Idiazabalgo Gazta Egunean garaile suertatu den Mutrikuko Goienetxe baserriko gazta dastatzeko aukera eskainiko du igandean Geoparkeak

2014-05-08

Asteburuko eskaintzaren barruan, proposamen berria estreinatuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak igandean, “Karsteko zaporeak” izenburupean. Bisitariek Mutrikuko Goienetxe baserria ezagutu eta bertako gazta dastatzeko aukera izango dute. Gogora ekarri behar da, aurtengo Idiazabalgo Gazta Egunean Goienetxekoa izan dela onena.

Idiazabalgo Gazta Egunaren XVII. Azokan Mutrikuko Goienetxe baserriko gaztak irabazi du gazta onenaren saria eta igande honetan, maiatzaren 11an, Euskal Kostaldeko Geoparkeak gaztandegia ezagutzeko eta bertako gazta preziatua dastatzeko aukera eskainiko du estrainekoz.

Hain zuzen, ‘Karsteko zaporeak’ izeneko proposamena aurtengo denboraldiko berrikuntzetako bat da, bisitarien joan-etorria kostaldetik barnealdera eramateko ahaleginari erantzunez. Bisitariek Olatzeko bailara ezkutua ezagutuko dute, Mutrikun. Uraren higadurak sortu duen bailara da, kareharrizko piramide handien artean. Ibilbidean Goienetxe baserria ezagutzeko aukera izango dute. Artaldea ikusi, gazta egiten ikasi eta, bisita borobiltzeko, gazta dastatzeko aukera izango dute bisitariek. 

Bisita honetan parte hartu nahi dutenek igandean, maiatzaren 11an, izango dute lehen aukera, goizeko 10:00etan. Hortik aurrera, eta azarora bitarte, hilero hainbat aldiz eskainiko da. Interesa dutenek urte osoko egutegia kontsultatu dezakete www.geoparkea.com atarian. Taldeak mugatuak direnez, ezinbestekoa da aurrez izena ematea. 

Bisita gidatu honi buruzko informazio gehiago edota Geoparkearen asteburuko eskaintza osoa www.geoparkea.com webgunean eskura daiteke. Halaber, webgunean bertan egin daiteke erreserba, modu erraz eta erosoan, baita Mutriku, Deba edota Zumaiako Turismo Bulegoetan ere

None
Idiazabalgo Gazta Egunean garaile suertatu den Mutrikuko Goienetxe baserriko gazta dastatzeko aukera eskainiko du igandean Geoparkeak