2017-05-17
Maiatzaren 19tik ekainaren 4ra egingo da zazpigarren aldiz Europako Geoparkeen Astea; Europan dauden geoparke guztiek parte hartuko dute egitasmo honetan herritarrentzat ekitaldi ugari eskainiz, tokian tokiko ondarea ezagutarazi eta babesteko mezua helaraziz.
Ostiralean, hilak 19, emango dio hasiera Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak Europako Geoparkeen Asteari. Zazpigarren edizioa beteko du aurten Deban, Mutrikun eta Zumaian. Ekimen hau Europan egun dauden 69 geoparkeetan egingo da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin.
Aurtengo egitaraua aurkezteko agerraldia egin dute gaur Zumaian hiru udalerrietako alkateek, Oier Korta Zumaiako alkateak, Pedro Bengoetxea Debako alkateak eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Haiekin batera egon dira Zumaiako Turismo teknikaria, Esti Irureta, eta Geoparkeko arduraduna, Leire Barriuso. Egitarauaren berri eman du Barriusok luze eta zabal eta herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatu die. Halaber, agerraldian parte hartu du Zumaiako GKN Driveline enpresako gerenteak, Txomin Oronozek, kostaldeko garbiketan beraien partaidetzari buruzko zehaztasunak emateko.
Geo-Talks, Donostian
Lehen ekitaldia Donostian egingo da ostiralean, hilak 19, Olatu Talka Jaialdiaren baitan, UrbanZientziaren egitarauaren barruan. Geo-Talks izenburupean, zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo duten ikuskizuna izango da. Hitzaldi zientifiko laburrak, musika, antzerkia, bertsoak eta marrazkia uztartuko dira. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Donostiako Katalunia Plazan jarriko duten karpan.
Europako Geoparkeen Asteko gainerako ekitaldiak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. Hitzaldiak, doako bisita gidatuak, irteera geologikoak, marrazki lehiaketa eta Deba eta Zumaia arteko itsaslabarrak garbitzeko auzolana antolatu ditu Geoparkeak. Geoparkeen Asteko egitaraua ekainaren 4ra arte luzatuko da.
Kostaldearen garbiketa, maiatzaren 27an
Deba eta Zumaia arteko itsaslabarretan egingo den garbiketa aurtengo ekitaldirik nabarmenena da. Herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea du helburu ekimenak.
Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa datorren maiatzaren 27an egingo da, larunbatez, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar, Deba). Euskal Kostaldeko Geoparkeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumaiako GKN enpresaren eta Surfrider Foundation Europe elkarteko kideen laguntza izango du. Halaber, Eusko Jaurlaritzako "Aztertu" ingurumen heziketarako programak ere bat egin du ekimenarekin.
Geoparkeak deialdia egin nahi die Debako, Mutrikuko eta Zumaiako zein inguruko herritarrei gure ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintza honetan parte har dezaten (gutxieneko adina, 14 urte).
Goizeko 8:30ean autobusak aterako dira Debatik eta Zumaiatik, boluntarioak Elorriagaraino eramateko, bertatik jaitsiko baitira labarretara. Deban, Alamedatik aterako da autobusa eta Zumaian, GKN enpresatik.
Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute. Edukiera handiko zabor poltsak beteko dituzte eta, ondoren, helikoptero batek eramango ditu zakuak Elorriagan kokatuko den gunera.
Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrez, webgunearen bitartez edota geoparkea@geoparkea.com epostara idatziz, honako datu hauek adieraziz: izen-abizenak, NAN zenbakia, jaiotze-data, eposta eta telefonoa (datu pertsonalak segurua egiteko erabiliko dira).
Ekitaldi ugari, publiko zabalari begira
Maiatzaren 30ean eta 31an eta ekainaren 1ean hitzaldiak egingo dira Mutrikun. Lehendabizikoa, “Mutrikuko ammonite erraldoiak” izenburupean, EHUko ikerlari Mikel Lopez-Horguek eta Luis Miguel Agirrezabalak eskainiko dute. Nautilus Interpretazio Zentroan izango da, 19:00etan.
Maiatzaren 31an Xabier Peñalver arkeologoak “Praileaitz” hitzaldia emango du, eta ekainaren 1ean Leire Arrieta historiagileak “Erbesteko lehen Eusko Jaurlaritza” izango du mintzagai. Bi hitzordu hauek Zabielen izango dira, 19:00etan.
Haur eta gazteen artean ingurumenarekiko errespetua sustatzeko ekintzak ere izango dira. Batetik, ekainaren 2an, “Labarretako izakiak” marrazki lehiaketaren sari-banaketa egingo da. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleei zuzendu zaie lehiaketa, 6 eta 12 urte bitartekoei, gure kostaldeko itsaslabarretan eta arroketan bizi diren eta bertara egokitu diren izaki bizidunak ezagutu eta haienganako sentsibilizazioa sustatzeko helburuarekin. Sarien banaketa Debako turismo bulegoan egingo da, 17:30ean. Bestetik, ekainaren 3an, 11:00etan, Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak argazki rallya antolatu du 10 eta 16 urte arteko gazteentzat.
Geoparkeen Asteak bisita eta ibilbide gidatuak ere eskainiko ditu geurean. Maiatzaren 28an, igandez, 10:30ean, “Lastur familian” proposamena eskainiko da, haurrei eta familiei zuzenduta. Ekainaren 3an, larunbatez, irteera geologikoa egingo da Zumaian. Txango honek emango dio amaiera “Flysch & Go” proiektuari, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Euskal Itsasbazterreko IEZI elkarteak azken hilabeteetan aurrera eraman dutena, herritarren artean, bereziki gazteen artean, geologiaren ezagutza bultzatzeko.
Egitaraua osatzeko, ekainaren 4an, igandez, Olatzeko Geo-ibilbidea inauguratuko da, Mutrikun. Ibilbidea gidatua izango da, EHUko eta Geoparkeko kideen eskutik, eta herritarrek parte hartu ahal izango dute. Ibilbideak Olatzeko haran harrigarria ezagutzeko gonbitea egiteaz gainera, bertako bitxikeriak deskubritzeko aukera ematen digu, piramide forma duten mendiak, artadi handiak, Jentiletxetako leizeak, haran honetako herrixkak eta baserrietako ohiturak ere.
Hamabost egun hauetan, halaber, argazki lehiaketa egingo da sare sozialetan, hurrengo gaiarekin: “Zer da zuretzat Geoparkea?”. Maiatzaren 19tik ekainaren 4ra, biak barne, Twiterren eta Instagramen argazkiak partekatzen dituztenek, #Geoparkea traola erabiliz, sariak irabazteko aukera izango dute.
Geoparkeak 8.000 triptiko baino gehiago banatu ditu Geoparkeko etxe guztietan (Deban, Mutrikun eta Zumaian) Europako Geoparkeen Astearen berri emanez, eta herritarrak parte hartzera gonbidatuz. Informazio gehiago geoparkea.com atarian eta hiru turimo bulegoetan.
Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren bilera
Europako Geoparkeen Astearekin batera, ostiralean, hilak 19, 11:30ean, Debako Agirre Jauregian, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren Lehen Topaketa egingo da. Jakintza-arlo desberdinetan diharduten mundu osoko 29 adituk osatzen dute Batzorde Zientifikoa, Stanley Finney geologo ezaguna buru dutela, Kaliforniako Unibertsitateko irakasle eta IUGSeko Idazkari Nagusia (Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna).
Batzorde Zientifikoa funtsezko bitartekoa da Geoparkeari eduki sendoa eta balio erantsia emateko, baita interpretazio-diskurtso osoa eta erakargarria sortzeko ere.