GNat Zinemaren programako bi film proiektatuko dira Geoparkean

2022-05-10

Mutrikun eta Zumaian egingo dira emanaldiak GNAT Zinemaren barruan: maiatzaren 12an “La vida secreta de los árboles” Zabiel Kultur Etxean eta maiatzaren 19an “Urak aske” Zumaiako Aita Mari Antzokian.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren II. Erakustaldia antolatu du maiatzaren 10etik 20ra bitartean Gipuzkoako bederatzi udalerritan. Geoparkean, konkretuki, bi emanaldi egingo dira, bat Mutrikun eta bestea, Zumaian.

Zinema erakusketa honen helburua da gertuen dagoen naturarekiko harremana bultzatzea, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz.

II. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren -Gnat Zinema 2022- saioetako  sarrerak doakoak dira edukiera bete arte. Iaz Gnat Zinemaren egoitza izan ziren Gipuzkoako zortzi udalerriei (Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia) aurten Zumarragako udalerria gehitu zaie.

Herri horietan naturarekin lotutako 10 film proiektatuko dira: Mama, Salvajes, Animal, Panteras, Lo que el Pulpo me Enseñó, The Magnitude of All Things, De Quijotes y Semillas, Journey to Utopia, Urak aske, eta La Vida Secreta de los Árboles.

MUTRIKUKO PROIEKZIOA

Maiatzaren 12an, osteguna, arratsaldeko 19etan “La vida secreta de los árboles” proiektatuko da Zabiel Kultur Elkartean. Jörg Adolph zuzendariaren filma da eta Peter Wohlleben-en best-sellerrean dago oinarrituta.

Trailerra ikusgai hemen.

Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. 


Laburpena:

Peter Wohlleben basozainak «Zuhaitzen bizitza sekretua» liburua argitaratu zuen 2015ean, eta salmenta arrakasta itzela lortu zuen izan ere, ordura arte inork ez zuen horrela idatzi Alemaniako basoen inguruan. Wohllebenek modu entretenigarri eta argigarrian hitz egiten du zuhaitzen elkartasunari eta kohesioari buruz, eta basoan barrena egindako bisitaldietan, bertan bizi diren izaki bizidun harrigarri horietara hurbiltzen du ikuslea. Wohlleben Suediara joaten da munduko zuhaitzik zaharrena ikustera; Vancouverren negozioak bisitatzen ditu basoak tratatzeko ikuspegi berrien bila; manifestarien alde jartzen da Hambacher Forsten. Badaki gizakiok basoak osasuntsu badaude bakarrik biziraun dezakegula, eta gure azken aukeraren aurrean gaude...

ZUMAIAKO PROIEKZIOA

Bestalde, maiatzaren 19an, osteguna, 19etan Zumaiako Aita Mari antzokian “Urak aske” filma proiektatuko da eta Miren Atristain egongo da aurkezpenean, EHUko Erreken Ekologia taldeko ikerlaria.

Trailerra ikusgai hemen.

Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. 


Laburpena:

Biltegi batetik bi milioi metro kubiko ur drainatzea, desagertzeko arriskuan dagoen animalia txiki bat babesteko. Helburu hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hau, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finka batean. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat dago bertan.

Aldi berean, Normandian Vezins presa ezabatu da. Hura kentzeko arrazoia Sélune ibaia izokinera zabaltzea izan zen, izan ere, ibaietan geratzen diren hormek hesi bat jartzen diote biodibertsitateari, eta hura eraistean, bizigarriagoa den Planeta eraikitzeko aurrera pausoak ematen dira. 

 

GNat Zinemaren programako bi film proiektatuko dira Geoparkean