2014-12-17
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta "la Caixa" finantza erakundeak hitzarmen berri bat sinatu dute eta honi esker datorren urtean naturguneak berreskuratzeko eta hobetzeko lau egitasmo berri abiaraziko dira. Finantza erakundeak 50.000 euro jarriko ditu proiektuak egiteko, eta horrek lagunduko du bazterketa arriskuan dauden 15 pertsona laneratzen.
2015ean martxan jarriko diren egitasmoen artean, Flysch ertzeraino iristen diren hondakin artifizialak bildu eta aterako dira. Itsasora isuritako plastikoen eta beste hondakin batzuen kopuru eskergak oso arazo larriak sortzen dizkio itsas komunitate biologikoari. Kentzen dira gehienak hondartzetatik, baina labarretara iristen direnak ateratzea ia ezinezkoa izaten da, halako tokietara iristea ezinezkoa delako. Ingurumeneko arazo horrek inpaktu berezia du balio ekologiko handiko tokietan, hala nola Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko biotopo babestuan.
Proiektu horrekin, bada, hondakinak bildu, eta marearteko zabalgunean utziko dira, zakuetan. Geroago, zabortegi baimendura eramango dira.