Deba, Mutriku eta Zumaiako hirigune barruko zuhaitz bereziak ezagutzeko ibilbide birtualak sortu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak

2020-05-28

Europako Geoparkeen Astearen baitan, Deba, Mutriku eta Zumaiako hirigune barruko zuhaitz bereziak ezagutzeko ibilbide birtualak sortu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak. 

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru herrietan, Deba, Mutriku eta Zumaian, hirigune barruko zuhaitzak ezagutzeko norberak bere kabuz egin ahal izateko ibilbide birtualak diseinatu ditu Geoparkeak. Ibilbide hauek herri barruko biodibertsitatea ezagutzea dute helburu eta 3 bat kilometrokoak dira, euskaraz daude eta familian, lagun artean edo bakarka egiteko daude diseinatuta.

Bisita, mapa baten bitartez egingo da eta bertan dago markatuta zuhaitz bereziak non dauden kokatuta. Zuhaitz bakoitzak bere informazio-fitxa dauka, testua, irudia eta audio batez osatuta. Ibilbideak egiteko mapak deskargatu daitezke, edota Google Maps izeneko aplikazioan ireki.   

Herri bakoitzean proposatzen den paseo bakoitzak hiru herrietako Turismo Bulegoetan dute hasiera eta 10 bat zuhaitz ezagutzeko aukera ematen du. Guztira 28 zuhaitz identifikatzeko aukera edukiko duzu, 23 espezietakoak, besteak beste, lizarra, magnolia, artelatza, hagina, makal beltza edota sekuoia luzea.

Zuhaitzak kale arteko arnasguneak dira eta beste izaki bizidun askorentzat aterpe. Herri barruan, lorategi publiko zein pribatuetan, egunero ikusten ditugun zuhaitza asko daude, batzuk munduko beste hainbat tokietatik ekarritakoak eta beste batzuk, aldiz, tamaina edo eite ikusgarria dutenak. Istorio eta kondairekin lotutakorik ere badago. Ezagutu itzazu guztiak!

Debako Ibilbidea

Mutrikuko ibilbidea

Zumaiako ibilbidea

Deba, Mutriku eta Zumaiako hirigune barruko zuhaitz bereziak ezagutzeko ibilbide birtualak sortu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak