2020-10-16
"Itsas Ondarearen Jaialdia" antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere hamargarren urteurrena ospatzeko. Zumaian eta Mutrikun egin dira dagoeneko lehen bi jardunaldiak, eta hirugarrena bihar, larunbatean, hilaren 17an, egingo da Deban, Anes Arrinda pasealekuan.
Euskal Kostaldeko Geoparkea sortu zela hamar urte bete diren honetan “Itsas ondarearen jaialdia: Hiru Anai batela, mende bateko historia zuzenean” ekitaldia antolatu da. Urriaren 4an izan zen lehen jardunaldia Zumaian, eta astebete geroago, hilaren 10ean, Mutrikun egin zen. Orain, larunbat honetan, Debako Anes Arrinda pasealekuak hartuko du jaialdiko hirugarren eguna.
Goizeko 11:30etan emango dio irekiera ekitaldiari Kalen Kantuz taldeak. Bestalde, Zumaian eta Mutrikun egin bezala, Beduolako Elkarteko kideak Hiru Anai ontziaren berreskuratze lanetan arituko dira ekitaldiak irauten duen bitartean. Gainera, garai hartako arotzek erabiltzen zituzten lanabes eta erreminten eta itsasoari lotutako materialaren erakusketa antolatu da.
Horretaz gain, Santa Maria Elizara bisita gidatuak antolatu dira eta marinel-korapiloak egiteko tailerrak ere izango dira goiz partean. Arratsaldean, berriz, ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera izango da.
Bisita gidatua egiteko hemen hartu behar dira sarrerak, eta tailerrean parte hartzeko, Debako Turismo Bulegoan (Ifar kalea, 4; 943-192 452). Batelean nabigazioa egin nahi duenak erakusketan eman beharko du izena egunean bertan.