da, “Gotikoaren altxorra, Deban” bisita gidatua eskainiko baita, doan. Bi irteera hauetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, taldeak mugatuak baitira. 

Interesa dutenek erreserba egin dezakete webgunearen bitartez, doan, #GPKastea promozio-kodea erabilita.   

Gainera, gogoratu, FacebookInstagram eta Twitter sare sozialen bitartez (@geoparkea), Geoparkeak lehiaketa du abian. Parte hartzen dutenen eta galdera bati zuzen erantzuten diotenen artean, #geoparkea traola erabiliz, bisita gidatuak zozkatuko dira.    

Marrazki lehiaketako sari banaketa eta doako ibilaldi gidatuak, Geoparkearen Astearen baitan