Geoparkeko Bira osatzen jarraituko dugu egun horretan, izan ere, aurreko bi urtetan Geoparkeen Astearen baitan ibilbide honen bi etapa egin dira. Geoparkea osorik zeharkatzen duen 54 kilometroz osatutako oinezko ibilbide zirkularra da Bira. Aurtengo Europako Geoparkeen Astearen baitan Biraren hirugarren eta azken etapa egingo dugu oinez: Zumaia eta Mutriku artekoa. Taldean joango garen arren, ibilbidea autogidatua izango da.
Goizeko 09:30ean Zumaiatik abiatuko gara, turismo bulego aurretik. Etapak 17,7 km ditu eta +-1080 m desnibela. Behin etapa amaituta, parte-hartzaileek Mutrikutik Zumaiara itsasontziz itzultzeko aukera izango dute, 18:30ean, DOAN. Aukera hau baliatu nahi ez dutenek, garraio publikoarekin bueltatzeko aukera izango dute. Txangoan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da labur.eus/bira2026 loturan edo telefonoz Zumaiako turismo bulegoan (943 14 33 96).
Mutrikuko Nautilus Museoan “Flyscha haurrekin” familientzako tailerra egingo da, 10:00etan hasita eta euskaraz. Tailerra bukatuta, flysch beltzaren itsaslabarrak ezagutzera joango dira partehartzaileak. Mutrikuko portuan itsasontzia hartu eta Saturrarango hondartzara arteko paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Jarduera hau haurrei zuzendua dago baina bereziki prestatu da 6-10 urte bitarteko umeentzat. Bi ordu eta erdiko iraupena izango du eta gehienez 25 lagunek parte hartu dezakete.
Ekimena doakoa da eta aurrez izena eman beharra dago labur.eus/haurrak loturan, #haurrak kodea erabilita.
‘Surfa eta Zientzia’ erakusketa zabalduko da, Oxford aretoan, 18:00etan. Ekitaldian, Euskalmeteko (Euskal Metereologia Agentzia) iragarpen arduraduna den Joseba Egaña olatuengan metereologiaren eraginaz ariko da solasean.
Erakusketa maiatzaren 26tik maiatzaren 31 arte egongo da ikusgai, ohiko ordutegian.
Aita Mari aretoak berriz hartuko du EGNWeek ekimenaren hitzordurik garrantzitsuenetakoa: Geotalks. Aurtengo gonbidatua Ozeanografia fisikoan doktorea den Tony Butt surflaria da. Geoparkeko zuzendari zientifikoarekin, Asier Hilariorekin, solasaldian ariko da surfaren inguruko ikus-entzunezko batez lagunduta. Ekimena 19:00etan hasiko da eta sarrera librea izango du.
Ostiral arratsaldez, 19:00etan hasita, Debako hondartzan hitzaldi batek abiatuko du Astearen bigarren asteburua. Eduardo Ogandok (EHUko fisikaria), eta Ibon Oregik (surf egokituko munduko txapelduordea), surfa eta orekaren arteko harremanaz hitz egingo dute ‘Orekariak’ izeneko solasaldian, bakoitzak bere arlotik.
Europako Geoparkeen Astea bukatzeko, maiatzaren 30ean, larunbat goizean, Biotop irteeraz gozatzeko aukera izango da. Intsektuen safaria: begirada desberdin bat izenburua du landa irteerak eta gazteleraz izango da. Gure baso eta landetako intsektuak ezagutzeko topaketa Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek gidatuko dute. Bertako ekosistemetan bizi diren intsektu motak ezagutuko ditugu, horiek sailkatzen ikasiko dugu eta, are garrantzitsuagoa, biodibertsitatea mantentzeko eta gizakiaren biziraupenerako funtsezkoak zergatik diren ikusiko dugu.
Edonork parte hartu dezake, ibilbideak ez baitu aparteko zailtasunik. Oinetako egokiak, ura eta, nahi izanez gero, jateko zerbait eramatea gomendatzen da. Goiz osoko irteera hau Errotaberriko atsedenlekutik (Deba) abiatuko da, 10:00etan, eta paraje ederretan zehar ibiliko da lau ordu inguruz.
Bisitan parte hartzeko aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da labur.eus/insectos2026 loturan edo telefonoz Debako turismo bulegoan (943 19 24 52).
Idaztea maite dutenek aurten ere izango dute euren sormena erakusteko aukera,
III. Mikroipuin Lehiaketa antolatu baitu Geoparkeak. X (Twitter) sare sozialean argitaratu ahal izateko kontakizun laburrak aurkeztu beharko dira literatur lehiaketa honetara. Geoparkeko olatuak, badatoz eta badoaz, gaia hartuta, gehienez 250 karaktere (hutsuneak kontuan hartuta) izango dituzten lanak lehiatuko dira, edozein literatura-generotakoak. 16 urtetik gorako edonork parte har dezake eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanak euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Maiatzaren 22tik maiatzak 31 arte (biak barne) aurkeztu beharko dira lanak. Geoparkeak narraziorik onena sarituko du.
Lehiaketaren oinarriak kontsultatzeko eta izena emateko, labur.eus/mikroipuina2026 loturara eta Geoparkearen X kontura (@geoparkea) jo daiteke.
2026ko Europako Geoparkeen Astean zehar, Euskal Kostaldeko Geoparkeak etengabeko jarraipena egingo du sare sozialen bidez. Astearen baitan antolatu diren ekimen hauen guztien berri izango duzu une oro Facebooken, Twitterren eta Instagramen. Zure partehartzea ezinbestekoa da: etorri eta hartu olatua!