2022-10-19
Urriaren 7an, ostirala, Itziar-Debako Iturrietamendi inguruan, bertako zuhaitzen haziak bildu dituzte Itziarko Eskolako Lehen Hezkuntzako haurrek. Ekimena azken urteotan Itziarko Eskolak, Lizarbe Guraso Elkarteak, Itziarko Auzo Udalak, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak izan duten lankidetzaren beste urrats bat da.
2014 urteaz geroztik, Itziarko Eskolak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Itziarko Auzo Udalak bultzatuta, Galarreta eta Arantzamendiren inguruetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Biotopoan dituen mendi publikoetan hainbat zuhaitz landaketa egin da. 2018. urtetik aurrera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere ekimenarekin bat egin du.
Iniziatiba horri esker, herriko 0,9 hektarea inguru basoberritu dira eta ehunka zuhaitz landatu dira. Elkarlanean aurrera eramandako ekintza horrek helburu bikoitza du: batetik, landa eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea eta, bestetik, jendartea ingurumenaren balioez heztea, bereziki umeen eta gaztetxoen parte-hartzea sustatuz.
Orain, nolabait zirkulua ixteko, zuhaitzak landatzeaz gain, Itziar inguruko mendietan haziak jaso, eskolan hezi eta landare txikiak berriro mendira bueltan eramatea da “Hazitik hezi” egitasmoaren proposamena. Izan ere, Iturrietamendi inguruko mendietan egoera exkaxean dauden zuhaitz espezie batzuk daude, eta biodibertsitatea mantentzearren, espezie haiekin lana egitea oso interesgarria da. Kontuan hartu behar da, halaber, gure ingurura ondo egokitutako barietateak direla.
Hala, bi izan dira aukeratutako zuhaitz eta zuhaizka espezieak: ipar ipurua eta ametz ilaunduna; biek ala biek, Itziarko Iturrietamendi parajean ale gutxi batzuk mantendu dutenak.
Orre, orhe, otaipuko, hagintze, likabra, epuru, ozkar, larraon... eskualdeka euskaraz izen askoko zuhaizka da, hainbat terrenotan bizitzeko gai dena; itsas mailatik hasita 2.000 metroko garaierara arte. Euskal Herriko Mediterraneoko isurialdean oso arrunta den zuhaizka, toki gutxietan baino ez da kostaldetik hurbil aurkitzen.
Hibridatzeko gaitasun handia duen ametz mota bat da, eta zaila da nahasketarik gabeko aleak aurkitzea. Halakoak dira, baita ere, Iturrietamendi inguruan ikus daitezkeen ale bakanak. Haritz ilaunduna ere esaten zaio, adartxoak eta hostoak iletsuak direlako.
Ekintza hau “Hazitik hezi” egitasmoren lehen urratsak dira eta haren asmoa inguruko haziak bildu eta eskolako baratzean aurrera ateratzean datza. Urte batzuen barru, landareek 30-40 cm dituztenean, Itziarren bertan hezitako zuhaitz-landareak Aldundiaren mendi publikoetan landatuko lirateke berriro ere, espezie hauek duten hedapena zabaltzen lagunduz..
Horrela, urte batzuen buruan Lehen Hezkuntzako ikasleek landaketaren ziklo osoa beteko lukete: mendian haziak bildu, baratzean erein, eta, ohiko zuhaitz landaketa egiten denean, aurreko urteetan hezitako landare-zuhaitzak berriro ere mendian aldatuko lituzkete.