Inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren larunbatean Deban

2020-08-21

Euskal Kostaldeko Geoparkeak haurrei zuzendutako inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Deban.

Nork utzi du oinatz hori? izenburua duen tailerrak, Debako Kultur Elkarteko eraikinaren plazatxoan egingo da, larunbatean, abuztuaren 29an, goizeko 11:00etan. Jarduera euskaraz egingo da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.

Gautarrak direlako, gizakia susmatu orduko ezkutalekua bilatzen dutelako, edo ingurunean kamuflatzen direlako, inguruan ditugun animalia basatiak ikustea ez da erraza izaten. Hortaz, hor daudela ziurtatzeko modu bakarra, sarritan, euren joan etorrietan uzten dituzten arrastoak bilatzea da. Besteak beste, gorotzak, ileak, egagropilak eta lurrean utzitako oinatzak dira mendian animaliek uzten dizkiguten pistak.

Tailerra 8-12 urte arteko umeei zuzenduta dago eta doakoa da, plazak mugatuak dira eta izen emate bakoitzeko, hiru ume onartuko dira gehienez.

Osasun egoerak hala beharturik, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko beharrezko protokolo eta neurri guztiak aplikatuko dira.

Izena ematea labur.eus/oinatzakdeba helbidean egin daiteke, edo Debako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 192 452 telefonora deituz (Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10.00-14.00 / 16.00-19.00)

Jardunaldian parte-hartuko duten ume guztiek oroigarri polit bat eramango dute etxera.

Zatoz gurekin!

Inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren larunbatean Deban